Anjel Valdes. Musika ekoizle ohia

«Gaur egun, diskoetxeak, diskoetxe bezala, desagertu egin dira»

Musika industriaren bilakaera ederki ezagutu du Valdesek: IZn hasi zen; Esan Ozenki sortzen aritu zen, eta azken 26 urteak Elkarren eman ditu. Etorkizuna katalogoen kudeaketan dagoela uste du, eta gustura dago sortzen lagundu duen katalogoarekin.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Hiru hamarkada pasa eman ditu Angel Valdesek (Bilbo, 1958) musikagintzari lotuta. Perkusio latinoa jotzen hasi zen Mirotz taldean lehenbizi, M-ak taldean ostera, eta, Karibeko musikarako zaletasunak bultzatuta, Sonora Candelan, Sonora Cariben eta Tumbaiton ere aritu zen. Bere jardun nagusia, ordea, musika industriaren barrukoa izan da, ekoizle gisa. IZ diskoetxean hasi zen; Esan Ozenkiren sortzaile izan zen, eta, 1994az geroztik, Elkar diskoetxeko arduradun aritu da. Urtarrilean hartu berri du erretiroa.

Angel Valdes izena entzutean zaila da musikatik bereiztea. Horrela sentitzen duzu zuk ere?

Hori egokitu zait, bizitzan beste gauza bat egokitu ahal zitzaidan moduan. Nire ofizioa musika industriarekin lotuta egon da, eta historikoki zaila izan da artea eta industria nahastea. Olioa eta ura bezala dira. Uste dut musikariak adeitasunez tratatu behar direla, orekak bilatu behar direla, eta beste aldean dagoenaren larruan jartzen jakin behar dela.

Euskal musikagintzan garrantzitsuak izan diren hiru diskoetxetan jardun duzu. Nola begiratzen diozu iraganari?

Nire bizitzako pribilegioa izan da hori. Katalogo garrantzitsuekin lan egin dut, eta kantari garrantzitsuekin. Lan bakoitza kate bateko katebegi bat bezala izan da, eta saiatu izan naiz katebegi berriak gehitzen. Hala izan zen Elkarren aritu nintzenean, baita Esan Ozenkin edo IZn.

Disko asko zure eskuetatik igaro da. Historiaren parte izan direla ikusita, nola begiratzen duzu atzera?

Horiek ekoizten ari zarenean, ez dakizu zer ekarriko duen, denborak esaten dizu disko bakoitza non geratuko den. Prozesu horretan hondar ale bat besterik ez naiz izan, ekoizpen batean jende askok hartzen baitu parte. Tira, batez ere taldeak. Baina ni ekoizpenean aritu naizenean, lan egin izan dut katalogoaren ideiarekin, inportanteena ez baita disko bat, baizik eta horren ondoren beste bat egin ahal izatea bide beretik. Disko batek badauka istorio bat kontatzeko, baina katalogoek ere badute eurena.

Diskoren baten grabazioan sentitu duzu disko horrek bere arrastoa edo lorratza utziko zuela?

Hori ez dut inoiz pentsatu, baina izaten duzu intuizioa grabaketa batean zerbait berezia dagoela. Gogoratzen dut, esaterako, Negu Gorriak-en lehen urratsetan, han geundenok jabetzen ginela horretaz. Ez egiten zutenarekin bakarrik, baizik egiteko moduarekin ere bai. Hori erakutsi zuten Esan Ozenki sortu zenean: badaude hor mezu batzuk musikalak soilik ez direnak, jarrera batean ikusten direnak. Musikarien jarrera hori, hain zuzen, egiten duten musika bezain garrantzitsua da. Izan dira disko inportante gehiago ere: orkestrarekin egindako lehen disko hura, Benito Lertxundirekin grabatutakoa. Grabaketan zaudela hunkitzen zarenean ere, zerbait handia izaten da. Hori gertatu izan zait Ruper Ordorikaren grabaketa batzuekin, adibidez.

Esan Ozenkiren sorreran parte hartu zenuen 1991n; autoekoizpenean oinarritutako diskoetxea zen hura. Etorkizunean etorriko zen horren aitzindaria izan zen?

