Gaur 11:30ean hasiko da festa, Berangoko joaldunekin. 12:00etan, Gartxoten taillan bilduko dira joandako guztiak, Gartxot Egunari hasiera ofiziala emateko. «Une berezia izango dela uste dut, aspaldi ikusi ez dugun jendea ikusi ahal izango dugulako», gehitu du Aranburuk. Izan ere, 2020an ospatu zen azken aldiz normaltasun osoz egun hori, iaz formatu oso txikian egin ahal izan zuten eta. Bazkaria egingo da 14:30ean, eta, ondoren, bertso saio dinamikoa egongo da, Maddi Ane Txoperenarekin eta Amaia Iturriotzekin. Arratsaldean, musika eta festa izango dira nagusi. Afariaren ostean ere luzatuko da festa.
Bihar 10:00etan hasiko da eguna, Elkorretara egingo den ibilaldiarekin. «Gartxot Ekimena elkartean hasieratik genuen helburua zen Elkorreta ezagutaraztea», kontatu du Aranburuk. Elkorretan egon zen preso Gartxot, eta, duela urte batzuk, elkarteko kideek bidea garbitu eta markatu zuten, irisgarriagoa izan zedin. Gaur egun, Nafarroako 30 ibilbiderik ederrenen artean dagoela aipatu du antolatzaileak. «Uda edo udaberrian egiteko ibilbide polita da, baina neguan, eguraldi kaskarrarekin, apur bat gogorragoa izan daiteke», esan du Aranburuk.
12:30ean, haur eta gaztetxoentzako jolasak izango dira, eta 14:30ean ekingo diote bazkariari, gaurkoa ez bezala, autogestionatua izango dena. Bazkalostean hasiko dira agurrak joandakoen artean, Gartxot Egunari amaiera emango baitzaio; hori bai, hurrengo urtera arte.
Egun handia herriarentzat
Herri txikia da Itzaltzu; Aranburuk kontatu duenez, 36 pertsona daude erroldatuta, eta urte osoan 22 biztanle besterik ez ditu. Horietatik sei besterik ez dira antolaketa lanez arduratzen. Hala ere, inguruko herrietako boluntarioen laguntza izaten dute beti: «Izugarrizko lan karga izaten da, baina, jendearen erantzuna ikusi ondoren, merezi izaten du, guztiz», esan du.
Jende andana espero da gaur eta bihar Itzaltzun. Otorduetarako txartelak salgai jarri, eta segituan agortu ziren 170 txartel. Berrehunentzako emango dituzte otorduak. «Asteburu bakar batean hainbeste jende eta halako giroa ikustea oso hunkigarria da», amaitu du Aranburuk.