Gastronomia

Gastronomika, Kursaaletik hirira hedatuta

Astelehenean hasiko da 26. Donostia Gastronomika kongresua. Aurten Portugal izango da herrialde gonbidatua, eta hirira zabalduko dituzte ekintzak.

Gastronomika kongresuko parte hartzaileetako batzuk, aurkezpenean. JUAN HERRERO / EFE
Gastronomika kongresuko parte hartzaileetako batzuk, aurkezpenean. JUAN HERRERO / EFE
ane insausti barandiaran
2024ko urriaren 4a
05:00
Entzun

Ez da berdin kozinatzen Florentzian (Italia), Kopenhagen, Liman, Londresen... Ez dira osagai berak erabiltzen, bateko teknikak ez dira bestekoak bezalakoak, eta lan tresnek ere zerikusi txikia izango dute, kasu askotan. Baina edan dezakete elkarrengandik, eta batak bestea elika. Hain zuzen, horretarako topaleku eta trukerako gunea izaten da Donostia Gastronomika, urtero besteen jakintza jaso, eta norberarena zabaltzeko balio duen erreferentziazko kongresua. Datorren astelehenean hasi eta asteazkenean amaituko da aurtengoa, Kursaalean.

Izen handiak elkartzen dira urtero bertan; jatetxe izardunak, teknikoki gailentzen diren sukaldariak... bai atzerrikoak, bai eta Euskal Herrikoak ere: hain zuzen ere, Pedro Subijana sukaldaria omenduko dute, Euskal Sukaldaritza Berriaren mugimenduari egindako ekarpenagatik. Izan ere, kongresuaren 26 aldietan hutsik egin ez duen sukaldari bakarra da Igeldoko (Donostia) Akelarre jatetxeko burua.

Subijanaren moduan, kongresuan ohorezko tokia izango dute Portugalgo sukaldariek ere: hura izango da aurtengo kongresuko herrialde gonbidatua. Bertako zazpi sukaldarik parte hartuko dute hitzaldietan. Izan ere, antolatzaileen arabera, «azkeneko urteotan, goi mailako gastronomiaren arloko lekurik dinamiko eta berritzaileenetakoa izateagatik» nabarmendu da Portugal, eta «erreferentzia» bihurtu da mundu osoan. Besteak beste, Lisboako Belcanto jatetxeko Jose Avillez, Marlene jatetxeko Mariene Vieira eta Joao Oliveira izango dira Donostian.

Pedro Subijana, iazko Gastronomika kongresuan. JUAN HERRERO / EFE
Pedro Subijana, iazko Gastronomika kongresuan. JUAN HERRERO / EFE

Baina hitzaldietan soilik ez, Euskal Herrian berezkoak diren tokietan ere hartuko dituzte lapiko eta zartaginak sukaldari portugaldarrek. Hain justu, afari bat antolatu dute Parte Zaharreko Gaztelubide elkartean, lokal horiek «komunitatearekin» nola lotzen diren gainerako herrialdeetako sukaldariei azaltzeko. Diogo Rocha Mesa de Lemos jatetxeko sukaldaria, eta Noelia Jeronimo Cabanas de Tavira jatetxeko burua izango dira bertan, Euskal Herriko bi sukaldariekin batera, otordua prestatzen.

Gainerakoan, hitzaldi eta mahai inguru ugari antolatu dituzte. Esate baterako, Peruko Pia Leon, arbasoen ahotsa platerean islatzeari buruz arituko da; Tim Flores eta Genie Kwon AEBetatik, filipinar jatorriko gastronomiaz; Virgilio Martinez Perutik, bertako produktuak esploratzeari buruz; Sebastian Frank Alemaniatik, haurtzaroarekin eta sustraiekin lotutako gastronomiaz; Andrew Wong Erresuma Batutik, tradizioa eta abangoardia uztartzeaz... Euskal Herritik, berriz, Eneko Atxak, Julen Bazek, Elena Arzakek, Aitor Arregik eta Eneko Axpek ere parte hartuko dute.

Taberna eta tabernariak plazara

Donostia, hiri irekia da aurtengo kongresuaren leloa, Gabriel Zelaia poeta hernaniarraren (Gipuzkoa) poema batetik ekarria. Garrantzitsua baita kanpokoa gonbidatzea, baina bertakoari ere egin behar baitzaio gorazarre. Halaxe azaldu zuen Benjamin Lana Vocentoren Gastronomia arloko presidente eta Donostia Gastronomika kongresuko zuzendariak kongresuaren aurkezpenean: «Uste dugu lurraldeari, ostalaritzari, jatetxeei, tabernei edo elkarte gastronomikoei begiratzea izar handiei begiratzea bezain garrantzitsua dela».

Behar horri erantzuteko sortu dute, halaber, I. Tabernarien Foroa. Tripakien lehiaketarekin hasiko da, etzi —hemendik aurrera urtero egingo dute txapelketa hori kongresuaren barruan—. Hurrengo bi egunetan, berriz, Kursaal kanpoaldean egingo dituzte hainbat mahai inguru. Besteak beste, hizpide izango dituzte tabernarien profesionalizazioa, taberna turismoa, hornitzaileak... Arrain-zopa lehiaketa ere egingo dute, foroa amaitzeko. Osagaiak prest daude, sua piztea falta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.