Garesti bai, baina urte osoan

Sare sozialetan zabaldu duten Donostiako taberna bateko udako terrazako fakturak polemika sortu du. Askoren ustez, «urte osoan» da garestia Donostiako tabernetara joatea, ez soilik udan. Turisten artean, halaber, jatorri adina iritzi dago Gipuzkoako hiriburuko prezioen inguruan.

Donostiako udako terrazen inguruko polemika piztu da sare sozialetan, prezio garestiak direla eta. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Udako terraza, lapurreta erraza», zioen Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak orain dela urte batzuk egindako komiki zinta batean. Faktura baten harira, famatu egin da sare sozialetan Donostiako Konstituzio plazako 13. zenbakiko Ambrosio taberna: zabaldutako irudiaren arabera, 16,60 euro eskatzen dizkiete tabernakoek bezeroei lau garagardoren truk. Ordea, donostiarrek ez dute «ohikotzat» jo irudi hori: batzuei Donostia «garestia» iruditzen zaie «urte osoan», ez udan soilik; beste batzuei, aldiz «normala». Hala esan du Bretxan den Korneer tabernan izenik eman nahi izan ez duen emakume donostiar batek: «Ebakia 1,75 euro eta kafesnea 1,85 ordaindu ditut. Prezio normalak dira hauek, eta nabilen tokietan halakoak topatzen ditut. Sare sozialetakoari buruz bertsio asko entzun ditut; beraz, ezin esan gehiegizkoa den edo ez. Donostia garestia da berez, neguan, udaberrian, udan eta udazkenean».

Konstituzio plazan bertan, Tximista tabernan hartu dituzte Maria Isabel Madueño amak, Gloria Abeledo alabak eta azken horren semeak, ebaki bat, freskagarri bat eta hiru pintxo: «Zortzi euro izan dira guztira; prezio hau ez dago gaizki», dio Gloria Abeledok. «Gauden tokian eta terrazan egonda, garestiagoa ere izan ohi da, baina, egia da Aste Nagusia hartzen dutela askok aitzakiatzat prezioak igotzeko», erantzun du amak. Udako turismoagatik izango ote den galdetzean, ez dute zehazki erantzuten jakin: «Beti da garestia». Antzera gertatzen zaio Zarauzko (Gipuzkoa) Joseba Arregiri. Kale Nagusiko Casa Vergaran pintxo pare bat eta ardoa hartu dituzte hark eta haren emazteak. «Zarautzekin alderatuz prezioak apur bat garestiagoak dira, baina askotan etortzen gara Donostiara eta ez dugu alde handirik nabaritzen prezioetan negutik udara».

Oporretan edo bestelako arrazoiengatik datozenen artean askotarikoak dira iritziak. Datozen lekuko prezioekin alderatzen dituzte prezioak den-denek. Bessfelt familia, Suediatik, Stockholmetik, etorri da Donostiara oporretan: bikote bat eta bi haur dira. Helena eta Joakim Bessfelten arabera, hemengo prezioak Stockholmekoak baino «apur bat merkeagoak» dira. «Oso merkea ere ez da, baina ondo dago. Beste lekuetako gune turistikoetan gehiago ordaindu ohi dugu». Jose Martinez, berriz, Madrildik etorri da, baina Donostian bizi izan da. Oraingoan, turismoa egitera etorri da. Bazkaltzeko leku bila dabil, Zaguan tabernaren aurrean menua 15 eurokoa dela iragartzen duen afixari begira. «Madril Donostia baino merkeagoa da. Baina Gasteizen ere bizi izan naiz, eta hor ere hemen baino prezio merkeagoak dituzte». Parte Zaharrean bazkalduko du, hala ere: «Turista moduan etorri garenez, apur bat gehiago ordaintzea ere ez zaigu axola».

«Izugarri merkea» iruditzen zaio, aldiz, Donostia, Robin Tessaro kanadarrari. Beste hiru lankiderekin etorri da. Kafe bat? izeneko kafetegian, Gipuzkoa plaza inguruan dira laurak kafea hartzen eta pastel batzuk jaten. «Hemen 1,20 euro ingururen truke har dezakegu kafea. Kanadan, hiru euro ordaintzen ditugu maiz kafea hartzeko. Bikoitza baino askoz gehiago da Kanadan. Hemengo prezioak bikainak dira guretzat». Zaragozako (Espainia) Mariano Montañes eta haren lagunek ez dute iritzi bera. 18,50 euro ordaindu dituzte lau pintxo eta lau ardo: «Nire herrian askoz ere merkeagoa da, baina beste hirietan bezala gertatzen da Donostian: denetan da garestia. Pintxoak guri 1,50 euro kostatzen zaizkigu gure herrian; hemen, aldiz, 2,50 euro. Garagardoarekin antzera: nire herrian 1,20 ordaintzen dut eta hemen 2,20».

Sarriegi plazako Zibbibo kafetegiko eskaintzan «Gosari osoa: 4,25 euro» jartzen du. Prezio horren barruan dira laranja zuku naturala, opilak edo ogi txigortua, eta kafea edo infusioa. 0,50 euro gehiago terraza erabiltzea. Guztira, 4,75 euro. Prezio hori garesti edo merke den, eskaintza den ala ez, norbere poltsikoaren, ohiko ingurunearen, gogoen eta abarren araberakoa izango da. Hala ere, sare sozialetan beste gai bat boladako bihurtu arte, Ambrosio tabernakoen prezioak, bederen, eztabaidagai izango dira aurrerantzean ere, sarean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.