Gastronomia

Garrotikoak hiriaren altxor

Beatriz gozotegiak sona handia dauka Iruñean, batez ere, haien garrotiko ezagunengatik. 2019an lokal berria ireki zuten Curia kalean, eta baita Estafetakoa mantendu ere. Bolada batez itxita egon ostean, aurki ateak irekiko ditu berriz.

Garrotikoak, Iruñeko Beatriz dendan. IÑIGO URIZ / FOKU
Garrotikoak, Iruñeko Beatriz dendan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ane Etxandi.
Iruñea
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Curia kalean gora egin ahala, Iruñeko katedrala amaieran, usain bereizgarri batek betetzen du dena. Ohiko irudia da ilarak ikustea 16. zenbakiaren bueltan. Turistak eta erromesak, jakin-minez, erakusleihoan pilatzen dira, dendan zer saltzen ote duten argitzeko. Bat baino gehiago ilarara gehitzen da gero. Izan ere, Beatrizek badauka ahalmen hori; jendea erakartzeko eta harrapatzeko ahalmena. 

«Egin berriak dira, ilusioz eta gogoz eginak», azaldu du Lourdes Gomezek, Beatriz gozotegiko jabeetako batek. Hori da, omen, arrakastaren sekretua. Multinazionaletatik eta handikietatik at, negozio txikiek dituzten egiteko moduak nabarmendu ditu. 25 urte daramatzate Lourdes eta Asun Gomez ahizpek Beatriz gozotegian lanean. Palmerak, opilak, madalenak eta pastak egiten dituzte. Baina badago dendan nagusi ukaezin bat: garrotikoa. 

Hostorea eta txokolatea. Besterik ez. Agian, sinpletasun horretan dago xarma. Hala ere, prozesua ez da hain sinplea, eta lan handia eskatzen du. 04:30ean pizten ditu sukaldeko argiak Lourdes Gomezek. Hurrengo egunerako hostorea prestatzen hasi, eta aurreko egunekoa txokolatez bete. Izan ere, oreak egun batez egon behar du hozkailuan. Arrautzarekin busti eta labera. Geroago Asun Gomez iristen da, eta eskariak prestatzen hasten da.

Aspaldiko saltokia

25 urte daramatzate bi ahizpek Beatrizen lanean, baina negozioak badu historia luzeagoa. 60ko hamarkadan Pablo Saraldik lokala eskuratu, eta emaztearen izena eman zion. Garai hartan hasi zen bikote hura pastak eta gozoak egiten, eta orduan hasi zen ezagun egiten gozotegia hirian; Saraldi sukaldean eta Beatriz salmahaian. Seme-alabarik izan ez zutenez, negozioaren jarraipena kolokan egon zen bolada batez. Lourdes Gomezen senarrak lehengaiak banatzen zizkion gozogileari, eta lotura horrek ahalbidetu zuen dendaren jarraipena.

(ID_14251519) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-09-13, Iruñea. Iruñeko Beatriz gozotegiko garrotikoek sona handia daukate hirian eta hirit...
Lourdes Gomez, Beatriz dendan, joan den irailaren 13an. IÑIGO URIZ / FOKU

Urtebetez aritu ziren Gomez ahizpak Saraldirekin lanean, Estafeta kaleko lokal mitikoan, errezeta guztiak ikasteko eta negozioaren nondik norakoak ezagutzeko. Oso harreman ona eraiki zuten: «Estafeta kalean bizi ziren, eta, edozein arazo izanez gero, edo errezeta bat gaizki ateraz gero, berehala etortzen ziren dendara laguntzera», adierazi du Lourdes Gomezek. 

2019. urtean Curia kaleko denda ireki zuten, bestea txiki geratzen baitzitzaien. Biak mantendu zituzten bolada batez, baina COVID garaiko segurtasun neurrien ondorioz, eta eraikin osoa berritzeko eraikuntza lanak egin zituztelako, itxi egin behar izan zuten. Berriro ere irekiko dute aurki. «Hona etortzen hasi ginenean, negar egiten nuen. Estafetan oso gustura geunden, oso harreman ona geneukan jendearekin. Herri txiki bat bezalakoa da. Bi aste barru berriro irekiko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.