Denborarekin ikusi dut eredugarria izan dela jende askorentzat, eta pozten naiz. Badago lege bat hala dioena: «Ez utzi inoren eskuetan zuk egin dezakezuna». Nik ulertzen dut talde gazteek zergatik egiten duten hori. Lortu behar dugu sarean presentzia izatea, eta horretarako ondo dago lagun batekin gitarra hartu eta kantuak grabatzea. Baina hedapenaren kontua da konplikatua.

Esan Ozenkin biak hartzen ziren kontuan: autoekoizpena eta komunikazioa.

Hori da. Orain zaila da hori, beste garai batean baikaude, baina orduan diskoetxea aglutinatzailea izan zen, eta jende pila bat batu zen proiektuaren inguruan.

Zergatik erabaki zenuten garai hartan gisa horretako diskoetxe bat sortzea?

Ni orduan IZn nengoen, eta Kaki [Arkarazo] zen bertako teknikaria. Kortatu desegin ostean, Negu Gorriak oso modu sekretuan sortu zen, eta lehen diskoa grabatu zutenean hasi ziren negoziatzen batekin eta bestearekin, norekin argitaratu erabakitzeko. Azkenean, Oihukarekin atera zuten, baina ikusi zuten beste modu batean antolatu nahi zutela. Zerbait berria, musikariaren aldekoagoa.

Sortu eta hiru urtera utzi zenuen Esan Ozenki. Zergatik?

Uste dut nire garaia amaitu zela bertan. 1991tik 1994ra Zarautzen [Gipuzkoa] geunden, ni han bizi bainintzen. Baina diskoetxeak egitura handiagoa zeukan, hor baitzegoen Bertso Hop Irunen [Gipuzkoa], Ferminen [Muguruza] denda. Joera izan zen egitura dena leku berean jartzea: diskoetxea, denda, banaketa. Dena Irunera eramatea erabaki zen. Niretzat ez zen erosoa egunero Zarauztik hara joatea, eta uztea erabaki nuen. Bestalde, Esan Ozenkiren katalogoa musika gogorrarena zen, eta folklorean lan egitea nuen buruan.

Hori Elkarren topatu zenuen?

Erruz topatu nuen, bai. Folklorearen mundua niretzat aberasgarriena izan da musikalki, gure iragana ezagutzeko modu bat baita. Aurrera egin behar duzu, baina ezin duzu galdu jatorria; nora zoazen jakiteko atzera begira egon behar duzu. Nik uste kulturak aurrera egiten duela atzean dauzkan sustraiak begi bistan dituenean. Hori guztia Elkarreko katalogoak ahalbidetu dit.

Elkarren ikusi duzu musikaren industria nola aldatu zen goitik behera Interneten agerraldiarekin. Nola bizi izan zenuen?

Gai horretan ez geunden bakarrik, diskoetxe guztiek arazo bera izan baikenuen. Pentsatzen genuen legez kanpoko kopien arazoa zela guztia, eta asko kosta zitzaigun erabaki batzuk hartzea.

Zer erabaki?

Etxe osoari buelta eman eta hutsetik hastea bezala izan zen, ordura arte pentsatu zenuen guztiak ez baitzuen balio. Baina niri gehiago interesatu zaizkit iraunkorrak izan diren gauzak. Formatua aldatu da kaleratzeko garaian, baina, formatua edozein dela ere, grabaketa bat beti izan da garrantzitsua. Lehen, orain eta etorkizunean ere hala izango da. Orduan, jarraitu dugu kalitatezko ekoizpenak egiten, baina, horrekin batera, katalogo guztia berriz kokatu behar izan dugu, sare digitalean ikusgarri egon zedin.

2000ko hamarkadaren hasieran, legez kanpoko kopiak deabruaren pare ziren, baina orain diskoetxe guztiek jartzen dituzte euren diskoak eskuragarri.

[Kar-kar]. Nola aldatu diren gauzak! Dena den, ni ez naiz askorik fidatzen mundu horretaz, eta uste dut errazegi uzten ditugula gure bizitza eta gure sekretuak ordenagailuaren barruan, arinegi ematen ditugu gure datuak. Baita musikan ere. Zuk Spotifyn klik egin, eta entzuten duzunean Elkarreko kantu bat, diskoetxeak 0,0015 euro jasotzen du. Hori artistarekin erdi bana eginez gero, entzuten den abesti bakoitzeko artistak 0,0006 euro jasotzen du. Zenbat klik behar dituzu euro bat egiteko? Ezinezkoa da negozioa hor.

