Gasteizko muinoko kale kantoien artean gordetzen dira hirian izan diren gertakari ilunenetako batzuk. Inguruko ezkutuko txokoetan, esaterako, hil zituen Juan Diaz de Garaio Sacamantecas ezagunak sei emakume era beldurgarrian, 1870. eta 1879. urteen artean. Garrotean hiltzera kondenatu zuten Polvorin kartzelan, eta haren hilotza jendaurrean paratu zuten Santa Isabel kanposantuko hobi komunean lurperatu aurretik. Gasteizko gaizkile bortitzenaren istorioak ezagunak dira hirian, baina badira egunkarietako lehen orriak bete ez zituzten beste hainbat istorio ere, eta horiek ezagutzera eman nahi dituzte Gasteizko Elezaharrak izeneko bisitaldiaren bitartez.
Muinoko eraikin esanguratsuenak bisitatu bitartean, errealitatea eta fantasia tartekatuta, bestelako ikuspegi bat eskaini nahi du Artea kultura elkarteak bisitaldi horiekin. Plaza Berritik abiatuta, gauez, Gasteizko misterio, elezahar, ustezko mamu eta krimen zaharrak ezagutzeko aukera dute bisitariek. «Bibliografia, prentsa artikulu, artxibo eta lekukoen adierazpenak oinarri izanik osatu dugu osteratxoa», nabarmendu du Elisabeth Otxoa de Eribe elkarteko arduradunak.
Andresito
Posta plazaren inguruan du lehenengo geldialdia bisitak, 1420. urtera atzera eginez. Izan ere, kondairak kontatzen duen moduan, Maria Sarmiento Aiala Kantzelariaren errainak 3 urteko haurtxo bat aurkitu zuen han, negarrez. «Kaletik eraman, eta gau hartan etxean ostatu eman zion haurrari, baina hurrengo goizean ez zegoen ohean; Jaungoikoaren mezu bat zela uste zuen Sarmientok, umezurztegi bat eraikitzeko eskatuz, eta agindutakoa bete zuen: hiriko lehen aterpetxea izango zena eraiki zuen», azaldu du Otxoa de Eribek. Haurtxo haren negarrak ez ziren baretu, ordea. Handik gertu, Espainiako Bankuaren egoitza zaharrean eta inguruko eraikinetan, haur misteriotsu baten negarrak ere ezagun egin ziren 1990eko hamarkadan. Andresito izenez ezagun egin zen haurtxo haren negarrak entzun zituztela kontatu zuten hainbat lekukok garaiko egunkarietan: «Gaueko zaindari eta inguruko auzokide asko izan ziren umea entzun zutela kontatu zutenak. Frogarik ez dago, noski, baina kuriosoa da dozenaka lagunek gauza bera kontatzea», aipatu du bisitan Gasteizko hainbat misterio aztertu dituen Enrique Etxezarra kazetariak.
Aiztogile kalean, Sanchez Bilbao familiaren istorioaren berri izango dute bisitariek; hiriko familia aberatsenetako bat zen, eta tragedia baten protagonista. Goiuri jauregi barruan Erdi Aroko neskatxa baten hezurdura lurperatuta dagoela gogorarazten duen oroitarria ere ikusiko dute; ezer gutxi dakite haren inguruan, baina ugariak dira elezaharrak. Montehermoso jauregian eta alboko elurtegian bizirik dirauten misterioak ere argitzen saiatuko dira. San Bizente elizako dorrean amaituko da bisitaldia, han ere altxor baten inguruko istorioa gordetzen delako; elizaren ganga gainean agertu zen XX. mendearen amaieran. Dorretik, hiriko ikuspegi ederrenetako batekin amaituko da bisitaldia, misterio berrien zain.
Gasteizko kronika beltza
Misterioz, elezaharrez eta krimen zaharrez osatutako ibilaldia egiteko aukera dute bisitariek Gasteizko Elezaharrak izeneko egitasmoarekin, hiriko alde zaharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu