Garunaren eta antsietatearen elkarrizketa

Antsietatea erreakzio natural gisa uler daiteke: gorputzak arriskuei aurre egiteko erabiltzen duen metodoa da. Baina egunerokoan ere ager daiteke. Antsietatea tratatzeko erabilgarria izan daitekeen molekula aurkitu dute: nt3.

Antsietatearen ilustrazioa / BERRIA
Antsietatearen ilustrazioa. BERRIA
itsaso jauregi 2
2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Izerdia, bihotz taupada azkarrak eta arnasa hartzeko zailtasunak: antsietatea organismoak mehatxutzat edo estresagarritzat hartzen dituen egoeren kontrako erantzun gisa uler daiteke. Erreakzio natural bat da, gorputza prestatzen duena arrisku posibleei aurre egiteko edo horiei ihes egiteko. Antsietateak nerbio sistema sinpatikoa aktibatzen du, eta horrek aldaketa fisiologikoak eragiten ditu, hala nola bihotz erritmoa areagotzea, arnasketa azeleratua eta estresaren hormonak askatzea, kortisona kasurako. Aldaketa horiek gizabanakoari erne egoteko eta arrisku egoerari azkar erantzuteko aukera eskaintzeko diseinatuta daude, eta, normalean, estresa edo mehatxua desagertzen direnean desagertzen dira. Hala ere, kasu batzuetan antsietatea kronikoa bihur daiteke, eta horrek antsietate nahasmenduak eragiten ditu.

Antsietate hitzaren jatorria latinezko ango (estutu) eta angustia hitzetatik dator, eta urte luzez aztertu den kontzeptua da. Hipokrates mediku greziarrak eta haren dizipuluek Corpus hipokratikoa izeneko testu medikoan antsietatearen inguruan egin zuten lehendabiziko definizioa jaso zuten: «Pazienteak erraietan sartutako arantza bat du; goragaleak harrapatzen du, eta beldurrak eraso egiten dio». Benedict Morel mediku austriarrak gaur egun antsietate esaten zaionaren oinarriak finkatu zituen 1866an. Morelek antsietate orokorra, izu krisiak, obsesioak eta fobiak ikertu zituen, eta, haren ustez, hori guztia emozioekin lotuta zegoen, nerbio sistema autonomoa euskarri fisiologikotzat hartu baitzuen.

Nafarroako Unibertsitateko Jose Pablo Bullard psikiatriako doktorearen arabera, antsietatea, oro har, erreakzio «normala» da: «Pertsona bat egoera batera egokitzea eskatzen duen oinarrizko erantzuna da». Aldaketa batzuk gertatzen dira garunean, gauza berri baten aurrean alerta egoeran sartzen delako: gorputza estres bati edo ezusteko gertaera bati aurre egiteko prestatzen da. Amigdalak berebiziko garrantzia du erantzun hori prestatzeko orduan, eta antsietatea sortzeko eta erregulatzeko orduan. 

Garuneko sistema linbikoan kokatzen den almendra itxurako egitura da amigdala; emozioak prozesatzen ditu, batez ere beldurra eta antsietatea. Amigdalak informazio sentsoriala jasotzen du, estimuluen garrantzi emozionala ebaluatzen du, eta, mehatxu bat hautematen duenean, antsietate erantzun bat sortzen du: estresari erantzuteko sistema aktibatzen du. Eta azpimarratu behar da antsietate terminoa oso zabala dela, eta hura osatzen duten eta elkarren artean desberdinak diren hainbat adar dituela, hala nola izu nahasmendua, fobiak eta trauma osteko estresaren nahasmendua.

Amigdalaren boterea

Beldurraren hasierako erreakzioak azkarra behar du izan: errepide erdian bazaude eta kamioi bat agertzen bada, gorputzak azkar erreakzionatu behar du errepidetik aldentzeko. Segundo batean garunak beldurra prozesatzen du, eta arriskua ekiditeko pausoa ematen du. Talamora eta amigdalara iristen dira zentzumen guztiak —usaina izan ezik—, eta hortik kortexera, garuneko azal geruzara, igarotzen da: «Kamioi bat». 