Hori ikusita, diskoetxea zertan geratu da?

Gaur egun, diskoetxeak, diskoetxe bezala, desagertu egin dira. Batzuen sostengua zuzenekoen kudeaketa izan da, baina nik uste diskoetxeen etorkizunak asko izango duela katalogoen kudeaketatik. Euren funts propioak kudeatzetik, hain zuzen. Musikariak, bestalde, bere musikaren alde egin behar du, eta bere modua bilatu beharko du horretarako. Baina horrek guztiak etorkizunean izan dezakeen arriskua bada katalogorik ez sortzea, inongo argitaletxek ez izatea batasun hori. Gaur egiten dena nola batu ahal izango da hogei urte barru?

Hori da etorkizuneko erronka?

Bai. Euskal Herrian momentu honetan egiten diren erregistroak duela 100 urte egiten zirenak bezain garrantzitsuak dira, eta erregistroak batu eta prest edukitzea garrantzitsua da.

Koronabirusak eragin duen osasun krisiak sektore ugari astindu ditu. Nola eragin dio egoera honek musika industriari?

Nik ditudan datuen arabera, salmenta digitalak ez dira asko handitu. Nik uste geldialdi batean dagoela, beste sektore askotan bezala. Musika industriak bilatuko du bere bidea. Nola izango den? Ez dakigu, baina zalantzarik ez daukat aurrera egingo duela.

Musika industria eta musikariak ura eta olioa bezala direla esan duzu hasieran. Zu bi aldeetan egon zara, ordea...

Niretzat abantaila izan zen hori, ekoizpenean hasi aurretik musika jotzen bainuen, eta horrek ahalbidetu zidan hobeto ulertzea beste aldean zegoenaren kezka. Nik txikitan kantari izan nahi nuen, baina kantari oso txarra naiz. Bizitzak aukera eman dit, ordea, abeslariengandik gertu egoteko.

Zenbait estilotako taldeetan aritu zara: folka, rocka eta saltsa.

Bai, saiatu izan naiz egokitzen eta eskura nituen aukerak aprobetxatzen. Perkusio latinoa hobeto konbinatzen da musika latinoarekin, saltsarekin edo antzeko beste estilo batzuekin, baina eskura izan dudanarekin egokitu naiz. Hainbat talderen diskoetan parte hartu izan dut: Negu Gorriak-ekin, Kaxianorekin, Oskorrirekin, Txomin Artolarekin, Tapiarekin, Gozategirekin...

Tira, esan daiteke estilo ugaritako musikariekin ondo egokitu zarela...

Garai hartan Euskal Herrian ez zegoen perkusio latinoa jotzen zuen musikari askorik, eta orduan behar zuenak deitzen ninduen eurekin jotzera.

M-aken aritu zinen, gaur egun askok miresten duten taldea; baina bere garaian ez zuen halako oihartzunik izan.

Bai, tira. Kakiren proiektua izan zen hori. Oso lagunak egin ginen, eta ondo moldatu ginen taldean. Ideiak eta kantak harenak ziren, baina nik oso ondo pasatzen nuen. Egun guztia musikaren bueltan ematen genuen: musikan jarraitu ahal izateko egiten genuen lan. Momentu horretan ez duzu uste zerbait sortzen ari zarenik;, ahal bezainbeste gozatzen saiatzen zara. Gure erronka ondo jotzea zen beti, ideiak sortzea, eta kontzertuak eskaintzea. Polita izan zen, baina ekoizten hasi nintzenean erabaki nuen taldeetan ez jotzea gehiago. Ez zen atsegina mahaiaren bi aldeetan egotea.

Ura eta olioa izatea, ala?

Hori da. Edo ura edo olioa, baina biak batera izatea zaila izaten da, eta erabaki nuen profesionalki ez aritzea taldeetan eta, era berean, ekoizpenean aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.