Urrezko Zeledon sariaren irabazlea

Elena Martinez de Madina Salazar: «Gasteiztar guztiena da saria, ez nirea bakarrik»

Euskarak ere badu presentzia Gasteizko jaietan. Martinez de Madinak lan asko egin du euskararen ondarea ikertzeko eta mantentzeko, eta horregatik saritu dute gasteiztarrek.

Elena Martinez de Madina Salazar, 2023ko Urrezko Zeledon izendapena jaso zuenean.  JAVIER SEDANO / URREZKO ZELEDONAK
Elena Martinez de Madina Salazar, 2023ko Urrezko Zeledon izendapena jaso zuenean. JAVIER SEDANO / URREZKO ZELEDONAK
Gasteiz
2024ko abuztuaren 10a
05:00
Entzun

Urrezko Zeledon sariak Gasteizen edo Arabaren irudia hobetzen lagundu duten pertsonen ibilbidea aitortzen du. Elena Martinez de Madina Salazar (Gasteiz, 1962) euskal filologo gasteiztarrak jaso du azken aitortza; euskararen alde urteotan egindako lanagatik saritu dute. Saria beste inorekin partekatzen ez duen lehen emakumea da.

Zer da zuretzat Urrezko Zeledon saria jaso izana?

Izugarrizko sorpresa izan da. Gainera, ni gasteiztarra izanda, sari oso garrantzitsua da. Beraz, eskerrak eman behar dizkiot hiriari. Emakumeok eman dugun beste pauso handi baten isla da; izan ere, lehenengo aldia da emakume bakarra saritu dutena. Horregatik, sari hau ez da nirea bakarrik: emakume guztiona da.

Espero zenuen?

Ez; ezta pentsatu ere. Batetik, emakumea naizelako, eta guretzat zailagoa delako horrelako sariak indibidualki irabaztea; eta, bestetik, beste norbaitek irabaziko zuela pentsatu izan dudalako beti, ez nik.

Jaietan ba al du tokirik euskarak? 

Gasteizek orain dela bi edo hiru mende galdu zuen euskara... Orain, gazteak, umeak eta helduak gaude, eta, guri esker, areagotu egin da euskararen erabilera; geroz eta garrantzi handiagoa dauka. Adibidez, umeek euskaraz ikasten dute, eta hori izugarrizko aurrerapena izan da euskararen zabalkuntzari dagokionez. Beraz, jakina baduela lekua, nola ez! Gure bizitzan presente dagoen zerbait da.

Urrezko Zeledon zu izendatu izana euskarari aitortza egitea da?

Noski. Orain dela 28 urte, Gasteizko toponimia historikoa aztertzen zuen ikerketa batean murgildu nintzen. Ikerketa hori, baina, VI. mendetik gaur egunera arte osatu behar izan den puzzle bat izan da. Horregatik uste dut sari hau ez dela nirea bakarrik, lanean aritu garen guztiona baizik. Izan ere, ikerketa horri esker, gure ondarea mantendu eta berreskuratu dugu.

Saridun bat baino gehiago zarete, beraz.

Gasteiztar guztiona da sari hau, ez nirea bakarrik. Haiei esker egiten dugu ikerlariok gure lana, eta eskertuta egon behar dugu. Udalak ere asko lagundu digu dena aurrera ateratzeko prozesuan.

Jaietara itzulita, zer dute Gasteizko jaiek besteek ez dutena?

Nire ustez, oso gureak direla, oso etxekoak. Kuadrillen arteko giroa izugarria da, kalean ibiltzen baitira egunero. Jai hauek ez dira hain kanpora begirakoak, gasteiztarrontzat dira.

Zer plan daukazu jaietarako?

Txistularia nintzen umetan, eta nire anaiaren kuadrillan hasi nintzen txistua jotzen; neska txistulari gutxi zeuden. 50 urte beteko ditu kuadrillak aurten, eta haiekin egoteko asmoa daukat. Horretaz aparte, betikoa egingo dut: lagunekin afaldu, buelta bat eman... Orain helduagoa naizenez, lasaiago ibiltzen naiz, baina saltsa guztietan sartuta nago.

Ikerlaria izanda, zein da zure ikerketaren ardatz nagusia?

Batik bat, ondarea mantentzea eta zabaltzea. Nire ikerketak hainbat alderdi hartzen ditu kontuan; haietako bat da, adibidez, gure usadioak aztertzea. Linguistikoki ere oso inportantea da. Adibidez, hemen lehen zer euskara mota erabiltzen zuten ikertzen dut: hitzak, fenomeno linguistikoak eta beste aztertzen ditut. Denetik.

Etorkizunera begira, zer daukazu esku artean?

Bada, egia esan, orain ez daukat ezer pentsatuta. Baina egia da behin baino gehiagotan hasi naizela Arabari zein beste toki batzuei buruzko ikerketak egiten. Batzuk erdi eginda utzi ditut, eta nahiko nuke ikerketa horiek berriro hartzea, errekuperatzea edo, gutxienez, bukatu eta irteera bat ematea.

LOTSABAKO

Jaietako unerik bereziena?
Andra Mari Zuriaren eguna.

 Jaietako txokorik gustukoena?
Erdialdea.

Euskararen sustapenean erreferente bat?
Henrike Knorr.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.