Osasuna. Adimen emozionala

Gatazken aurrean… bake hezkuntza

Jon Berastegi.
2011ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Gatazka soziala fenomeno iraunkor eta konstantea izan da gizakion arteko interakzioari dagokionez. Historiari erreparatzen badiogu, gertakari nagusiak gatazken ondorioz sortu direla ondoriozta dezakegu. Gaur egun, berriz, gutako denok bizi dugu egunero gatazkaren bat, maila eta intentsitate ezberdinean bada ere. Zoritxarrez, gatazkaz aritzen garenean, kutsu negatiboa hartzen diogu ia beti. Bai jakinduria herrikoiak eta bai definizio zientifiko askok ere, fenomeno desatsegin eta txarra bezala hartzen dute gatazka. Zergatik dugu gatazka modu negatiboan ikusteko joera? Hein handi batean, gatazkaren ondorio suntsitzaileetan erreparatzen dugulako soilik, gatazka bera kontuan hartu beharrean. Izan ere, gatazkaren intentsitatearen eta mailaren arabera, ondorioak hondagarriak izan daitezke. Ondorioz, gatazka bera gogoratze hutsak sentsazio txarra uzten digu. Gainera, gatazkaren bitartez elkarri min egiten diogu.

Gatazkei behar bezala aurre egiteko, egokia izango litzateke ondorengo trebetasunak praktikan jartzea:

Seinaleak interpretatzea:Aurrean dugun lagunaren sentimenduak antzemateko gaitasuna ezinbestekoa da. Hitzarmenak emozionalak izan ohi dira, eta garrantzitsuena ez da hitzen bitartez esaten duguna, biok pentsatzen eta sentitzen duguna baizik.

Negoziaziorako kanalak: Horietako kanal gehienak luzera begira dira baliagarriak. Negoziaziorako kanalak martxan jartzeko hiru motatako estrategiak daude. Gatazka konpontzea: biek irabazten dute, maila berdinean. Konpromisoa: biek uko egiten diote zerbaiti. Inposizioa: batek besteari behartu egiten dio.

Gatazkei konponbide sortzailea ematea: 400 ikastetxetan baino gehiagotan martxan jarritako L. Lantieriren programaren arabera, gatazkei aurre egiteko modurik onena sormena da. Ondoren eman beharreko pausoak hauexek dira: saiatu zeure burua lasaitzen eta kontzentratu zure pentsamenduetan, eta horiek adierazteko modua bilatu. Gauzak konpontzeko asmoa duzula adierazi, modu asertiboan komunikatuz. Eman zure ikuspuntua hizkuntza neutroa erabiliz. Izan zaitez sortzaile, eta konponbide zuzenak bilatzen saiatu.

Bakea bultzatzeko, gatazkak erregulatzeko bide alternatiboak aurkitzen saiatu behar gara.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.