Garaiera horretan egoteagatik biztanleek duten aire garbia, lasaitasuna eta freskotasuna ez dira beste hainbat herritan topatzen. Baina itsas mailatik urrun egoteak ere baditu bere koxkak: eguraldi makurra, esaterako. Arazoak gehitu egiten dira bost kasuetan, herri garaiak izateaz gain, herri txikiak ere badirelako guztiak. Hala, txikitasunak koxka bat gehiago ezartzen dio garaierari.
ABAURREGAINA (NAFARROA)
«Elurra ez da arazoa guretzako; egunerokoa da»
Neguko zortzigarren elurtea izandute Abaurregainako biztanleek egun hauetan; «eta apirila bitartean etorriko direnak», onartu du Patxi Enkaje alkateak. Euskal Herriko hainbat mendi gailur baino gorago bizitzeak dakarren ondorioetako bat da hori. 1.040 metrora dago Abaurregaina, Euskal Herriko hainbat mendi tontor baino garaiago.Eta garaiera horretan, neguak luzeak dira, eta tenperaturak, hotzak. «Elur asko egiten du, eta, elurrarekin, eguneroko bizimodua egitea gehiago kostatzen da», onartu du Enkajek. Alkatearen esanetan, azarotik apirila bitartean irauten du neguak, eta maiz izaten dituzte errepide eta inguruak elurtuak. Horrek, lan gehiago esan nahi du: «Kaleak garbi eduki behar dira, zerbait gertatuta ere suhiltzaileek eta medikuak sartzeko modua izan dezaten». Oro har, baina, «berehala» garbitzen dituzte errepideak, eta ez dute «arazo handirik izaten».
Enkajek onartu du: «Hotza egiten du». Euskal Herriko mapan zero azpiko tenperaturarik bada, Abaurregainan izaten da. Kasu horretan, «kontu handia hartu behar da, ura ez izozteko». «Elurra, baina, guretzat ez da arazo; egunerokoa da». Eta onartu du Interneterako konexioa ere ez dela oso ona, eta «zuntz optikoa noiz iritsiko borrokan» ari direla.
Ez dago zerbitzu handirik herrian. Hala ere, okinak bisita egiten die egunero, eta harakina eta arrain saltzailea ere joaten dira bisitan; arrain saltzaileak fruta ere eramaten du. Medikua ere astean behin igotzen da; gainerakoan, Auritzen dute kontsulta etxea, hogei bat kilometrora. Haurrek ere Garraldara jaitsi behar dute eskolara, hamahiru bat kilometrora. Autobusez joaten dira.
Eguraldiaren alde iluna izan ezik, Enkajek ez dio arazo berezirik ikusten 1.000 metrotik gora bizitzeari. Haren ustez, elurra, hotza eta Interneterako konexio kaskarra baino arazo larriagoa daherriak duen «despopulazioa eta errelebo falta, eta horrek dakarrena: zerbitzuak ezin mantentzea, bizi falta, mendiak ezin garbi mantendu ahal izatea...».
Alkateak onartu du ezer gutxi dutela herrian, baina «lasai bizi gara, eta, udan, lo egin daiteke, freskura ederra egiten duelako».
ERROETA (ARABA)
«Arazoa ez da elurra, arazoa errepideak dira»
Arraia-Maeztu ibarrean dago Arabako herririk garaiena: Erroeta, 1.025 metrora. Herri garaia da, eta, aldi berean, txikia, oso txikia: hemeretzi lagun baino ez dira bizi. Ez dago inolako zerbitzurik. Okina egunero joaten da ogiarekin, baina, gainerakoan, Maeztura jaitsi behar izaten dute edozertarako. Maeztu da ibarreko herriburua, Erroetatik hamar bat kilometrora dago, eta han daude zentralizatuak zerbitzu guztiak.Zerbitzuen falta baino, ibarreko herrien artean dauden distantziak eta errepideen egoera kaskarra dira herriko arazo nagusienak, Anartz Gorrotxategi alkatearen hitzetan: «Arazorik handiena herrien dispertsioa da. Herri batetik bestera kilometro asko daude, errepideak oso estuak dira eta ez daude oso baldintza onetan». Elurra egiten duen garaian, are gehiago zailtzen dira kontuak. Alkateak onartu du: «Egun, ez gara inkomunikatuak geratzen, elurra kentzeko prestatuak baititugu traktoreak. Arazoa ez da elurra, arazoa errepideak dira».
