Atzekoz aurrera

«Gau beltza beltzago»

Gau Beltza ospatu dute bart herri ugaritan. Baliarrainen arimaz jantzi eta gaztainak erre ostean, puska biltzen ibili dira etxez etxe. Beldurraren ibilbidea ere egin dute elezaharrak aletuz.

Baliarraingo herritarrak, plazan, Gau Beltza ospatzen. GOTZON ARANBURU / FOKU
Baliarraingo herritarrak, plazan, Gau Beltza ospatzen. GOTZON ARANBURU / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Baliarrain
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Egunsentiaren aurreko unea omen da gaueko ilunena, baina, bart, ilunabarrean gautu zen. Baliarrainen (Gipuzkoa) zazpitan puntu-puntuan arrastu zuen; elizako kanpaiak jo eta herriko farol guztiak amatatu zituztenean. Itzai (10 urte) «arima eta txorimaloaren arteko nahasketaz» mozorrotuta agertu da plazara. Lagunekin adostu du aurten lastozko txanoa eta alkandora koadroduna janztea. Eskuan, berriz, makila. Trapu zahar zuri batez estali dute burua batzuek, eta bada mamuz jantzi denik ere.

Elizaren parean erre dituzte gaztainak, danbolinean, eta paperean norbere beldurrak idatzi eta sutara bota dituzte. Inguruko etxeetan kalabazak piztu dituzte. Gau Beltza festa da herrian. 

GAU BELTZA
Kalabaza hustu ostean, barruan kandela piztea zen ohitura. Arbiekin ere hala egiten zuten. GOTZON ARANBURU / FOKU

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Euskal Herrian. XX. mendera arte berezko ohitura zen kuiak, patatak, erremolatxak edo arbiak hustea eta barruan kandelak piztea. «Gure aitona-amonek kontatzen zuten ume garaian kalabazak hustu eta bide bazterretan uzten zituztela, barruan kandelak jarrita, jendea beldurtzeko edo xaxatzeko. Bihurrikerietan aritzen ziren».

Josu Ozaitak odol arrasto bi ditu zuriz margotutako aurpegian. Baliarrainen bizi da sortzez ibartarra bada ere, eta gaurko eguna berezi-berezia da harentzat. Gau Beltza izeneko liburua idatzi zuen haurrentzat, eta aurretik lan etnografiko bat egin zuen Jaime Altunarekin (Itzalitako Kalabazen Berpiztea). Pozarren dago herriz herri eta plazaz plaza gero eta gehiago zabaltzen eta errotzen ari delako neguari ongietorria emateko festa, eta, bide batez, hildakoen arimei bidea erakusteko erritua. Haren hitzetan, ez da «berreskuratzen» ari den erritua, baizik berrinterpretatzen edo berrasmatzen ari dena. «Ohitura bat ez da fosil bat. Ederra da erritu berriak sortzea eta tradizio berriak asmatzea. Heriotza kudeatzeko erritu berriak ere sortu beharko genituzke».

Seigarren aldia

Amets Arteaga, Edurne Aranburu eta Naiara Etxebarria Gau Beltza Taldeko kideak dira. Zein baino zein beldurgarriago daude jantzita, baina ez dute irribarrea galtzen: «Oso gau polita da», diote aho batez. Baliarrainen 2018an ospatu zuten aurreneko aldiz festa, eta aurtengoa seigarrena da: «Pandemian eten bat egin genuen, baina denbora gutxian ohitura bihurtu da». Gurasoen elkarteak sustatu zuen ekinaldia, eta, jada, talde bat eratu dute festa antolatzeko. Inguruko herrietan erreferente bihurtu dira. 

GAU BELTZA BALIARRAIN
Baliarraingo eta Ikaztegietako haurrak elkartu dira herrian Gau Beltza ospatzeko. GOTZON ARANBURU / FOKU

Gau Beltzak euskal kulturako hainbat elementu gaurkotu ditu: gaztainak jatea, puskak biltzea, bertako beldurrezko istorioak jasotzea, eta baita kalabazak hartu, hustu eta barruan kandelak piztea ere. Baliarrainen, baina, haratago doaz. Afaldu ostean beldurraren ibilbidea egiten dute, kondaira zaharrak aletuz: Mateo Txistu, Gizotxo, Mari... Sorginak bazter batean azaldu dira, eta jarraian kanposantura joan dira denak. Herio dute han zain. Haurrak beldurtu egin dira, baina ederki ibili dira etxez etxe puskak biltzen: «Txingili, txangili, txango. Gau beltza beltzago. Kalabazak argituko. Jana eman arte ez gara joango».

BALIARRAINGO GAU BELTZA
Baliarraingo Gau Beltza inoiz baino beltzagoa. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.