ATZEKOZ AURRERA. Ane Martinez. Anita Parker taldeko abeslaria

«Gasteizko jaietako euskal giroa oso polita da»

Anita Parker taldeak kontzertua du gaur Gasteizen, txosnetan. Elektro-swing estiloan, dantzatzeko giroa eta aldarrikapen mezuak transmititu nahi dituzte Andre Maria Zuriaren jaietan.

DAVID HERRANZ / MAUKA MUSIKAGINTZA.
Igor Galarza.
2019ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa batzen dituen talde bat da Anita Parker. Arrasaten (Gipuzkoa) sortu zuten, baina Bilbo eta Lakuntzako (Nafarroa) musikari batzuk bildu ziren laukote bat osatzeko, nahiz eta taldearen aurkezpena beti pertsona bakarra balira bezala egiten duten. Ane Martinez (Bilbo, 1990) da abeslari nagusia. Gaur, ordea, Arabara iritsi eta kontzertua emango dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan. Txosnetan izango da emanaldia. Horren gainean eta beste hainbat gauzaren inguruan hitz egin du abeslariak.

Zer animoz zoazte Gasteizko kontzertura?

Izugarrizko gogoa dugu Gasteizen jotzeko. Asko gustatzen zaigu hiria: martxoan jo genuen han, eta errepikatzeko gogoz gaude. Gainera, jai herrikoiak ere asko gustatzen zaizkigu; beraz, gogo handiz gaude. Esne Beltza eta DJ Gimlee ere han egongo dira, eta uste dut sekulako giroa egongo dela. Parranda giro polita eta sanoa sortuko dugu elkarrekin; dantza eta aldarrikapenak eskutik joango dira.

Zer kolore jarriko die Anita Parkerrek jaiei?

Indarra eta dantzatzeko gogoa kutsatzen saiatuko da taldea. Ez bakarrik gerria mugitzeko; buruari eragiteko eta kontzientziara bideratzeko giltza edo bulkada bat eman nahi dugu. Hamaika kolore emango dio taldeak Gasteizi.

Zer egin zaizu berezia Gasteizko jaietan egon zarenean?

Festak, lekuek baino gehiago, pertsonek egiten dituzte berezi. Badira urteak jada Andre Maria Zuriaren jaietara joaten ez naizela. Hala ere, oso oroitzapen onak ditut. Gasteizko jaietako euskal giroa oso polita da. Gainera, jende asko ibiltzen da, bai txosnetan, baita beste leku batzuetan ere, musu truk lanean, militantziaren parte bezala. Eta hori baloratu beharrekoa da.

Bigarren diskoa aurkezteko urtean harrapatu du taldea kontzertu honek. Nola doa urtea?

Apirilean geldialdi bat egin genuen, taldeko partaide batek —Iñaki Bengoak—utzi egin zuelako. Orain, Olatz Andueza, Jon Zubiaga Osoron eta hirurekin batera Mikel Piris dabil. Gure hirugarren urtea da talde moduan. Kontzertuen lehen urtean 60 zuzeneko baino gehiago eman genituen. Aurten, taldekide aldaketa hau dela eta, lasaiago hartu dugu.

Zergatik aurkezten da Anita Parker pertsona bakarra balitz legez?

Lau pertsona —eta atzean dauden guztiak— garen arren, Anita Parkerri izen-abizen singularrak dituen talde bat da guretzat, edo, geure artean esaten dugun bezala, Frankenstein moduko bat. Gizaki bat bezala eboluzionatuz doa, eta ez dugu inoiz definitu nahi izan zer garen edo nor garen, ezta generoan ere, nahiz eta emakume izena jarri genion, emakumeari indarra eman nahiagatik.

Taldeak urte gutxi ditu, baina musikari esperientziadunak zarete. Hori baliatu duzue?

Olatz Anduezak Skalariak taldean jo zuen; Mikel Pirisek hiru taldetan jo du;Jon Zubiagak, Gose taldean; ni ere aurretik Pentatonix Folk taldean ibilia naiz... Saihetsezina eta beharrezkoa da, azken batean, esperientzia horrekin lan egitea. Bizitza bezalakoa da: jakintza eta eskarmentua ematen dizu.

Zer mezu helarazten dizkiozue abestien bidez publikoari?

Emakumeok jasaten dugun zapalkuntza eta gizartean dauden injustizia egoerak beti daude presente gure hitzetan. Taldean lautik bi gara emakumeak, erdiak, eta horrek eragin zuzena du hitzetan. Emakumeok egunero ditugu zapalkuntza kasuak, trabak, oztopoak... Musikarientzat, terapia ere bada hitzak idaztea. Horrez gain, abestiak bozgorailu moduan erabiltzen ditugu, lau haizeetara zabaltzeko. Eta espero dugu Gasteizen ere, dantzarazteaz gain, mezu horiek helaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.