Garaiera horretan bizitzeari ikusten dion beste arazoetako bat sakelakoetarako estaldura eta Interneterako konexio eskasa dira. «Asko lehen sektoretik bizi dira, eta animalietara joaten direnetan, ez dute seinalerik izaten».
Herri txikia izanik, ezer gutxi dago Erroetan, eta edozertarako mugitu beharra da alkateak ikusten duen beste traba bat. Maeztu eta Agurain dira zerbitzuak dituzten bi herririk hurbilenak; hurrenez hurren, hamar eta hogei bat kilometrora daude. Autoa izatea ezinbesteko baldintza da han bizitzeko. Ez dutenentzat, taxi-autobus zerbitzua dute, Maeztura jaisteko.
Egoera horrek ez ditu gazteak herrian geratzera animatzen: «Biztanleria zaharra da. Gazteak Gasteizera edo Agurainera joaten dira. Beraz, ez dakigu nola egongo diren Arraia-Maeztuko herriak hogei urte barru. Martxa honetan, hutsik geratuko diren herriak izango dira». Horrek kezkatzen du gehien alkatea, eta aitortu du: «Zerbitzuak hobetzea da gure asmoa, eta, bereziki, biztanleak mantentzea, herri hilak bihurtzea nahi ez badugu, bederen».
LARRAINE (ZUBEROA)
«Prestatuak gaudeelurteei aurre egiteko»
Elurtuta daude Larraineko kaleak eta inguruak. Ez da harritzekoa, 650 metroko garaierara baitago. Santa Grazirekin batera, hura da Zuberoako herririk garaiena. Jean Marc Bengoetxea auzapezak aitortu duenez, «oso ohikoa» izaten da inguruak zurituta izatea, «batzuetan, hilabeteak ematen ditugu elurpean». Horrek, ordea, ez die buruko min berezirik sortzen, elurra baztertzeko makina eta gatza botatzeko makina baitituzte herrian; «prestatuak gaude egoera horiei aurre egiteko».Arazo txiki bat badute, ordea: erdigunetik aparte, hainbat etxalde daude herritik urrun, sakabanatuta; haietako batzuk, 800 metroko garaieran: «Egoera oso bestelakoa da herrigunean edo etxaldeetan. Altuera handira dauden etxaldeetan, elur gehiago izaten da». Dena den, bide guztiak garbi mantentzeko ardura berezia hartzen du Larraineko Udalak. Izan ere, Bengoetxeak kontatu duenez, etxalde horietan badira haurrak, eta autobus txiki batean jaisten dituzte egunero eskolara. Hala bada, «goizean goizik egin behar dira garbiketa lanak, haurrak bildu aurretik».
Etxaldeen sakabanaketa eta haietara iristeko errepideen egoera da Bengoetxearen iritziz herriak duen «beste problematika bat». Etxalde haietan bizi diren asko artzainak dira, eta esnea saltzen diete esne ekoizleei. Esnea biltzera etortzen diren kamioiak, ordea, ez dira etxalde garai haietaraino heltzen, eta, beraz, laborariek jaitsi behar izaten dute jetzitako esnea herrira.
Laborariez gain, herrian bizi diren gazteek ere goizero hartu behar izaten dute autoa lanera joateko, «inor gutxik» lan egiten baitu herrian. «Lehen denak etxean egoten ginen, baina, orain, mugitu egin behar da. Horregatik da garrantzitsua errepideak ongiegotea eta mantentzea», auzapezaren ustez. Bengoetxeak onartu du «ezer gutxi» dagoela herrian, eta, horrek behartzen duela jendea mugitzera.
UBIDE (BIZKAIA)
«Eguraldia ez duguarazo moduan bizi»
Arabarekin muga-mugan kokatzen da Bizkaiko herririk garaiena: Ubide, 578 metroko garaierara. Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen A-240 errepidearen ondo-ondoan dago. Eta hori da herri garai horrek duen «abantailetako bat», Joxan Pagola alkatearen ustez. Izan ere, itsas mailatik nahiko goian egonagatik eta beste hainbat herritan baino maizago elurra eginagatik, ez dute arazo berezirik izaten, A-240 errepidea «oso azkar» garbitzen dutelako. Udalaren lana izaten da errepide nagusi horretatik herrira arte dagoen bide zatia eta herriko kaleak garbitzea. Horretarako prestatuak daude, elurra kentzeko makina txiki bat baitute Ubiden.Altuera horretan bizitzearen arazo «bakarra» eguraldia dela dio Pagolak, arazoren bat aipatzekotan; baina aitortu du «guk ez dugu arazo bezala bizi; azken batean, badakigu garaiera horretan bizitzeak dakarren ondorioetako bat dela, garaieraren ezaugarri bat dela. Azkenean, gure bizimoduaren parte da». Eragozpen txiki bat neguaren luzera izan daitekeela aipatu du, urriaren amaieran hasi eta apirila hasiera arte luzatzen baita. Telefono estaldura eskasa izan daiteke beste arazo bat. Pagolak zalantza egiten du, ordea, «arazo» hori herri garaia izateagatik den edo biztanle gutxiko herria delako den.
