Asteburuko proposamenak

Gasteiz magiko bat

Bihar amaituko da Gasteizen Magialdia magia jaialdia. Guztira, Euskal Herriko eta kanpoko 42 azti igo dira eszenatokietara

Magia ikuskizun bat, artxiboko irudi batean. JULENE FRANTZESENA / UROLA-KOSTAKO HITZA.
ane insausti barandiaran
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Engainua da magia batzuentzat, eta irudimena, besteentzat. Bata ala bestea pentsatu, ordea, aspalditik sortzen du lilura, eta aspalditik erakartzen du jende ugari. Horren erakusgarri, irailero-irailero hartzen ditu magiak Gasteizko kaleak, Magialdia jaialdiaren bitartez. Astelehenean hasi zen aurtengoa, eta bihar amaituko da.

Ikuskizun asko antolatu dituzte jaialdiak irauten duen zazpi egunetarako. Guztira, 42 azti igoko dira Gasteizko eszenatokietara, Euskal Herrikoakez ezik, baita beste herrialde batzuetakoak ere.Jose Angel Suarez ibili da horiek ehizatzen, bera baita Magialdiaren antolatzailea. Lehenagotik ezagutzen ez dituen artisten bideoak bilatzen ditu, beteranoak diren aztien aholkuak kontuan hartzearekin batera.

Antolatzaileen arabera, 15.000 eta 18.000 pertsona inguruk parte hartzen du urtero jaialdian, eta, aurten, 450 zale eta mago profesional gerturatu dira Gasteizera, festibalaren alde profesionalean parte hartzeko. Izan ere, aisialdiko ekintza eta ikuskizunez gain, kongresuak eta eskolak ere antolatu dituzte, diziplinaren jatorria eta bilakaera aztertzeko, besteak beste.

Magiak bereganatutako ospea deuseztatzea da azken jardunaldi horien helburua. Izan ere, askorentzat, engainuaren sinonimo da magia, eta, antolatzaileen ustetan, zerikusi handiagoa du irudimenarekin egindako jolasetik, tranpatik baino. Jendeak, ordea, askotan nahiago izaten du logikari eta arrazionaltasunari jarraitzea.

Egitaraua

Gaur eguerdian hasiko dituzte magiaren astea biribiltzeko asteburuko ekintzak. Vital fundazioa kulturunean Christian Mirok familia osoarentzako magia ikuskizuna egingo du. Ordu berean, baina Bibat museoan, magia tailerrak egingo dituzte 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. 12:30ean, berriz, Magic Theatre taldearen emanaldiaz gozatuko dute Aihotz plazara gerturatzen direnek.

Arratsaldean jarraituko dute magiarekin lotutako ekintzek. 18:00etan eta 21:00etan, nazioarteko magia eszenaren gala egingo dute: besteak beste, Agustin Aristaranek, Aegon Laserrek, Alain Simonovek eta Adrien Quillienek parte hartuko dute bertan. Vital fundazioa kulturunean, berriz, Aurelio Paviatoren helduentzako ikuskizunak amaituko du larunbateko egitaraua.

Bihar, Bibat museoko tailerra eta Aihotz plazako ikuskizuna bezperako ordu berean izango dira: 12:00etan eta 12:30ean, hurrenez hurren. Atarian, David Navaresek magia ikuskizuna egingo du —sarrera doakoa izango da—. Azkenik, itxiera gala egingo dute Espainiako Plazan: Iñaki Zabaletak, Gonzalo Albiñanak, Giovixek, Peio Rivasek eta Juan Colasek parte hartuko dute ikuskizunean.

Magialdia



Gaur eta bihar, 12:00etan, Gasteizko hainbat lekutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.