ATZEKOZ AURRERA

Gaua babesean igarotzeko

Kalean lotan inor ez gelditzeko, hilabete hasieratik abian da neguko protokoloa Iruñeko udal aterpetxean. Erabiltzaile gehiago dituzte hotz egiten duen egunetan.

Iruñeko Udalaren aterpetxean, arropa garbitzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Bazkaltzera noiz sartu zain daude Iruñeko udal aterpetxeko erabiltzaileak. Ordu bata eta erdiak dira. Sarrerako atarian zigarro bat errez, denbora egiten ari dira; sartu eta mahaira eseri dira. Lo egiteko beste tokirik ez dutenen etxea da aterpetxea, eta eguraldi hotzarekin, erabiltzaile gehiago biltzen dira. Gaur [herenegun] ez du hotz handirik egiten, eta ohiko erabiltzaileen joan-etorria da nagusi. «Gaueko bederatzi eta erdietatik aurrera abiatzen da protokoloa. Kalean ezin du inork lo egin tenperatura hiru gradutik jaisten denean», dio Ruben Unanua aterpetxeko koordinatzaileak.

Sanferminetako egunak kenduta, urte osoan egoten da zabalik Iruñeko udal aterpetxea, baina eguraldi hotzarekin, erabiltzaile kopurua igo egiten da. Neguko protokoloa hilabete hasieran jarri zuten martxan, eta martxora arte egonen da indarrean. Tenperatura hiru gradutik jaisten bada jartzen da martxan protokoloa. «Oraindik hotz handirik egin ez duen arren, hirutan jarri dugu indarrean. Batzuk haien kabuz etortzen dira, baina beste askoPoliziak ekartzen ditu», dio Unanuak. Edozein kutxa automatikotan, zubipean edo kaleko eserleku batean lotan dagoen pertsona eramaten dute aterpetxera.

Aterpetxeak 50 ohe ditu, erdiak Iruñean bizi diren etxerik gabeko egoiliarrentzat, eta beste erdiakibiltarientzat, hiriz hiri eta aterpez aterpe egunak ematen dituztenentzat. Aldi baterako ohea, janaria eta laguntza eskaintzen dizkiete ibiltariei. «Gaua hemen egin, gosaldu eta joan egiten dira. Baina tenperatura zero gradutik ez bada igotzen, aterpetxean geratzen dira, eta otorduak ahal den moduan egiten ditugu», azaldu du Unanuak. Joan den urtean 2.000 lagun inguru izan ziren erabiltzaile ibiltariak.

Neguko hotzak aterpetxearen ohiko funtzionamendua aldatzera behartzen ditu maiz. Aterpetxeko atea hogeita lau orduak dago irekita. «Norbait goizaldeko lauretan etortzen bada, tokia ematen zaio. Badaude ordutegi batzuk otorduetarako eta lo egiteko. Gauerdian itzaltzen da telebista, eta denak ohera doaz, baina, hotzarekin, nahi dutenean etor daitezke». Ohi baino jende gehiago dutenean, tailerrak egiteko gela erabiltzen dute lotarako. Bertan hainbat lastaira eta manta dituzte pilatuak jendea etorri ahala lotara jartzeko. «Gutxi gorabehera, hirurogeita bost pertsona gehiago egoten gara hotz handia egiten duenean».

Ibiltariak ez diren erabiltzaileek gutxienez bi urte egon behar dute erroldatuak hiriburuan, eta aterpetxeko ordutegiak eta arauak zorrotzago errespetatu behar dituzte. Denbora gehiago daramatenek beste betebehar batzuk ere izaten dituzte: ezin dute alkohola edo bestelako drogarik kontsumitu, aterpetxeko lanetan lagundu behar dute eta egiten diren ekintzetan parte hartu. Arrotxapera joaten dira baratze batean lanean aritzera, eta arratsaldeetan ateratzeko aukera dute nahi izanez gero.

Gehiengoak, gizonezkoak

Batzuk bazkaltzen ari diren bitartean, beste batzuek lanean jarraitzen dute. Emakume errumaniar bat, esaterako, denbora gutxi darama aterpetxean. Aterpetxeko garbitegian lan egiten du laguntza baten truke. Gaztelania ikasten ari da, eta lan bat aurkitu bitartean aterpetxean bizi da. Berak bigarren txandan bazkalduko du. Aterpetxean bizi da 26 urteko iruindar emakume bat, genero bortizkeriaren biktima. Hilabete asko daramatza aterpetxean, baina aurki babes ofizialeko etxebizitza batera joanen da alokairuan. «Ez nago bakarrik bizitzen ohituta. Berria izanen da». Baina bi horiek gutxiengoa dira aterpetxean. Erabiltzaileen %90 gizonezkoak dira. 35 eta 45 urte arteko gizonak dira. Erabiltzaile askok buruko arazoak dituzte, eta beste askok, adikzioak. Bi arazo horiek batera dituzten lagunak ere badira franko. Azken urteetan gero eta gazte gehiago etortzen direla dio Unanuak. 18 eta 20 urteko gazteak, adikzioekin. «Zaila da haiekin lan egitea. Motibazio oso gutxi dute. Bakardadea dute denek ezaugarri. Apurtu dituzte harreman guztiak: familia, lagunak, lana. Bakardadea oso gogorra da, eta denek hori esaten dute, bakarrik daudela».

Krisia ere nabaritu da. Lana izanen balute sekulan etorriko ez liratekeen pertsonak dituzte aterpetxean. «Lana galdu duten etorkin asko etortzen zaizkigu. Lanik gabe ez dute dirurik, ez babesa lortzeko familiarik».

Bi hilabete daramatza 40 urteko iruindar batek aterpetxean. Litxarreria denda bat zuen, baina itxi egin behar izan zuen. «Zorrak pilatu, alokairuan neukan etxea utzi eta kalean gelditu nintzen». Aterpetxera joan zen bizitzera. Aterpetxeko jantokian laguntzen du, ekintzetan parte hartzen du eta trukean diru bat jasotzen du. «Orain nire etxea da aterpetxea. Oso gustura nago; asko laguntzen naute». Heldu den astean lan elkarrizketa bat du, eta urduri dago. «Ea zerbait lortzen dudan», dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.