ATZEKOZ AURRERA. Gorka Knorr. Politikaria eta musikaria

«Gastronomia kultura handia du Kataluniak»

Caballa Canalla jatetxea inauguratuko du gaur Bartzelonan Knorrek. Ilusioz egiten du, uste baitu une egokia dela halako apustu bat egiteko. Dena den, ez ditu ahaztu musika eta politika.

ORIOL CLAVERA.
ainara arratibel gascon
2015eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Urtebete darama agertokietatik aldenduta Gorka Knorr musikari eta politikariak (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1950), baina ez kantagintza utziko duelako. Proiektu berri batek hartu du haren egunerokoa: Caballa Canalla jatetxea abian jartzen ari da. «Apustu handia eta motibagarria da». Barcelonetako merkatuan kokatua dago, eta mokaduak eskaintzen dituzte.

Politika, musika, gastronomia... Saltsa guztien perrexila al zara?

Europako Parlamentura joan nintzenean, bueltako bidaia egin nuen nolabait geografikoki. Izan ere, nire Alemaniako familiaren sorlekutik gertu dago Estrasburgo. Orain, antzeko zerbait egin dut, baina gastronomikoki. Izan ere, nire familiak garagardotegi bat izan zuen Gasteizen, eta nire amona Isabelek Mendizorrotzako taberna.

Nolatan erabaki duzu orain jatetxea zabaltzea?

Nire emazte Isabelen bigarren semea sukaldaria da, eta harekin sartu ginen mundu horretan, beste negozio txikiago batean. Oraingo apustua askoz ere handiagoa eta motibagarriagoa da. Bartzelona ezin egokiagoa da halako negozio bat martxan jartzeko, bertako kultura gastronomikoak eta turismoak dakarren eskaintzagatik.

Nolakoa da jatetxea?

Barcelonetako merkatuan dago, kalera irekita. Ohiko jantokiaz aparte, badu beste areto bat, 90 bat pertsonarentzako. Bestalde, lokalak berak, arkitektura aldetik, badu bere balio propioa.

Euskal Herriko platerik izango al da menuan?

Ez. Tokian, tokikoa. Hemen, mokaduen inguruko eskaintza lantzen dugu batez ere, espresio maila altuago batekin, nahi baduzu. Lokalaren diseinua eta bertan lan egiten duen jende gazteak ematen dion ukitua ere garrantzitsua da. Horregatik ere izena: Caballa Canalla.

Zein da hobea, Euskal Herriko gastronomia ala Kataluniakoa?

Kataluniarrek izugarri maite dute Euskal Herriko gastronomia, eta maiz joaten dira horretaz gozatzera. Baina Kataluniak izugarrizko kultura gastronomikoa du, eta punta-puntako erreferenteak. Gainera, bi nazioak oso ongi kokatuta gaude ardoaren munduan. Gastronomiaren kinielan, marka dezagun X bat.

Athleticen eta Bartzelonaren arteko Espainiako Kopako finalari begira, festa bat antolatuko duzue. Nolakoa izango da festa hori?

Jatetxearen goiko aretoan festa gastronomikoa eginen dugu, eta musika ere egongo da. Gitarra eraman behar dudala esan didate batzuek, eta hala eginen dut; egunak eta giroak merezi dute.

Zeinen alde egongo zara?

Familiagatik, aspalditik naiz Barça-ren jarraitzaile, baina, aldi berean, euskal talde guztien jarraitzailea ere banaiz. 1970eko hamarkadan hasi nintzen San Mamesera joaten. Han nintzen Villarrek Cruyffiukabilkada eman zion egun hartan, baita 1984ko finalean ere, Bernabeun, Athletic animatzen. Orain ere, Athleticen alde nago, eta irabaz genezake. Athleticek sei bider jokatu du Bartzelonan Kopako finala, eta guztietan atera da garaile.

Hauteskunde kanpaina bete-betean dago. Inbidiaz bizi al duzu?

Politikagintza jarraitzen dut, nahiz eta urruti egon. Abesti zaharrak dioen moduan: «Amodioa, fidelagoa, urrundanik».Oraindik, Euskal Herrian ematen dut botoa. Frustrazioz bizi dut egungoegoera politikoa, ez baikara gauza izan pausoak emateko adostasun minimoetatik askatasunerantz.

Nola bizi dira Katalunian udal hauteskundeak? Denak irailera begira egongo dira, ezta?

Hemen ere oso lehiatuak izanen dira. ERCk izan zezakeen aukera, baina Bartzelonan ez ditu, nire ustez, kartak ondo jokatu. Ada Colauren koalizioak Euskal Herrian baino askoz ere aukera gehiago du, ICVk eskaini dion oinarritik abiatzen delako eta Podemoseko jendea ere integratu duelako. Hala ere, boto erabilgarria Xavier Triasen aldekoa izan daiteke. Irailekoa beste kontu bat da: Kataluniaren independentzia dago jokoan.

Zer uste duzu gertatuko dela iraileko hauteskundeetan?

Alderdien arteko tirabirak hasi zirenetik, giroa pittin bat apaldu da. Dena den, hauteskundeetatik gehiengo abertzale bat ateraz gero, uste dut independentziaren aldarrikapenerako ateak zabalduko direla.

Zein musika jarriko zenioke Kataluniako egungo egoera politikoari? Eta Euskal Herrikoari?

Kataluniakoari L´Estaca eta Que tinguerm sort, borrokarako eta bidaiarako zorteaz, biak Lluis Llac-enak. Euskal Herrikoari, berriz, Benito Lertxundiren Itsasoari begira. Susmoa dut gure patua itsasoa ez ote den; libre eta zabal dugu aurrean, baina ezin edan.

Musika sortzen jarraitzen duzu?

Bai, tarteka. Baina urtebete daramat kontzerturik eman gabe. Hamar hilabetezoro eman ditut proiektu honetan murgilduta. Orain, berriro hasiko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.