Goiz bukaera da, zerua ez da arras garbia, baina, halere, jadanik hodeien arteko eguzkiaren berotasuna sentitzen da. Eguzkiaz gain, giroa ere beroa da jizioquitarren artean —hala deitzen diete espedizioko parte hartzaileei—. Goizean, Euskarabenturako kide guztiak egunero bezala elkartu dira, Donazaharreko (Nafarroa Beherea) pilota plazan, Nafarroa Behererako azken kilometroak egiteko.
Behar bezala abiatu da errebotetik jizioquitarren lehen taldea, Trikuak: txapelak buruan eta eguzkitako krema azalean, Donazaharreko bidexkak hartu dituzte. Ordu bateko ibilaldia eta 60 bat kilometroko bidea egitekoa dute. Bidean, txisteek, irriek eta kantuek gazteen arteko harreman goxoa erakusten dute. Bosgarren eguna da baizik, eta jadaneko laguntasunak sortu dira gazteen artean. Horren lekuko izan da Libe Martinez de Rituerto, kamiseta urdina soinean duten horietako bat: «Azken bi egunetan parte hartzaileak zabaltzen hasi dira. Gaur ikusten dut haien artean nahasiagoak direla. Talde oso animatua daukagu. Pozten naiz!».
«Azkenean, denak heldu gara Euskarabenturara laguntasunak sortzeko gogoarekin. Orduan, ez daukagu lotsarik!»IRATI SARRIASEuskarabenturako parte hartzailea
Espedizioaren lehen egunetan, Irati Sarrias parte hartzailea urduri eman zen, lotsatuegi izatearen beldur zelako, baina arras fite ohartu zen lotsak ihes egin zuela: «Azkenean, denak heldu gara Euskarabenturara laguntasunak sortzeko gogoarekin. Orduan, ez daukagu lotsarik!». Azken egunetako egitarauan ukan duen interesa ere azpimarratu du. Ipar Euskal Herria aski ontsa ezagutzen du, baina azken egunetan izan diren mintzaldiak gogoz entzun ditu: «Bereziki, Lartzabalen, Ipar Euskal Herriaren eta euskararen egoeraz izan genuen hitzaldi bat. Nahiz eta lekua ezagutu, lekuko jendea entzuteak haien bizipen eta ikuspuntuetatik mintzatzen, egoera hobe ulertzen lagundu dit».
Akiduraren lehen agertzea
Bost egun iragan dituzte jadaneko, Zuberoa eta Baxenabarre gaindi. Baina jadanik nekea sumatzen da taldean. Martinez de Rituertori, erraterako, hankak nekatzen hasi zaizkio. Kontau du zer egiten duen nekea ahal bezainbat saihesteko: «Lasaitasun momentu bakoitza aprobetxatzen dut; dutxako momentua, adibidez, kar-kar». Monitoreez gain, tixerta laranjak ere ahultzen hasi dira. «Oinak pixka bat nekatuak ditut, baina ondo, segidari eusteko prest eta gogotsu!», adierazi du Nahia Beramendi iruindarrak. Baina indarrak atxikiko dituela adierazi du, bereziki hurrengo egunean bere herritik pasatuko direlako; gainera, San Fermin garaian.
«Oinak pixka bat nekatuak ditut, baina ondo, segidari eusteko prest eta gogotsu!»
NAHIA BERAMENDIEuskarabenturako parte hartzailea
Txaloen eta oihuen artean iritsi da jizioquitarren azken taldea, Erbiak, eguneko helmugara: Donibane Garaziko Jai Alaiera. Bertan bazkaldu, afaldu eta lo eginen dute, biharamunera arte. Biharamunean, autobusa hartu, eta Nafarroa Beheretik Nafarroara salto eginen dute: lehen geldialdia Orreaga izanen dute.