Asteburuko Proposamenak

Garrasi bat bi norabidetan

40 Minutu Rock jaialdia egingo dute etzi, Durangoko Landako gunean. Palestinako Dam taldea gonbidatu dute aurten, elkartasun keinu gisa.

40 minutu rock 2023
Iazko 40 Minutu Rock jaialdiko argazki bat. BERRIA
ane insausti barandiaran
2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Tik-tak, tik-tak. Irri bat, keinu bat, malko bat (...). Denbora arnasa da, eta itolarria. Lasaitasuna da, eta egonezina. Denbora maitasuna da, eta mina ere bada. 40 minutu lokutorioan, ziztada. Tik-tak, tik-tak. Oihukatu gura dugu: noiz etorriko zara?». Hala dio 40 Minutu Rock jaialdiaren spotak. Lurrean eraikitako erloju batekin hasi, eta garrasi kolektibo batekin amaitzen da.

Etzi izango da euskal presoen aldeko elkartasun jaialdia, Durangoko (Bizkaia) Landako gunean. Oihuka astinduz orratzak da aurtengo leloa, eta, jaialdiaren izenak berak dioen bezala, presoak bisitatzeko denbora horri egiten dio erreferentzia. Hala azaldu du Anes Baños antolakuntzako kideak: «40 minutu horiekin amaitzeko ordua dela aldarrikatu nahi genuen, eta, denak etxeratu arte, norbanako ororen oihu eta aldarria kalean sentitu behar dela».

Urtero bezala, euskal presoak etxeratzearen aldeko oihua eramango dute jaialdira. Azken hilabeteetako «berri onak» gorabehera, oraindik 141 euskal preso daudela gogoratu du Bañosek, eta «salbuespen legedia» aplikatzen zaiela salatu. Hori guztia amaitzeko eskatuko dute: «Badaude oraindik preso asko bide luze eta iluna daukatenak aurretik. Hori ikusarazten ari gara azken hilabeteetan: nahiz eta hirugarren gradua eman, zelan errekurtsoekin bueltatzen ari diren kartzelara, bizi osoko zigorrak dauzkatela Frantziako kondena ez betetzeagatik...».

Palestinarekiko elkartasuna

Aurten, garrasiak bi norabide izango ditu. Izan ere, begi bat Euskal Herrian eta bestea Palestinan izan du jaialdiko antolakuntzak. Hain justu, Palestinako herriarekiko elkartasunez, Dam taldea gonbidatu dute jaialdira. «Antolakuntzako bileretan geundela, Palestina jasaten ari den genozidioaz kezkatuta, berbetan ibili ginen. Euskal Herrian ere, norbanako eta kolektiboek ardura hartu behar dugu gaiaren inguruan. Horregatik hartu genuen erabakia: aurrerapauso bat eman behar genuelako», azaldu du Bañosek.

«40 minutu horiek amaitzeko ordua dela aldarrikatu nahi genuen, eta norbanako ororen oihu eta aldarria kalean sentitu behar dela, denak etxeratu arte».

Fermin Muguruzaren bidez jarri ziren haiekin harremanetan, eta ostegun eta ostiralean dira heltzekoak, okerrik ezean. Izan ere, badakite ez heltzeko arriskua ere hor dagoela: «Palestina 48 izeneko lurralde batean bizi dira, eta Israelen kokatuta dago; baina lurralde okupatua da, Palestina osoa bezala. Espero dugu Israelgo Estatuak ateratzen uztea, baina badakigu mugak zer zailak diren batzuentzat».

Gainera, rap taldeak izan ditu Euskal Herriarekiko keinuak, Bañosek gogoratu duenez. Hain justu, 18/98 auzia zela-eta antolatutako elkartasun jaialdi batean izan ziren, Barakaldon (Bizkaia). «Orain guri tokatzen zaigu haiekiko elkartasun hori erakustea, eta egiten ari diren genozidio hori salatzeko aurrerapauso bat ematea», adierazi du.

Euskal Herriko musika eszenako hemezortzi talde igoko dira oholtzara, etzi. Besteak beste, Ibil bedi, Belako, Esne Beltza, Burutik eta Raimundo el Canastero. Euskal Herrian askotariko musika taldeak daudela jakinik, aniztasun horri leku egiten saiatu direla nabarmendu du antolakuntzako kideak: «Beti ahalegintzen gara aniztasuna egon dadin, zentzu guztietan: estilo aldetik, genero aldetik... eta urtero ekartzen dugu, adibidez, gure inguruko Durangaldeko talde bat, haiek ere leku bat izan dezaten».

«Antolakuntzako bileretan geundela, Palestina jasaten ari den genozidioaz kezkatuta, berbetan ibili ginen. Euskal Herrian ere, norbanako eta kolektiboek ardura hartu behar dugu gaiaren inguruan».

10:30ean irekiko dituzte ateak, eta 11:00etan hasiko dira kontzertuak. Sarrerak salgai daude oraindik, eta larunbatean bertan ere hala egongo direla aurreikusi du Bañosek, ez baitira amaituko. Hortaz, elkartasun garrasi horren parte izatera animatu du jendea, musikaren bidez aldarrikapen eta salaketa horiek egiteko: «Elkartasun jaialdi bat dela eta giro sanoa sortzea beharrezkoa dela gogoratu nahi dugu. Bestela, Euskal Herri osoko jendea gonbidatu nahi dugu, euskal presoei elkartasuna erakusteko, eta baita Palestinako herriari ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.