Txerra Bolinaga. RIP taldeko bateria jole ohia

«Gaur egun ere mila arrazoi daude punka izateko eta kontra egiteko»

RIP talde arrasatearraren sortzaileetako bat izan zen Bolinaga. Berrogei urte baino gehiago igaro dira ordutik, eta ez du iraganean iltzatuta geratu nahi. Oraina bizi nahi du, eta punk erritmo azkarrak jotzen jarraitzen du beste lau taldetan.

BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2023ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Punka uzterik ez dago. 60 urterekin oraindik zainetan darama Txerra Bolinaga (Arrasate, Gipuzkoa, 1962) bateria joleak. Euskal Herriko lehenengotariko punk taldearen sortzaileetako bat izan zen Bolinaga: RIP sortu zuen, 1981ean, eta bizirik jarraitzen du taldeak. Gaztaro frenetikoa bizi izan zuen RIPen: kontzertuak, festa, protestak, drogak... Taldeak heriotzari kantatzen zion, zapaltzen zituen estatuari, torturatzen zuten poliziei... Erritmo azkar eta kantu-hitz zuzenei fidel, beste barik, bizi, ikusi eta sentitzen zutena islatzen zuten abestiek. Baina hori baino askoz gehiago izan da Bolinaga. 1994an Gasteizera joan zen bizitzera, drogarekiko zuen dependentzia uzteko. Hain du atsegin Gasteiz, gaur egun ere bertan bizi da.

Urte askoan musika alde batera utzi arren, orain hiru musika taldetan jotzen du Bolinagak. Hain justu, bilera izan du Konpost taldekoekin. Ondoren, irribarretsu sartu da Hala Bedi tabernara, eta naturaltasunez errepasatu ditu haren bizitzako argi-ilunak.

Punka hil al da?

Ez dut uste; nire ustez, ez da hil. Talde oso indartsuak daude oraindik. Nire belaunaldiko jendeak osatutako taldeek jarraitzeaz gain, gazteek ere zirkuitu alternatiboa dute. Punk jarrera mantentzen da.

Berrasmatu da orduan?

Agian ez da lehen zena, baina oraindik badago punka egiten ari den jendea. Gazte askok beste adierazpide eta musika estilo batzuk aukeratu dituzte agian, baina amorrua adierazten jarraitzen dute. Musika estilo bat baino gehiago da punka, inposatutakotik ateratzeko modu bat. Hori ez da aldatuko.

Zure haurtzaroko eta nerabezaroko bizipenek zerbaitetan eragin zuten punka izateko eta RIP sortzeko orduan?

Bai, noski. Gure kasuan musika doinu berriek zirrara eragin ziguten. Bai Jul nire anaiari, bai niri, umetatik gustatu izan zaigu musika. Beraz, Sex Pistols, The Clash... lehen aldiz entzun genituenean, izugarri hunkitu gintuzten. Orduan jakin genuen: guk ere musika talde bat osatu nahi genuen.

Umetan tronpa eta tronboia jotzen ikasi zenuten, gainera.

Musika arnasten zen gure etxean. Umetatik apuntatu gintuzten solfeora, eta herriko orkestran aritu ginen ondoren. Aita abeslaria zen, eta abesbatza batean abesten zuen; amak, berriz, pianoa jotzen zuen. Nire etxean beti egon zen oso presente musika, eta gaur egun ere hala mantentzen da nire bizitzan.

Bat-batean, melodia klasikoetatik punka egitera pasatu zinen.

Argi neukan bateria jo nahi nuela, betidanik maite bainituen danborrak. Nire anaia Jul-ek ere argi zeukan gitarra jo nahi zuela, beraz, erraza izan zen instrumentua aukeratzea.

Nola gogoratzen dituzu RIPen lehen urte horiek?

Hutsune mental asko ditut, eta ez ditut nahi bezain ongi gogoratzen. Hori bai, dena oso frenetikoa zen, ez ginen gelditzen: parranda asko, musika asko, droga asko... Egia da Arrasaten ez zeudela hainbeste taberna, baina mugimendu handia zegoen. Beste tokiren batean jotzen genuen bakoitzean gure lagunek kontzertu guztietara laguntzen gintuzten. Batzuek auto-stop egiten zuten; beste batzuk autobusez etortzen ziren, baita autoz ere. Euskal Herritik kanpo joaten ginenean, agian ez zen hainbeste jende etortzen, baina, zorionez, etxe inguruan eman genituen kontzertu gehienak. Lau pertsona baino gehiago ginen RIP: kolektibo bat ginela ematen zuen.

