Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo. Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera

«Garrantzitsua da libre sentitzea eta kalean lasai ibili ahal izatea»

Jaietarako plana aldatu zaie aurten: goizeko giroa ezagutu du Renteriak, eta Pinpilinpauxaren txosnatik haragokoa Pinedok.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Bazterrezina da nekea, baina pozak estaltzen du bederatzi egunez, egunean hamabi orduz. Saihetsezina da orobat eguzkia, baina samurragoa dirudi Bilboko Areatzako Gastroguneko gerizpean aterpetuta. Eta ezin zaie entzungor egin lehiaketa gastronomikoan parte hartzen ari direnen ahots ozenei, ezta kioskoan jotzen ari den Udal Musika Bandaren doinuei eta alabaren txantxei ere. Hori ere bada-eta Aste Nagusia: lasaitasunaren ukazioa. Gustura dabiltza giroan, ordea, Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslari eta pregoilaria (Bilbo, 1976) eta Izaskun Pinedo Pinpilinpauxa konpartsako kide eta txupinera (Bilbo, 1978).

Nola doa Aste Nagusia?

AIORA RENTERIA: Oso ondo. Gustura gabiltza ekintzetan, beste Bilbo bat ikusten ari gara.

IZASKUN PINEDO: Nekatuta gaude, baina pozik; jendeak oso ondo tratatzen gaitu.

RENTERIA: Jende oso majoa dabil, maitasun handiz hartzen gaituzte: bazkaltzen ari diren batzuen ondotik pasatzen gara, eta sekulako txalo zaparrada egiten digute; argazkiak, musuak... eskatzen dizkigute. Oso polita da, baita arraro samarra ere.

Beste Bilbo bat ezagutzen ari zarete, esan duzuenez. Nolakoa?

RENTERIA: Gauza da nik Bilboko jaiak beti bizi izan ditudala gauez; ekitaldi hauetan, lehiaketa gastronomikoetan, mus txapelketan... ez naiz inoiz egon. Eta aurten, gauez ez naiz ibili, egia esan. Bigarren egunean, saiatu ginen kontzertu bat ikusten, baina jende asko dagoen tokietan oso zaila da trajearekin ibiltzea, eta, gainera, nekatuta geunden. Egunak aurrera egin ahala, batzuetan ez dakizu oso ondo zer egin behar duzun: jendearekin egon, elkarrizketak egin, sariak eman... Gaua heltzen denerako leher eginda zaude.

Eta zuretzat, nola aldatu da Aste Nagusia?

PINEDO: Iaz aldatu zen jada, goizean eta arratsaldean ateratzen hasi bainintzen, alabarekin, berari gustatzen zaizkion ekintzetara. Aurten, beste ekintza batzuk ikusten ari naiz: egon naiz mus txapelketan, raparenean, aerobithoian, karaokean... Lehen, Pinpin [Pinpilinpauxa konpartsa] egoten nintzen, eta nire giroan mugitzen nintzen.

Gaua desagertu zaizue, beraz?

RENTERIA: Bai; lehenengo gauean gauerdira arte gelditu nintzen, eta nahiko, ze hurrengo egunean suziria bota behar da. Uste dut halan erritmoa eraman ahal dela, gauez etxera joanda; beste Aste Nagusi pila bat edukiko ditugu gauean ere ateratzeko.

Zuen eguna 10:00etan hasten da, ezta?

PINEDO: Bai; 10:00etan,Arriagan egon behar dugu suziria botatzeko. Gauez ateratzen bazara, ez baduzu ondo deskantsatu, goizegi da.

RENTERIA: Normalean, hamabi orduz egoten gara.

Zer moduzkoa izan zen suziriaren eguna, lehen eguna?

RENTERIA: Oso egun polita izan zen. Bazkaria eduki genuen, eta oso urduri nengoen, baita bezperan ere. Jantziak jarri genituenean, baina, erlaxatu nintzen: kito, heldu da ordua. Egin genuen paseoa; konpartsakideak, txaloka, eta biak negar batean... Beldur handia nion egun horri, eta sekulakoa izan zen, oso asebetegarria.

PINEDO: Ni ere oso urduri egon nintzen aurreko egunetan: hau ez da nire medioa, elkarrizketak egitea kostatzen zait, urduri jartzen naiz... Trajea jartzean, lasaitu nintzen, ez dakit zergatik, magiaren parekoa izan zen. Eta konpartsakideak ikustean, eta nire Pinpikoak ikustean [hunkitu egin da]... Denak txaloka, denak oihukatzen; kalejiran primeran pasatu genuen. Pinpik bere musika eramaten du, baina, aurten, formal joan ziren, musikarik gabe, gaiteroena ez zapaltzeko.

Aurkezpenean, esan zenuten izendapen honek harrotasuna pizten zizuela.

RENTERIA: Harro egoteko modukoa da jendeak nigan pentsatzea Bilboko jaietako sinbolo bat izateko.

Sinbolo bat denez, ardura ere bada?