Garraio publikoaren koxka da gainditu beharreko beste oztopo bat. Izan ere, Ubide Bizkaian egonagatik, errepide hobeak dituzte Araba aldera, eta jendeak «lotura handiagoa» du Arabarekin; Gasteiz ordu laurdenera dute soilik. Osakidetzako zerbitzua Araban dute, eta biztanlerik gehienek baita lana ere. Jendeak Araba aldera jotzeko ohitura handiagoa badu ere, zerbitzu gutxi daude alde horretara. «Bizkai aldera bi orduz behin dugu autobus zerbitzua; Araba aldera, berriz, joateko, autobus bat dugu, eta itzultzeko, bi. Zerbitzu publiko eskas horrekin, autoa izatea beharrezkoa da mugitzeko», dio Pagolak.
Daukatenarekin bizitzen ikasi dute, ordea. Alkateak onartu du: «Herri garai eta txiki batean bizitzeko, beste filosofia bat behar da. Hiriburuetan zerbitzuei ematen zaien garrantzia ez diegu ematen. Azken batean, ez ditugu zerbitzu horiek, eta horretara ohitu gara. Beharra dugunean moldatzen ikasi dugu. Agian, ezaugarri horiek ditugulako bizi gara hain gustura horrelako herri batean. Hiriburuko batentzat faktore txarrak direnak dira guk gehien balioesten ditugunak».
ELGETA (GIPUZKOA)
«Berezitasunak ematen dizkigu garaierak»
Itsas mailatik 480 metrora dago Elgeta, eta 1.130 biztanleren bizilekua da. Iraitz Lazkano alkateak onartu du ia 500 metrora bizitzeak «arazoak ez, berezitasunak ematen» dizkietela. Eta gaineratu du: «Berezitasunik gehienak klimatologikoak dira. Esaterako, beste hainbat lekutan baino maizago egiten du elurra». Eguraldia dela medio, arazo nagusiak bideetakoak dira. «Orain hogei urte edo, elur gehiago egiten zuen, eta gehiago irauten zuten elurteek. Orduan geratu izan zen herria pare bat egunez paralizatua. Egun, ez gara mugitu ezinik geratzen. Egia da zenbat eta beherago egin elurra, errepide gehiago izaten direla garbitzeko, eta gurera gutxiago iristen direla, baina ez gara inkomunikatuak geratzen».Eguraldiaren beste aurpegi ilun bat ipar-mendebaldeko haizea da: «Galizia aldetik jotzen duen haizea da, eta afrontua deitzen diogu. Elgeta mendi lepo bat da, eta haizeak nahiko gogor jotzen du. Ipar-mendebaldera ematen duten fatxada guztiak uralitarekin babestuta daude, euria etxe barruraino sartzen da bestela».
Gainerakoan, Lazkanok onartu du «arazo dezente» dituztela, baina «normalean, ez dira garaieragatik izaten, herri txikia garelako baizik». Hala, beste hainbat herritan baino garestiago ordaindu behar dute gasa, eta zuntz optikoarekin ere arazoak dituzte. «Gasaren kasuan, enpresa bakarraren monopolioa dago, eta horrek garestitzen du gasa. Zuntz optikoa ere herrira iritsia dagoen arren, ez dute etxeetara pasatunahi. Bi arazo horien atzean, interes ekonomikoak daude. Enpresa handiei ez zaie interesatzen zerbitzuak jartzea, eta, horregatik, garestiagoak dira zerbitzuak».
Oro har, oinarrizko zerbitzuak «aseta» dituztela aitortu du alkateak, eta gustura bizi dela Elgetan: «Bizitzeko modu oso ederra da herri txiki batean bizitzea. Herri handietako jende dezente etortzen da gurera bizitzera, eta, bereziki, haurrak haztera. Elgeta oso-oso leku aproposa da bizitzeko, eta, garaieragatik, ikuspegi izugarriak ditugu. Elurra egiten duenean, Aralarrera ditugun bistak leku gutxitatik egongo dira».