Hasieran, Doble Cero zuen izena taldeak. Noiz erabaki zenuten RIP deitzea?

Aramaioko [Araba] jaietan aldatu genuen izena, eliza pareko eskaileretan. Oraindik Mallabi abeslari zegoenean izan zen hori. Hark egindakoa ere aitortu behar da,taldearen hastapenen parte izan baitzen.

Beste taldekideon intsumisioari esker jarraitu zuen taldeak, eta orduan hasi zen Karlos Mahoma abesten.

Mallabi soldaduskara joan zen, baina beste guztiok intsumisoak izan ginen. Orduan Karlos sartu zen abestera. Asko gustatu zitzaigun hasieratik nola kantatzen zuen, eta bera gelditu zen abeslari.

Erritmo azkarreko melodiak eta hitz zuzenak zenituzten. Apaindurak ez ziren beharrezkoak?

Horixe. Bizitzea tokatzen zitzaigun garaiaren isla ziren. Oso musikazaleak ginen guztiok, eta talde bat egitea erabaki genuenean, argi geneukan punka egingo genuela. Zuzena zen, eta ez zen beharrezkoa sekulako musikariak izatea nahi genuena jotzeko. RIPen hitzek ere urte haietan sentitu ikusi eta bizi izan genuena islatzen zuten. Barrutik ateratzen zitzaigun guztia

Esaten dute Eskorbutoko kideek ere asko estimatzen eta errespetatzen zintuztetela. Gainera, Zona especial norte grabatu zenuten batera, zuen lehen lana izan zena.

Haiekin jo genuen ere lehen kontzertua, Bilbon. Oso harreman ona izan genuen beti Eskorbutoko kideekin; talde bien garai txarretan ere bai. Jendeak mila mito aipatuko ditu, baina Eskorbutorekin izan genuen harremana ona izan zen beti. Arrasatera asko etortzen ziren Juanma eta Josu [Eskorbutoko kideak].

Zuen kantuek etorkizunik gabeko gizarte bat islatzen zuten. Espero bezalakoa da?

Gizartea gero eta lobotomizatuago eta artaldeago bihurtzen ari da, eta atzeraka goaz gauza askotan: adierazpen askatasunean, adibidez. Ez zait gustatzen mundua nola dagoen. Eta ez naiz 80ko hamarkada hobea izan zela esatea gustatzen zaion horietako bat. Uste dut, halere, zoritxarrez kapitalismoa asko garatu dela. Horregatik, gaur egun ere mila arrazoi daude punka izateko eta kontra egiteko.

Enamorado de la muerte, Condenado, Mundo muerto... Oraindik tabernetan entzuten dira zuen abestiak, eta badaude bertsioak egiten dituzten taldeak ere. Zer sentitzen duzu urte horietan bizi ez zen belaunaldi bat zuen abestiekin identifikatuta sentitzen dela ikustean?

Flipatzen dut; izugarria da oraindik hori gertatzea. Jende gazte asko hurbiltzen zait RIP haien inspirazioa izan dela esanez. Harrigarria da 42 urte geroago jendeak kantuak sentitzen eta abesten jarraitzea. Hala ere, nik beti esaten dut egunean bizi naizela orain, eta ez naizela iraganean geratu, baina harro nago horretaz. Pena da Portu-k orain RIP dena ezin ikusi izana. Jul-ek zorionez bizi izan zuen, eta Mahoma-k ere bai pixka bat. Inoiz ez genuen pentsatuko oihartzun hori izango genuenik.

Heroinak eta hiesak 80ko hamarkadako hainbat talde kondenatu zituen. Zuk, ordea, heriotzari izkin egitea lortu zenuen.

Inor ez da heriotzatik libratuko. Egunen batean joan egingo gara, baina gaur zurekin nago hau kontatzen, 60 urterekin. Hamar urtez egon nintzen drogen mende. Azken bost urteetako adikzioak eragin handia izan zuen RIPen ibilbidean; gure beharrak aldatu egin baitziren drogaren mende geundenean. Jende asko eraman zuen heroinak, gertuko lagun asko. Ez dakit gaur egun beste droga batzuekin gauza bera gertatzen den. Urrun nago mundu horretatik, zorionez.