RENTERIA: Bada ardura, baina ez da kargu politiko bat, ez dugu ardura bat jendeari dagokionez... Ardura da, eta arduratsu hartzen ari gara bai protokoloa, bai ordutegia... Baina jaietan gaude, eta hori da gure ardura: hemen egotea jendearekin, argazkiak ateratzea... Ez da hil edo bizikoa. Ez da berak bere lanean daukan ardura bera [Pinedoz ari da; erizaina da].

PINEDO: Ardura bat da geure buruari dagokionez, eta oso pozik egiten dugu. Ardura dute, adibidez, Jai Batzordekoek, dena ondo atera dadin kontrolatu behar baitute. Nire ardura da suziriarekin kontuz ibiltzea, jendearengana ez botatzea [barre].

Aurkezpenean, halaber, emakumeek jaietan duten garrantzia azpimarratu zen, haien presentzia, eta pregoian hori nabarmentzeko asmoa zenuela adierazi zenuen.

RENTERIA: Garrantzitsua da jendea libre sentitzea, kalean lasai ibiltzea eta disfrutatu ahal izatea. Txarrena da etxean gelditzea beldurragatik, eta jaietara ez etortzea giroagatik. Baina uste dut hemen giro oso polita dagoela.

Hemendik aurrera aldatuko da zuen Aste Nagusia?

RENTERIA: Kontzertuetara joango naiz, baina uste dut gauza asko aldatuko direla. Igual momentuko gauza bat da, baina sentitzen dut lagun berriak egiten ari naizela; datorren urtean, Pinpira joango naiz txapa ematera. Eta hona [sukaldaritza lehiaketetara] askoz gehiago etorriko naiz, lagunekin ere gauzak prestatuko ditut. Errekaldeko jaietan beti parte hartzen dugu tortillen lehiaketan eta beste gauzetan, eta hiriko erdigunean ere egin nahiko nuke, eguneko giroa ere oso polita baita.

Zuretzat ere desberdina izango da?

PINEDO: Jende pilo bat ezagutzen ari naiz, eta aurrerantzean saiatuko naiz txosnetatik ibiltzen, ez bakarrik Pinpin eta alboan daudenetan. Azkenean, eremu hori erosoa da niretzat, badakit hor mugitzen; bada, datorren urtean, beste leku batzuetara joango naiz.

RENTERIA: Datorren urtean ere aukera izan nahi dugu aurten ezagutu dugun jendearekin egoteko, pixka bat behintzat.

Zer falta zaie jaiei?

PINEDO: Hainbeste gauza daude... Inork ez digu esan: «Hau egingo balitz...».

RENTERIA: Egongo dira hobetzeko gauzak. Baina uste dut Bilboko jaiak eredu oso interesgarria direla: gustatuko litzaidake konpartsek jarrai dezaten kaleak horrela hartzen, eta programazio alternatibo hori guztia egiten. Uste dut hori dela Bilbok daukan gauzarik politena. Kalea oraindik bilbotarrena da, beste jai batzuetan ez bezala. Hiriaren erdialdea horrela hartuta egotea sinestezina da egungo mundu honetan, hiri guztiak aldatzen ari baitira, bide berean ari baitira turismoari dagokionez.

PINEDO: Kanaria uharteetan [Espainia] bizi den neska batek esan zigun urtero etortzen dela jaietara, pilo bat gustatzen zaizkiolako.

Aurten, 1983ko uholdeak hizpide izan dituzte konpartsek. Nola ari zarete oroitzen?

RENTERIA: Rapean atera zuten gaia, adibidez; larunbatean [gaur] ekitaldi bat egongo da... Txosnen diseinuetan ere gogoratu dira. Baina, azkenean, dioten elkarlan hori errepikatu egiten da. Elkarlana egon zen orduan, baina elkarlanari eutsi egin zaio urtez urte; bestela, ezinezkoa izango litzateke hau guztia muntatzea.

PINEDO: Gainera, [gaur] konpartsek edalontzi berezi bat salduko dute.

1983an, oso gazteak zineten; baduzue uholdeen oroitzapenik?

RENTERIA: Bai, nik bikain oroitzen ditut; baina ez nintzen hemen egon: Bakion [Bizkaia] egon nintzen, hango uholdeetan. Eta super argi daukat, ze arratsaldean portalean egon ginen, ura nola igotzen zen eta gainezka nola egiten zuen ikusten. Autoak eliza aldera eraman zituzten; gero, osaba-izekoren etxetik gure pisura eraman behar izan genituen gauza guztiak, ura gorantz baitzetorren. Bakioko jaiak ere baziren, eta ikusi genituen barrakak eta dena itsasorantz joaten. Ura lehenengo solairura iritsi zen. Hurrengo egunean, denak lan eta lan ibili ginen.

PINEDO: Nik gogoan daukat aitak Boluetara [Bilboko auzo bat] eraman gintuela. Han, erreka jaisten ikusi genuen, handituta, eta trastez beteta; zuhaitzak zeramatzan... Geroago, ikusi ditut argazkiak, eta Pinpiko beteranoek kontatu dizkidate gauzak. Baina buruan sartuta daukat erreka nola zegoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.