Iruñeko sanferminak. Entzierroa

Gatza eta piperra

Jandilla ganadutegiko zezenek oso entzierro azkarra egin dute. Hiru korrikalari ospitaleratu dituzte behin-behinean, horietako bat adarkatuta.

San Domingo aldaparen hasierako harresiaren pean adarkatu du zezenetako batek lasterkari bat. SERGIO MARTIN / EFE
San Domingo aldaparen hasierako harresiaren pean adarkatu du zezenetako batek lasterkari bat. SERGIO MARTIN / EFE
joxerra senar
Iruñea
2024ko uztailaren 12a
08:20
Entzun

Bi minutu eta hogei segundo behar izan dituzte. Kaleak hotz eta heze, eta, Jandillaren ospea gehituta, aurrez ikusteko modukoa zen entzierro arriskutsua izango zela. Zezenek aurrerantz jo dute une oro, baina taldea asko sakabanatu da lasterketan, eta gatz eta piper apur bat bota diote entzierroari. Azkenean, zaurituetako bat adarkatu bat izan da.

Entzierroa hasi eta berehala gertatu da. Zehazki, San Domingo aldaparen hasierako harresian, eskuinalderantz jo dute zezenek, eta harresian zen lasterkarietako bat adarrez jo du zezen beltzetako batek. Nahiz eta ez duen mugimendu oldarkorrik egin, besapean adarkatu du, eta lasterkariak buruan kolpea hartu du erortzean.

Aldapan aurrera egin ahala, zezen gorri bat atzean geratu da. Besteak taldean joan dira, bi joaldunek eta zezen zuri batek gidaturik. Taldeburuak bihurgunean eskuinerantz jo du harrigarriki, zezenen ezkerreranzko inertziaren kontra. Hala, bihurgunean babestuta zeudenen paretik pasatu da zezen zuria. Bulkada baten ondorioz, erortzen ari zen korrikalari bati paretik pasatu zaizkio adarrak. Ez da ezer gertatu.

Estafetan, asko sakabanatu da multzoa: zezen zuria, bi joaldunen babespean; lau zezen beltz, bata bestearen atzetik; eta zezen gorria, atzerago, haiek harrapatu nahirik. Lehen entzierroekin alderaturik jende gutxiago egonagatik, borroka bizia izan da zezen horien adar artera nor sartuko, batik bat ibilbidearen amaiera aldera. 

Telefonicaren eraikinaren parean, lau zezen beltzek oso eskuinerantz egin dute, eta, inertziaz, harantz jo dute bihurgunean. Jende gutxi zen bertan, baina berriro ere korrikalariei oso gertu pasatu zaizkie zezenen adarrak. Plazarako sarbidean, geldirik zegoen gizon bat adarrez bultzatu du zezenetako batek. Behin zezen plazan sartuta, elkartu egin dira bost zezenak, eta ukuiluetan sartu dira.

Guztia amaituta, hiru lasterkari ospitaleratzeko eskatu du Gurutze Gorriak. Horietako bat San Domingo aldaparen hasieran, eskuinaldean, adarkatutakoa: korrikalari beterano bat da. Nafarroako Ospitale Gunearen arabera, aurreko egunetan ospitaleraturiko guztiei sendagiria emana diete jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.