Talamoak eta amigdalak jasotzen duten informazioa inkontzientea da, eta jasotako informazioa kortexera igarotzen dutenean kontziente bihurtzen da. EHUko Psikologia irakasle eta neurozientzialari Garikoitz Azkonak prozesu hori sakon ikertu du, eta amigdala «oso inportantea» dela esan du, izuaren fisiologia «berehala» aktibatzen duelako. Orduan, zer gertatzen da pertsona batek antsietatea duenean? «Antsietatea daukaten pertsonen amigdala, inongo arrazoirik gabe, asko aktibatzen da, eta horrekin batera sistema sinpatiko autonomoa. Horren ondorioz, atakea sufritzen dute, eta arrazoinamenduak ezin du deus egin momentu horretan», azaldu du Azkonak.

Azterketa bategatik edo laneko zerbaitegatik urduri egotea «normala» da, Bullarden arabera, baina arazoa antsietatea beste arlo batzuetan zabaltzen hasten denean sortzen da: «Alerta egoeran jartzen hasten zarenean hala behar behar ez duenean, inolako estimulurik ez dagoenean. Ohikoena da gorputza alerta egotea estimulu arrunten aurrean, hala nola lanera joatean edo erosketak egitean. Horrek gainkarga bat sortzen du». Munduko Osasun Erakundearen datuen arabera, Europako Batasuneko biztanleen %5,4k antsietate nahasmenduak dituzte.

Orain arte frogatu dute garuneko nerbio zelula batzuek «blokeatuz» edo «desblokeatuz» erregulatzen dituztela beldurraren erantzunak. Prozesu horretan nerbio zelulen hainbat zirkuituk hartzen dute parte, eta horien artean «tira eta laxo» moduko bat dago, non batek bestea deuseztatzen duen, testuinguruaren arabera. Sistema hori aztoratzen bada, adibidez, beldurraren erreakzioak blokeatuta egoteari uzten badiote, antsietate nahasmenduak sor daitezke, besteak beste. 

Antsietatea-nahasmendua garatzeko orduan, hainbat faktore hartu behar dira kontuan. Lehenik eta behin, karga genetikoa azpimarratu du Bullardek. Izan ere, antsietate-nahasmenduren bat dutenen senideek arrisku handiagoa dute geroago antsietatea garatzeko: «Karga genetiko bat izan dezakezu, alterazio kimiko bat, baina ez badago antsietatea bizkortzen didan ezer, gerta liteke ez garatzea». Antsietatea bizkortzeko gertatzen dena izendatzeko, «trauma» hitza erabili du Bullardek, eta Azkonak «gizarte kapitalista». Marta Carmona eta Javier Padilla psikologoek Malestamos (2022) liburuan azaldu zuten gizarteak garrantzia duela antsietatea garatzeko orduan: «Hizpide dugun ezinegon horrek zerikusia du sistemak funtzionatzen duen moduarekin, baita gure denboraren jabearekin eta gure bizi proiektuari buruz daukagun agentziarekin ere». Beraz, ez da bakarrik erreakzio kimikoen eta genetikaren kontua, baizik eta gizarteak badu eragin nabarmena antsietate nahasmenduen garapenean.

Beldurraren molekula

Azkonak parte hartu duen ikerketa talde batek beldurra itzaltzeko prozesuan inplikatuta dagoen molekula bat identifikatu du: nt3. Neuronen biziraupena errazten duten proteinen familiaren parte da, eta, Azkonak azaldu duenez, baliagarria da beldurrak sortzen dituen estimuluak kontrolatzeko: «Saguetan egin genituen probetan ikusi genuen amigdalaren estimulua itzaltzean nt3 aktibatuta zegoela». Nt3 horrek zer egiten du? Amigdalaren erantzuna ez aktibatzea, edo motelagoa izatea: «Beldurraren irakaskuntza ez da inoiz ahazten, itzali egiten da. Horrek esan nahi du ez duela inongo erreakziorik fisiologikoki, baina estimulu horrek zerbait txarra egiten badit, berriz bueltatuko da beldurra», azaldu du Azkonak. 

Beldurraren molekula gehiago ikertu nahi du Azkonak, eta farmakologoekin hitz egin antsietatea hobeto tratatzeko sendagaiak gara ditzaten: «Orain dauden sendagai guztiek ez dute antsietatea itzaltzen laguntzen, baizik eta sistema inhibitzen dute». Bullard doktoreak azaldu duenez, gaur egun erabiltzen diren sendagaiek serotonina burmuinean metatzen laguntzen dute, eta suposatzen da horrela pazienteak hobera egingo duela. Garunak ezkutatzen duen horretan sakondu nahi du Azkonak, eta, nt3 molekularen eskutik, izerdiak, bihotz taupada azkarrak eta arnasa hartzeko arazoak dituztenen bizitzak pixka bat erraztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.