Gaueko zamarien abenturak

Kontrabandismoak tradizio luzea izan zuen Euskal Herriko mugaldeko herrietan. Istorio horiek jendeari erakusten dizkio Xanti Elizagoien kontrabandista ohiak.

Xanti Elizagoien, berdez jantzita, kontrabandisten ibilbidean talde bat gidatzen, Etxalarren. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Etxalar
2017ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko herrietan, asko ziren legez kanpoko merkantzia trukeari esker bizi zirenak 1940 eta 1970 bitartean. Bi aldeen arteko prezio diferentzia eta produktu eskaintza urria aprobetxatuz, kontrabandistek iparraldetik hegoaldera eramaten zituzten salgaiak, gero bertan saltzeko. Mendiko bidexkak erabiltzen zituzten horretarako; izan ere, aduanetako zergak saihesteko modurik onena zen, eta, txikitatik ibiltzen zirenez mendian, arras ongi ezagutzen zituzten bidezidor guztiak, baita gauez zeharkatzeko ere. Iluntasunak lagunduta, askoz ere errazagoa zen muga zaintzen zuten guardia zibilak ohartarazi gabe igarotzea.

Turista ugari erakartzen dituzte gaur egun kontrabandismoaren ibilbideek, eta, horren harira, duela urtebete erabaki zuen Xanti Elizagoien kontrabandista ohiak (Etxalar, Nafarroa, 1947) ibilaldi gidatuak antolatzen hastea. Udan egiten ditu soilik, larunbat gauetan. Talde bat bildu ostean, hiru orduko eta zortzi kilometro inguruko martxa bat egiten dute mendian zehar, gaztetan guardiak saihesteko erabiltzen zituen bidezidorretan barna. Lekurik garrantzitsuetan, gelditu egiten da bisitariei azalpenak emateko.

Etxalartik abiatu eta kilometro batzuk egin eta gero, Sarara (Lapurdi) iritsi da martxa, salgaia hartzen zuten tokira: «Hemen elkartzen ginen mugaren beste aldeko lagunekin. Haiek erosten zuten salgai guztia, gero guri emateko».

Handik, Etxalarrera abiatu dira berriz. Jakina, bidea ez da bizkarrean 30 kiloko zama eramango balute bezain zail egiten. Bizkarrean zeramatzaten fardelen barruan denetarik eramaten zuten kontrabandistek: kamioi piezak, iratzargailuak, telebistak, tabakoa, kafea... Gehienbat Hego Euskal Herrian ez zeuden produktuak ziren, edo lortzen oso zailak zirenak, herrialde atzeratua baitzen iparraldearekin alderatuta. Gainera, Francok ezarritako autarkiak ahal zuen heinean mugatzen zituen inportazioak, eta horrek areagotu egiten zuen eskaintzaren urritasuna.

Elizagoien, mugatik hurbil dagoen herrian sortua denez, gazte-gaztetatik hasi zen gau lanean. Txikitan helduak ikusten zituen, eta, 10 urte inguru zituenean, lehenbiziko mandatuak egin zizkioten: adibidez, herrian argiztatutako hainbat bide zeuden, eta, harrikadaz bonbillak apurtzen bazituen, ogitarteko bat ematen zioten sari gisa. Hala, bidea iluna izatea lortzen zuten. 16 urterekin hasi zen zamak mendian zehar eramaten, Saran hartu eta Etxalarrera eramanez.

Egunez, baserriko lanetan ibiltzen zen, gaur arte egiten jarraitu duen bezala, baina horrek, azaldu duenez, ez zuen bizitzeko adina ematen: «Kontrabandismoa bizirik irauteko era bat baino ez zen, lanbide bat, fabrikara joatea bezala. Inork ez zuen gaizki ikusten. Hemen ez zegoen industriarik eta ez ezer, eta kontrabandismoan aritzea edo herritik alde egitea ziren aukera bakarrak».

Arriskuak eta trikimailuak

Erresistentzia eta oreka handia behar zen zeramaten zama pisutsuarekin ez erortzeko edota orkatila ez bihurritzeko. Zailtasun nahikoa ez balitz bezala, kontrabandistek normalean gaurik ilun eta lainotsuenetan egiten zuten lan, askoz ere errazagoa baitzen oharkabean pasatzea oskarbi zegoenean baino; baina, jakina, istripu bat izateko aukerak ere handitzen ziren.

Guardia zibil batek harrapatzen zituenean, salgaia lurrean uzten zuten eta korrika ihes egin. Honela azaldu du Elizagoienek: «Ondoren, zortea bazenuen eta guardiak despistatu egiten baziren, zamaren bat berreskura zenezakeen... Baina oso arriskutsua zen, fusila gainean zeramatelako eta ezin zinelako askorik hurbildu».

Kontrabandoa egiten zen beste zenbait lekutan, Urdazubin (Nafarroa) kasurako, guardia zibilak sobornatu egiten zituzten salgaiarekin lortutako irabazien zati bat emanez, baina, Elizagoienek dioenez, Etxalarren ezinezkoa zen hori: «Hemen, guardia zibilek irabazien %100 nahi zuten. Gainera, zakuren bat kentzen baziguten, euren nagusiengana eramaten zuten, harro».

Etxalarren, normalean poliziek ez zuten kontrabandisten aurka tiro egiten, gehienez airera. Hala ere, zaurituren bat izan zen bala baten errebotez, eta Urdazubi inguruan hildakoren bat ere bai. Arriskutsua izan arren, etekin handiak zituen lanbidea zela dio Elizagoienek: «Fabrikan, hilean 2.000 pezeta [12 euro] irabazten zenituen garai hartan. Kontrabandista gisa, berriz, hilean bizpahiru gauetan ateratzen ginen eta 3.000 pezeta [18 euro] inguru lor genitzakeen».

Gau lanean aritzen ziren bospasei kuadrilla zeuden herrian, eta horietako baten kide zen Elizagoien. Lortutako salgaiak gero saldu egiten zituen pertsona batentzat egiten zuten lan. Kontrabandorako eguna iristean, zitatu egiten zituen, normalean bakoitzaren etxean eskutitz bat utziz, eta ilunabarrean hitzarturiko lekura joaten ziren denak.

Komunikazio sistema

Elkarrekin arreta deitu gabe komunikatzeko sistema propioa zuten: iluntzean, balkoietan kolore ezberdinetako zapiak astintzen zituzten lankideekin koordinatzeko. Halaber, mugaranzko bidean zehar seinaleak uzten zituzten, atzekoak ohartarazteko. Zentzumen oso landuak izatea eskatzen zuen lanbide bat zen,eta edozeinek antzemango ez lituzkeen gauzak ikusten ikasi zuten: adibidez, bidezidor batean armiarma sare bat osorik aurkitzen bazuten, bazekiten hortik ez zela inor igaro ordu dezentean, eta, hortaz, bide segurua zela. Haizeak ekartzen zuen guardia zibilen kapen usaina, eta, noski, haien boten oinatzak ere bereizten ikasi zuten.

Inguruko baserrietan bizi zirenak lagun zituzten, eta, horri esker, abantailak zituzten. Adibidez, gazteak iluntzean baserri baten ondotik pasatu eta zakurrak zaunka hasten baziren, berehala etxean sartzen zituzten, guardien arreta deitu baino lehen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.