Azkeneko lau urteetan Gipuzkoako ahaldun nagusi kargua bete ostean, Martin Garitano kazetaria Radio Euskadiko Ganbara irratsaioko solaskideetako bat izango da denboraldi honetan. Asteazkenean ariko da aurrenekoz—duela urte batzuk Natalia Serrano gidari zenean ere saio berean aritu zen—, eta solaskide izango ditu Aitor Guenaga eta Xabier Lapitz. Lapitzek Onda Vascako goizak gidatu ditu 2009tik aurtengo ekainera arte. Eszedentzia hartu du orain Lapitzek Noticias taldeko irratian, eta, oraingoz, solaskide izango da EITBko gaztelaniazko irratian. Baditu beste proiektu batzuk, baina ez du iragarri zein diren. Lapitz ere Serranorekin aritu zen Ganbara-n solaskide, eta hainbat urtez Radio Euskadiko goizak gidatu zituen, Patxi Lopez lehendakaritzara iritsi zen arte.
Xabier Garcia Ramsden saioko esatariak azaldu duenez, Garitano eta Lapitz ohiko kolaboratzaileak izango dira denboraldi honetan, baita Ara egunkariak Madrilen duen berriemailea ere: Ferran Casas. Astelehenean parte hartuko du aurrenekoz solasaldietan.
Ostegun gauetan, bestalde, Facu Diazek —Tuerka News— umorezko tarte bat aurkeztuko du.
Solasaldietan jarraituko dute, aurreko denboraldietan bezala, Chelo Apariciok, Iñaki Iriondok, Iñaki Sotok, Luis Aizpeoleak, Alberto Pradillak, Juan Carlos Latxagak, Joseba Santamariak, Ana Garbatik, Xabier Gurrutzagak, Gorka Angulok, Juan Kruz Lakastak, Olatz Barriusok, Jose Ramon Belokik, Oskar Bañuelosek eta BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendik.
Garcia Ramsdenekin batera, Ander Arzak —Gaur egun-eko aurkezle ohia—, Sonia Charcan eta Oscar Perez izango dira Ganbara-ko lantaldean. Kolaborazio bereziak ere izango dira: astelehenetan, nazioarteko gaiak aztertuko ditu Jose Luis de Castro Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, eta, astearteetan, ekonomia gaiez ariko da Lander Beloki. Zuzenbideari lotutako gaiez mintzatuko dira asteazkenetan.
Solasaldiak amaitzen direnean, bestalde, munduari begira jarri, eta EITBko atzerriko berriemaileen hitzak jasoko dituzte.
'Boulevard'-eko ahotsak
Radio Euskadiko gauetan ez ezik, goizetan ere entzungo dira denboraldi honetan hainbat ahots berri. Dani Alvarez saioko esatariak iragarri duenez, solasaldietarako fitxatu dituzte Josep-Lluis Carod-Rovira ERCko presidente ohia, Jon Maia bertsolaria eta Iñaki Anasagasti EAJko kidea. Koro Garmendia solasaldietara itzuliko da, atsedenaldi baten ostean. Tarteka, bestalde, Alberto Lopez Basagurenek eta Jule Goikoetxeak parte hartuko dute Radio Euskadiko goizeko saioan. Ohikoak diren solaskide gehienek programan jarraituko dute.
Radio Euskadiko programazioan ez da berrikuntza handirik izango, baina langile gutxiagorekin aritu beharko dira.
Garitano, Lapitz, Carod-Rovira eta Maia, Radio Euskadin
Etzi hasiko dute denboraldia EITBko irratian.Solaskideen artean, Iñaki Anasagasti, Facu Diaz eta Ferran Casas ere izango dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu