Zeledonek euskaraz egin ditu lehen hitzak Andre Maria Zuriaren plazako balkoitik. Abuztuaren 9ra arte jai giroa nagusi izango da Gasteizen, eta txupinazoan berrikuntza bat izan da nagusi: Iñaki Kerejazu da Zeledon berria, 23 urtez ardura hori izan duen Gorka Ortiz de Urbinaren lekukoa hartuta. Txupinazoarekin eta Zeldonen jaitsierarekin, hasi dira 2024ko Gasteizko Jaiak. Plaza lepo beteta egon da Kerejazuri ongietorria emateko eta festari ekiteko, tartean atzo parranda egindako mordoxka bat ere bazen arren. Jaien hasiera igande batean tokatzearen ajeak.
Ikusi gehiago
115 metroko sokatik jaitsi da panpina, Lurralde Etxeen Federazioko ordezkariek suziria bota ostean. Kostata baina bizi, Kerejazu izerditan heldu da balkoira. Zapiak jarri dizkie Maider Etxebarria alkateari, Sonia Diaz de Corcuera zinegotziari eta Lurralde Etxeen Federazioko kideei, eta gogoangarria izan da mikrofonoa hartu duen unea.
«Gora Zeledon! Gora Andra Maria Zuriaren jaiak! Gora Gasteiz!», hasi da, gaur Gasteizen egin duen beroari aurre egin nahian zebiltzan milaka lagunen aurrean. Gogoratu die Gasteizen daudela, eta hiriak «gune seguru bat» izan behar duela guztientzat. «Gozatu, eta gozatzen utzi behar dugu. Errespetatzen ez badakizu, ez etorri». Tartean, zenbait alditan abestu du, gogotsu. Azkenik, gogoan izan ditu «jaietan egon ezin direnak»: «Haiengatik guztiengatik, gora gu ta gutarrak!».
Aspaldi erabakitako neurria errespetatu da aurten ere: kristalezko botilarik ez da izan txupinazoan. Kontrolak egon dira sarbideetan, eta osasun langileak eta suhiltzaileak prest egon dira edozein larrialdiri erantzuteko. Ez dute, oraingoz, ezbeharren berri eman.
Martxan da erasoen aurkako protokoloa ere. Indarkeria matxista prebenitzeko eta hari aurre egiteko informaziogunea dago Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzean. Gaur 17:00etatik 23:00etara dago irekita. Bihartik aurrera, berriz, 18:00etatik 22:00etara. Gainera, udalaren gizarte larrialdietarako zerbitzuaren telefonoa martxan izango da 24 orduz, eraso salaketen berri jasotzeko, eta argibideak eta babesa eskaintzeko (945-13 44 44). Bestalde, Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiak ere arta emango du 24 orduz (633-30 96 53).
Egitarau oparoa
Jarraian, plazan elkartutako jendetza sakabanatu egin da Gasteiz erdigunean eta Alde Zaharrean, txoko guztietan izango baita festa datozen egunetan.
Laurehun jarduera baino gehiago antolatu dituzte, publiko mota guztientzat. Denetariko ekintzak egingo dira hiriko hainbat lekutan. Horretarako, iaz baino 102.000 euro gehiago izan ditu jaien aurrekontuak: 1.082.000 euro guztira. Aurrekontu horrekin musika estilo askotako taldeak ekartzen ahalegindu dira antolatzaileak. Kontzertu jendetsuenak, urtero bezala, Foru plazan, txosnetan eta Aihotz plazan izango dira.
Atzo dagoeneko talde batzuk igo ziren oholtza horietara, eta gaur jarraituko du festak, martxa onean. Hain zuzen ere, Esne Beltzak girotuko du Foru plaza gaur. Txosnetan, berriz, Laztana Laztana, Herenegun eta Akerbeltz arituko dira gaur, besteak beste.
Hurrengo egunetan ere askotariko eskaintza izango da leku horietan, eta estilo ugaritako taldeak ariko dira Foru plazan: Nil Moliner, Luz Casal, Doctor Deseo eta Zetak. Txosnetan ere askotariko taldeek joko dute, eta, Zeledon San Migel elizara bueltatu aurretik, hainbat taldek jarriko diote soinua txosnaguneari: Segismundo Toxicomano, Nogen, Dupla, Bengo, Bihos, Tatta & Denso, Chill Mafia, Gatibu… Jaietako programa osorik ikus daiteke BERRIAn.
Aihotz plaza, beti bezala, arnasgunea izango da euskararentzat. Hala izan da aspalditik, Geu elkarteari esker. Kontzertuak ere egongo dira bertan —bihartik abuztuaren 8ra arte Modus Operandi, Sune, Sara Zozaia eta Kalakan arituko dira, hurrenez hurren—, baina asmo nagusia euskara sustatzea eta jaiez euskaraz gozatzea izango da; bertsolaritza, Dantza Plazan eta bestelako ekintzak antolatu dituzte.