Bizirik gelditzen den taldekide bakarra zara. Duela zortzi urte Jul zure anaia izan zen hiltzen azkena. Bereziki gogorra izango zen heriotza hori.

Oso heriotza gogorrak izan ziren guztiak, baina anaiarena izan zen gehien eragin zidana; gauzak aldarazi zizkidalako. Nire bizitzari buruz hausnartzera eraman ninduen. Jul ez zen nire anaia bakarrik: batera egiten genuen lan, kuadrilla berean geunden, elkarrekin joaten ginen oporretan... Harreman oso ona genuen, eta zaletasun asko partekatzen genituen. Haren heriotzak aldatu egin ninduen, eta konturarazi ninduen nire denbora ahalik etagehien aprobetxatu behar nuela, bizitza efimeroa delako. Gauza batzuk alde batera utzi, eta benetan gustatzen zitzaidanari eta betetzen ninduenari heldu nion: musikari.

Zure bizitza asko aldatu zen ere Arrasatetik mugitu zinenean. Zenbat urte daramatzazu Gasteizen bizitzen?

1994an hasi nintzen Gasteizen bizitzen. Heroinatik desintoxikatzera etorri nintzen arren, izugarri gustatu zitzaidan hiria. Hasieratik argi izan nuen hemen bizitzen geratu nahi nuela. Gainera, Arrasatetik gertu dago.

Orduan hasi zinen herri mugimenduetan gero eta konpromiso handiagoa hartzen? Hiesaren aurkako kolektiboan, gay kolektiboan, Eleak-Libre dinamikan...

Orain urrunago nago mundu horretatik, eta musikan zentratuago. Gasteizera bizitzera etortzearen arrazoietako bat izan zen Arrasate oso itxia ikusten nuela. Gasteizko militantziak lagun handi asko eman dizkit. Azkenerako, pixka bat ito nintzen, eta berriro heldu nahi nion musikari. Baina bai, asko zor diot militantziari.

80ko hamarkadako punk mugimenduaren aurpegi ezagunetako bat zara oraindik ere, ordea. Erantzukizun handia da?

Egia esan, aspaldi ez nuela elkarrizketarik egiten, baina ez dut erantzukizun moduan hartzen. Inoiz ez zait gustatu protagonista rola hartzea, eta, oro har, beti izan naiz lotsatia eta isila; oharkabean pasatzen saiatzen naiz beti. Hori bai, orain askoz gutxiago axola zait jendeak pentsatzen duena. Hori da aldatu den bakarra.

Ez zara iraganaz bakarrik mintzo, oraina ere bizi duzu. Perlata, Zero eta Konpost taldeetan bete-betean zabiltza, ezta?

Itzuli bat da niretzat, eta oso pozik nago talde guztietan. Denentzat denbora izatea da orain zailena [barrezka].

Inoiz utzi ezingo duzun droga da musika?

[Barrezka hasi da] Beti esan ohi dut. Musika eta kontzertuak dira nire oraingo heroina. 80ko hamarkadako zati bat bizitzen ari naiz berriro, ia astero kontzertuak izaten baititut. Orain, gainera, guztiaz gogoratzen naiz hurrengo egunean.

Irauten dute erritmo azkarrek eta punk-rock musikak. Baina trap, rap eta bestelako generoak ere iritsi dira Euskal Herrira. Begi onez ikusten dituzu?

Garai bakoitzak bere estiloak ditu. Haien garaia ere iritsi da, eta erabat errespetatzen ditut. Musika estiloa gustatu ahal zait edo ez, baina beti errespetatuko dut egiten dutena. Musika mota asko gustatzen zaizkit, oro har, eta uste dut denetarik egin behar dela. Pertsonalki, gainera, bateriarekin gauza berriak jotzen ere hasi naiz. Adibidez, Konpost taldearekin lasaiago jotzen ikasi dut. Uste dut beti egongo naizela gauza berriak esperimentatzeko prest.

Asko aldatu da RIP taldean hasi zen Txerra gazte hura?

Fisikoa asko aldatu da; berdin sentitzen naiz, halere. Ez naiz lehen bezain lotsatia, beharbada, baina uste dut betiko bera naizela, betiko gogo berarekin. Lotura eta mendekotasun askotatik aske sentitzen naiz orain. Egindakoa egina dago: garai gaziak eta gozoak bizi izan ditut. Dena ematen jarraitu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.