Euskaraz kantatzeagatik zigortu egin zuten behinola Gartxot; jaioterriak, Itzaltzuk (Nafarroa), ezin du ahantzi gertakari hori. Haren ahotsa inoiz isildu bazuten ere, egungo herritarren euskara inoiz baino ozenago aditzen da: Gartxot eguna ospatuko dute asteburuan Itzaltzun. Amaia Cambra (Iruñea, 1991) da antolakuntza taldeko kideetako bat.
Oroitzen duzu lehen Gartxot eguna?
Lehendabiziko aldia 2009an izan zen, orduan estreinatu genuen. Hasierako urte horietako besta ez zen azken urteotakoen gisakoa, noski, askoz ere xumeagoa eta txikiagoa zen. Mendi buelta bat egiten zen, eta, gero, bazkari autogestionatua. Txiki hasi eta handituz joan gara, gaur egungo asteburu formatua hartu arte. Ahalegintzen gara adin guztietako ikus-entzuleak erakartzen, baita garaietara eta eskarietara egokitzen ere. Lehen aldi hartako lekuak ere jada ez dira berak, karpak eta beste zenbait gauza lekuz aldatu baititugu.
Zer helbururekin sortu zenuten?
Gartxot Ekimena elkarteak dituen hiru helburu berak ditu Gartxot egunak: euskara bultzatzea, kondaira zabaltzea eta auzolana indartzea. Hiru helburu horien gainean eraikiko dugu aurten ere asteburua. Euskal Herriko euskaltzaleak eta Gartxoten zaleak elkartzeko aitzakia bat da asteburukoa, horretarako plaza bat, eta, Itzaltzu herri txikia izanik, oso pozgarria da jendea hain interesaturik ikustea.
Eta bete dira helburuak?
Bai, guztiz. Zaraitzu ibar euskalduna da, bai, baina egunerokoan zaila da bizitza euskalduna egitea. Gartxot egunaren asteburua bizigarria izaten da alde horretatik, ibarra euskararen arnasgune bilakatzen delako eta herritarrek arnasa hartzen dutelako. Azken urteetan kondaira zenbat zabaldu den ikusita, zalantzarik gabe esango nuke helburua bete duela Gartxot egunak. Egia da 2003an Asisko Urmenetak komiki liburua egin zuela eta horrek berak hauspotu zuela kondaira, eta are gehiago zabaldu zela 2011. urtean argitaratutako filmarekin. Uste dut elkar lagundu eta elikatu dutela faktore horiek; emaitza oso ona ekarri dute.
Zein da asteburu honetako egitaraua?
Bihar hasiko gara, goizean, ekitaldi batekin. Plazan ekitaldi sorta bat egingo dugu, musikarekin, dantzarekin eta hainbat kultur elementurekin. Bermutaren bueltan elkartuko gara denok. Herri bazkaria izango dugu ondotik; azken urteetan, txartelak salgai jarritako egun berean bukatzen dira beti. Postrearekin batera, beste postre bat: bertso saio dinamikoa. Bertso saio tradizionalaren nahasketa gisako bat da, eta Jon Maia eta Julio Soto arituko dira aurten. Arratsaldean, kantuan eta dantzan arituko gara erromeriarekin, eta, bukatzeko, Ezekiel eta Malakias izango ditugu. Itzaltzu herri txikia denez, aurten ere ahalegindu nahi genuke ahalik eta auto gutxien sartzen herrira; taxi zerbitzua jarri dugu Otsagabitik (Nafarroa). Igandean mendi txangoa egingo dugu goizean, Gartxoti bisita egiteko. Herrian, plazan, Porrotxen emanaldia izango da, eta bazkariarekin emango diogu bukaera asteburuari.
Auzolanean aritzen zarete?
Bai, kontu bitxia gertatzen ari da, gainera: hasieran, gertuko jendea bakarrik aritzen zen antolakuntzan eta auzolanean, baina azken urteetan kanpoko jendea ere etorri da laguntzera, urrundik bada ere.
Oraindik ere egonen da jendea Gartxot nor den ez dakiena.
Bai, noski. Esango nuke urtero topatzen dugula norbait Gartxot nor den ere ez dakiena. Baina, era berean, urtero izaten dira historia asko maite duten eta Gartxot ederki ezagutzen duten batzuk. Ahalegintzen gara transmisio lan hori egiten.
Ibarrekoa ez den jendea ere joanen da Gartxot egunera, ezta?
Euskal Herri osotik etortzen da jendea, nahiz eta ingurukoak ere beti etortzen diren. Jende asko dago urruti samarrekoa dena eta urtero-urtero etortzen dena.
Noiz hasten da antolakuntza prozesua?
Era antolatuan eta ordenatuan, abuztuan-edo hasi ohi gara, taldeak erabakitzen duenaren arabera. Aurten, adibidez, erabaki genuen uda aurretik hasiko ginela dena antolatzen, gauza batzuk garaiz lotu behar baitziren, besteak beste.
Asteburu hotza eta iluna izanen da, berez.
Nahita jarrita dago eguna, Gartxoti egindako keinu txiki gisan. Uste dugu, gainera, ekarpen polita dela herriarentzat eta ibarrarentzat ere, neguan horrelako ekitaldi gutxi izaten baitira halako lekuetan. Udan bai, udan errazagoa da gauzak antolatzea, baina neguan ere bizirik eutsi behar zaie herriei.
Zer taldek antolatzen du?
Gartxot Ekimena elkarteak; alegia, herriko jendeak, euskaltzaleek eta Gartxoten zaleek. Auzolanean eta elkarlanean, betiere.
Berritasunik eginen duzue aurten?
Aurten Arturo Kanpionen kilikia aterako dugu, IKA euskaltegiak utzita. Azken urteetan, guk dauzkagunak atera ditugu: Gartxot eta Frai Martin, eta aurten beste bat gehitu dugu.
Zer da Gartxoten kondaira herrikoentzat?
Gartxot euskararen erresistentzia bat da ibarrean, erreferente bat eta helduleku bat. Uste dut Zaraitzuko euskaldunentzat euskal indar bat dela, nortasuna garatzen duena.
Urteko gainerako egunetan egiten diozue keinurik Gartxoti?
Ekainean Udamuga besta ospatzen dugu, pelikulan ateratzen dena. Sanjoanak ospatzen direnean, guk Udamuga besta ospatzen dugu: mendira joan, sua piztu eta era autogestionatuan afaldu.
lotsabako
Asteburuan huts eginen ez duzun zerbait?
Malakiasen emanaldia.Kontzertua, zutik edo eserita?
Zutik, oro har.Itzaltzuko leku bat?
Arboleda.