Bihar BERRIA-n

Garaietan garaienak

BERRIAk bihar Euskal Herriko herri altuenetako bizimodua jasoko du erreportaje batean. Abarraurregaina, Larraine, Ubide, Erroeta eta Elgeta, hurrenez hurren, Nafarroako, Zuberoako, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako herri garaienak dira.

Abaurregaina herria, eta, atzean, elurtutako mendiak. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Nagore Etxeberria.
2018ko otsailaren 2a
18:12
Entzun

Elurra egin du Euskal Herriko txoko ugaritan, eta inguruak zuritu dira hainbat ingurutan. Abarraurregaina, Larraine, Ubide, Erroeta eta Elgeta ere zuri esnatuko ziren ziurrenik, bost herri horiek baitira itsas mailatik garaien dauden Nafarroako, Zuberoako, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako herriak, hurrenez hurren. Ikuspegi ederrak eta lasaitasuna eskaintzen dizkie garaierak hango biztanleei, baina hainbatetan baita zenbait arazo ere. Bost herri horietako alkateek kontatu dute zer den 500 metrotik gora bizitzea, eta haiek esandakoa erreportaje batean jaso da. Herri garaietako abantailei eta desabantailei buruzkoa da biharko BERRIAko Bizigiro gehigarriko erreportaje nagusia.

Elurra egin edo ez, giroa hobetu edo ez, kaldereroak kalera irtengo dira bihar Euskal Herriko herri ugaritan, baita Inudeak eta Artzainak eta Santa Ageda bezperan eskean irtengo diren lagunak ere, igandean. Horiek, baina, ez dira astebururako antolatu diren jarduera eta ekintza bakarrak. Asteburuaz gozatzeko hainbat proposamen jaso dira Bizigiro gehigarrian.

Kaleko ekintza edo festak baino barruko proposamenak nahiago dituztenentzat, zinemako proposamenak egin ditu Gontzal Agotek. Datozen egunetan zinema aretoetan ikusgai izango diren filmak aipatu ditu; besteak beste, Clint Eastwood zuzendariaren The 15:17 to Paris filma.

Gastronomiako kontuak gogoko dituzten irakurleek, berriz, Roberto Ruiz sukaldariari egindako elkarrizketaz gozatu ahal izango dute. Tolosako (Gipuzkoa) Fronton jatetxeko sukaldaria izan da azken 25 urteetan, lokalaren udal baimena amaitu zaien arte. Egunero-egunero, babarrunak kozinatu dituzte jatetxeko sukaldean. Lokala utzi behar izan arren, proiektu berriak ditu buruan Ruizek. Orain arteko ibilbideaz eta etorkizunaz hitz egin du sukaldariak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.