Gastronomia

Gasteizko kulturgunean, topa

Abenduaren 3an inauguratu zuten Gasteizko kulturguneko taberna, Euskararen Nazioarteko Egunean; euskal kulturaren eta gastronomiaren topagune berri bat da.

Asier Gereta, Izaskun Arrue kulturguneko tabernan, joan den astean. UNAI ETXENAUSIA
Asier Gereta, Izaskun Arrue kulturguneko tabernan, joan den astean. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
Gasteiz
2024ko abenduaren 27a
05:00
Entzun

Taberna bat euskarari. Izaskun Arrue kulturguneko taberna abenduaren 3an inauguratu zuten, Euskararen Nazioarteko Egunean. Arratsalde guztian berotasuna nabari zen jendartean, eta inaugurazio ekitaldian ehunka lagun joan ziren euskararen normalizazioaren aldeko proiektu horri babesa ematera. Euskal kulturaren eta gastronomiaren zerbitzuan dagoen topaleku berri gisa aurkeztu zuten espazio berria.

Gasteiz antzokiaren bihotzean kokatua, espazio horrek dimentsio berria eman dio euskara eta euskal kultura sustatzeko proiektuari, kalitatezko gastronomia eta kultur giro ederra eskainiz. Asier Gereta gasteiztarra da kudeatzaile berria, eta «ilusioz eta profesionaltasunez» prestatu du taberna. Inaugurazio egunean jada ehunka herritarrek gozatu zuten ateak ireki berritan sortu zen giro alai eta beroaz.

Tabernako sarrera, Zapateria kaletik. UNAI ETXENAUSIA
Gasteizko Izaskun Arrue kulturguneko tabernako sarrera, Zapatari kalean. UNAI ETXENAUSIA

Gasteiz antzokiaren eraikinean dago taberna, Ruiz de Bergara jauregian, eta 45 metro karratuko azalera du. Barnealdean, taberna eremua, sukaldea eta biltegia daude, eta 35 pertsonarentzako edukiera. Era berean, eraikinaren beheko solairuan dagoenez, kaletik zuzenean sartzeko aukera ematen du. Asteartetik igandera egoten da irekita: astearte eta asteazkenetan, arratsaldez; ostegun, ostiral eta larunbatetan, goiz eta arratsaldez; eta igandeetan, goizez.

Jatetxe zerbitzuen zuzendaritzan eta gastronomian esperientzia handia duen profesionala da Gereta, eta ilusioz ekin dio erronka berriari. Taberna inauguratu aurretik, hainbat aste eman zituen azken xehetasun guztiak prestatzen: apaindu, musika ekipoak instalatu, eta eskaintza gastronomiko berezia osatu.

Pintxo eta edari bereziak eskainiko ditu tabernak, «bertaratzen diren guztiei kalitatezko esperientzia bermatzeko», nabarmendu du Geretak. Eskaintzen dituzten produktuak, gainera, «bertakoak» dira: «Arabako Errioxako ardo eta txakolina, gertuko lehengaiak... Saiatzen gara bertako produktuak saltzen; hasieratik argi neukan hori zela helburua. Koktelak ere saltzen ditugu. Destorni-a zuku naturalarekin egiten dugu, eta etortzen da jendea hori probatzera  [destorni deituriko koktelak vodka du oinarri, eta laranja zukua edo laranjazko freskagarria gehitu ohi zaio]».

Euskaltzaleak

Inaugurazio egunean, 19:30ean zabaldu zituzten tabernaren ateak, jendearen gozamenerako. Bertaratutakoek, pintxo eta edari aukera zabala dastatzeaz gain, musikaz eta kultur giroaz gozatzeko aukera izan zuten. Proiektua babestera joandako askok nabarmendu zuten tabernak euskararen eta euskal kulturaren normalizazioan izan dezakeen garrantzia.

Taberna euskaltzaleentzako topaleku dinamiko eta kultural gisa errotzen ari da, eta bezero gehienak euskaldunak izaten dira, Geretaren esanetan: «Poza ematen du horrelako espazio bat euskaldunez beteta ikusteak; hori da proiektu honen helburu nagusietako bat».

«Urduri baina pozik nago, nire ametsa bete baitut taberna honekin; gainera, hasi besterik ez naiz egin. Elkarlanean ari gara kulturgunearekin, baina nahi duten guztiak etor daitezke», amaitu du Geretak. Izan ere, euskal kultura eta gastronomia eskutik helduta doaz Gasteizen, eta Izaskun Arrue kulturguneko tabernak hori erakusten jarraituko du datozen urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.