Gasteiz On elkarteko gerentea

Patricia Garcia: «Gasteizen ezkutuan dauden loreak zeintzuk diren erakutsi nahi dugu»

Loreen Astea ospatzen ari dira Gasteizen, eta gaur izango da azken eguna. Hiriko lore saltzaileei, ostalariei eta bestelako merkatariei ikusgaitasuna ematea da asmoa, baita turismoa erakartzea ere.

Patricia Garcia, Gasteiz On elkarteko gerentea eta 'City of Flowers' ekitaldiaren antolatzailea, aste honetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Patricia Garcia, Gasteiz On elkarteko gerentea eta 'City of Flowers' ekitaldiaren antolatzailea, aste honetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Lorez bete da Gasteiz. Lehenbiziko aldiz ospatu dute City of Flowers Loreen Astea Arabako hiriburuan, eta gaur izango da azken eguna. Ostirala eta larunbata dira egun handiak eta «ikusgarrienak», baina aste osoan izan dute gasteiztarrek loreei buruzko hitzaldi eta tailerretara joateko aukera. Gasteiz On elkarteak antolatu du ekitaldia, SEA eta Aenkomer elkarteekin batera, eta Gasteizko Udalarekin elkarlanean. Gasteiz On-eko gerentea da Patricia Garcia (Gasteiz, 1977).

Nondik nora sortu da Loreen Astea egiteko ideia?

2001etik 2006ra loreekin lotutako hainbat jaialdi antolatu genituen. Orduan, Gasteizko Udalak loreekin zerbait egiteko ideia aipatu zigunean, ez genuen zalantzarik izan. Ekitaldiak antolatzeko dugun esperientzia eta urte horietan loreekin izandako jarduerak aintzat hartuta, proiektua prestatzeari ekin genion.

Zergatik loreak?

Loreak elementu atseginak eta politak dira, eta horien bidez hiriko lore saltzaileei ikusgaitasuna eman geniezaiekeela pentsatu genuen. Eta ez hori bakarrik. Ostalaritzari, tokiko merkataritzari, turismoari eta bestelako arloei bultzada handia eman dio Loreen Asteak.

Turistak erakartzea helburu bat zen edo ondorio bat izan da?

Euskal Autonomia Erkidegoan ez dago horrelako ekitaldirik. Uste dut jendea etorri dela, sare sozialek hala erakutsi digute behintzat, eta, gainera, turismo bulegoak bisita gidatu paregabeak prestatu ditu Gasteiztik kanpokoentzat. 

Azken eguna da gaur. Zer aurkituko dute bisitariek kalean?

Lorez apaindutako hamabost monumentu dira atrakzio nagusiak, baina, aldi berean, bisitariek Gasteizko Alde Zaharra eta ingurua ezagutzeko aukera izatea da niri gehien gustatzen zaidana. Gainera, Jazz Vitoriak musikarekin girotuko ditu kaleak.

Nola jakingo dute nork apaindu duen monumentu bakoitza?

Oso ondo identifikatuta dago zein lore salatzaile arduratu den monumentu bakoitza apaintzeaz; ikusgaitasun handia eman nahi izan diogu bakoitzari.

«Loreak elementu atseginak eta politak dira, eta horien bidez hiriko lore saltzaileei ikusgaitasuna eman geniezaiekeela pentsatu genuen».

Ostalaritzari ere eman nahi diozue bultzada. Nola?

Loreekin eta landareekin platerak egiteko formakuntza eta tailerrak jaso dituzte ostalariek. Aste honetan, ikasitakoa praktikara eraman dute, pintxo eta plater oso bereziak eginda.

Haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzue gaurko.

Probintzia plazan haurrentzako gunea antolatu dugu. Puzgarriak, aurpegia margotzeko lekuak eta horrelakoak egongo dira, baina ikasteko lekua ere egongo da. Loreontziak apaintzeko tailerra, ingeleseko klasea... Gasteizko Udalaren webgunean ikusgai daude ekintza guztiak.

Umeentzako zer-nolako garrantzia izan dezake euren hirian Loreen Astea egiteak?

Bada, begira, monumentu bat eskola bateko haurrek apainduko dute, ikasturtean zehar landatu dituzten fruta eta barazkiekin. Landareak zaintzen ikasi dute, eta horietatik fruituak lortzen.

Gizarte ekintza egiteko ere baliatu duzue aukera, eta odola emateko autobusa sartu duzue programan.

Bai. Gaur 09:15etik 13:30era egongo da autobusa Katedral Berriko plazan, eta odola ematen duen bakoitzari kaktus bat oparituko diote.

Hiriko alor asko bateratzea lortu duzue loreen aitzakiarekin.

Bai, loreak aitzakia polita izan dira. Azken batean, Gasteizen ezkutuan dauden loreak zeintzuk diren erakutsi nahi izan dugu. Ezezagunak diren denden atzealdea ezagutarazi eta horiei ahalik eta bultzadarik handiena emateko.

Eta zeintzuk dira altxor horiek?

Bada, gure dendak, tabernak, enpresak eta horietan guztietan lan egiten duten pertsonak.

LOTSABAKO

Monumenturik gustukoena? Ezin dut bakarra aukeratu. Guztiak ikustea gomendatzen dut. 

Lore bat? Hortentsiak gustuko ditut, baina arrosa batek ez du parekorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.