PROPOSAMENAK

Gatzaren sorterri

Leintz Gatzagako gatza babesteko, harresiz inguratu zuten herria. Alde Zaharrean, Erdi Aroko monumentu eta ondasunak bisitatu daitezke

Leintz Gatzagako Gatzaren Museoa, kanpoaldetik ikusita. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ane Markina Auzmendi.
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Mendien eta basoen artean dago Debagoienako herri txikiena: Leintz Gatzaga(Gipuzkoa). 217 pertsona inguru bizi dira bertan, eta Arabarekin muga egiten du. Herriak gatzaren produkzioarekin historian zehar duen loturagatik da ezaguna.

Gatza babesteko eraiki zuten harresi obalatu batez inguratuta dago herria. Hiru kale paralelok eta zeharkako beste batek osatzen dute herria. Hiribildura sartzeko zazpi ate zeuden antzina; gaur egun, berriz, bostek soilik diraute zutik. Harresiaren barnealdean sartuta eta herriaren erdialdera joanda, hainbat ondasun eta monumentu historikorekin topo egin daiteke: As de Copas iturria, Garro jauregia eta San Millan eliza, esate baterako.

Herriaren albo batean dago udaletxea. XVIII. mendean eraiki zuten, eta eraikinaren erdialdean herriaren armarria du. Herriaren erdialdean, As de Copas izeneko iturria dago. Hamabi tutu ditu, eta horietatik ur freskoa ateratzen da.

Iturriaren ondoan, Garro jauregia eta San Millan eliza daude. Garro jauregia eraikin barrokoa da, eta XVII. mende bukaerakoa da. Iturrirantz ematen duen ertzean, armarria du. 1987. urtean berriztatu zuten, eta, geroztik, herriko kultur etxea da.

Eliza, aldiz, 1331. urtean eraiki zuten, eta bi aldiz erre da historian zehar. Lehenengoan, herriko dokumentuak erre ziren, eta bigarrenean, suak kanpoko hormak soilik errespetatu zituen. Orain, jite modernoa izateaz gain, atsegina eta xumea da.

Elizaren albo batean, Soran jauregia dago. XVIII. mendekoa da. Estilo barroko eta neoklasikoaren elementuak ditu, eta ertzetako bat apainduta dauka, armarri batekin. Gaur egun, hotela da.

Dorletako santutegia herritik 1,3 kilometrora dago autoz, muino txiki baten gainean. Herriko ikurra izateaz gain, txirrindularien zaindaria ere bada. Santutegia XVII. mendekoa da. Hala eta guztiz ere, Erdi Arokoak diren erliebeak gordetzen ditu barnean. Urteetan egin zaizkion aldaketen ondorioz, hainbat estiloren nahasketa bat da.

Santutegitik gertu, Gatzaren Museoa dago. Bertan, gatza ekoizteko erabilitako instalazioak erakutsi eta herriak izan duen garapen ekonomikoaren zein industrialaren nondik norakoak azaltzen dira. Antzinako instalazioak mantendu eta orduko elementu garrantzitsuenak berregin dira. Iberiar penintsulan bakarra da ekoizteko prozesuari dagokionez. Kasu honetan, gatza dorletan jartzen baitzen. Museoa bisitatu nahi bada, erreserbatzeko hara deitu ala mezu bat bidali behar da: [email protected]-era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.