Donostiako Aste Nagusia

Gauaren askotariko doinuak

Donostiako Flamenka gunea, Sagues eta Kontxa kontzertuz eta su festaz betetzen dira gauero. Olaia Inziarte eta El Drogas nabarmendu ziren astearte gauean.

3. Flamenka. Gauero bildu da jendetza kontzertuetan. GORKA RUBIO / @FOKU.
Ainara Otegi
Donostia
2023ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusia askotariko musika generoen eszenatoki bihurtu da aspaldian, eta astearte gaua ez zen salbuespena izan. Gazteek eta helduek Parte Zaharreko, Saguesko, Flamenkako eta Kontxako guneak hartu zituzten, musikaz eta ikuskizunez jositako gauean murgiltzeko. Konstituzio plazan, helduak elkartu ziren La Ribera Canta jota taldearen musika emanaldia ikusteko. Beste kaleetara joan ahala, berriz, giroa aldatuz joan zen: lasaiagotik lasterragora. Garagardoa adin guztietako jendearen edalontzietan, eta donostiarrak eta kanpotarrak tabernetako musikaren gainetik hizketan. Gaua hasi besterik ez zen egin.

 
Tamarit etxearen suak ikusteko ordua iristear zegoen, eta jendea hasia zen Kontxako hondartzara hurbiltzen. Edalontziak desagertu egin ziren eskuetatik. Izozki dendetan ilara amaigabeak zeuden, esperientzia osotasunean bizitzeko asmoz: suak ikustea, izozki bat jan bitartean.

Ikuskizuna hasteko ordu erdi falta zen arren, jendea pilatuta zegoen jada inguru guztietan. «Baina, orduan, non jarriko gara?», galdetu zien emakume batek lagunei, urduri. Azken finean, jendetzaren artean toki egoki bat bilatzea abentura baten parekoa zen. Hori dela eta, alde batera eta bestera zebiltzan denak: haurrekin, lagunekin, familiarekin eta bikotekidearekin. Frantsesa eta ingelesa ziren gehien entzuten ziren hizkuntzak, eta hori agerian gelditu zen suak botatzen dituzten gunea husteko eskatu zutenean; izan ere, abisua lau hizkuntzatan eman zuten: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Ikuskizuna hasi, eta koloreek hartu zuten zerua. Hainbat suren artean, ikurrinaren eta Donostiako banderaren koloreak bereizten ziren. Eserita edo zutik, denak zerurantz begira zeuden, suei so, ikuskizuna oroitzapenen kutxan gorde nahian. Batzuk sakelakoarekin dena grabatzen ari ziren, etorkizunean su festa berriro bizitzeko edo gertukoei bidaltzeko. Beste batzuk, haurrak batez ere, belarriak estaltzen, eztanda hain ozen ez entzuteko. «Zarata handiegia ateratzen dute!», garrasi egin zuen haur batek. Hala ere, soinuaren gogorrak ez zion jendeari ondo pasatzea eragotzi.

Handik, Donostiako beste guneetara joan ziren gehienak, gauak eskaintzen zituen emanaldiez gozatzeko. Miren Besukiak ez zuen hala egin, ordea: «Egunpasa egin ondoren, suak ikustera etorri naiz, eta etxera noa».

Gazteak eta helduak elkarrekin ikusten dira Donostiako Piraten Flamenka gunean. Giroa euskalduna da han, Kontxan ez bezala. Olaia Inziarte abeslariaren txanda. Izozkiek eta edariek bat egin zuten gune horretan. Zure mina eta Gereziak kanten erritmora, gorputza mugitzen hasi zen jendea. Ikusle gehienei ahoratu zitzaizkien Inziarteren kanten hitzak, haren ahotsarekin bat egiteraino. Noizbehinka, Inziartek ikusleei zuzentzen zien mikrofonoa, haiek abes zezaten. Olatz Salvador abeslaria ere igo zen oholtzara, Behe klasekoak kantatzeko.

Oso bestelako doinuak sumatzen ziren Flamenka gunetik aldentzean. Nerabeak barraketan, eta Daddy Yankee eta reggaeton musika Pasealeku Berrian. Abestien hitz matxistek ez zuten arretarik deitu han: alaitasunez abesten zituzten guztiek.

Despistatuak Puntu Morean

Bi Puntu More daude aurtengo jaietan, eraso sexistak salatzeko eta edonori beharrezko informazioa helarazteko: Bulebarrean dago bata, eta Flamenka gunean bestea. Maider Abaristo Puntu Moreko kideak azaldu zuen «lasaiak» izan direla egunok. «Oso jende gutxi etorri da, eta etorri diren gehienak erasoak salatzeko telefono zenbakiak eskatzera, pinak eta eskumuturrekoak hartzera, edo informazioa eskatzera», nabarmendu zuen —Eneko Goia Donostiako alkateak ere berretsi egin zituen Abaristok bezperan esandakoak: festen erdia igaro dela, eta oraingoz ez dela eraso matxistarik salatu—.

Dena dela, despistatuak asko dira oraindik. Bulebarreko Puntu Morean bi kide zeuden gizon bat hurbildu zenean. «Izozkiak saltzen dituzue?», galdetu zuen. Asier Arizkorreta Puntu Moreko beste kideak azaldu zion gunea eraso sexistak salatzeko eta informazioa eskuratzeko zela. «Agian hemen dagoen txaparen bat eramango dut, nire laguna matxista baita», erantzun zion gizonezkoak, txantxa moduan. «Horrelako gauzak maiz gertatzen dira: edo ez dakite zertarako den edo jarrera horrekin etortzen dira», esan zuen Abaristok.

Sagues, bestalde, rockaren munduan murgildu zen, eta lurrak dardara egiten zuen helduen eta gazteen oinen azpian. Ikusleek El Drogas Barricadako abeslari ohiaren kantak abestu zituzten.

Ikusleen artean zegoen mutil gazte batek kontzertua hasi zenean adierazi zuenez, Pídemelo otra vez abestia jotzea espero zuen. Besteak beste, Cuidado con el perro eta Ninguna Bandera jo zituzten. «Halako eskumutur gutxiago», esan zuen abeslariak Objetivo a rendir abestu ondoren. Oholtzaren inguruan, denetarik zegoen: hitzak garrasika abesten zituztenak, eta hitzak ez zekizkitenak. «Gurasoengatik hasi nintzen taldea entzuten, eta zuzenean ikusteko sekulako gogoa nuen», aipatu zuen Unax Arrietak. Askotariko doinuak eta koloreak, denen gustuak asetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.