Landeta auzoa. Azpeitia. Sebastian Lizaso

«Garai batean, dena soro, zelai eta basoa zen; orain, industrialdea»

Denboraren martxa gupidagabearen isla da Lizaso bertsolariaren haurtzaroko auzoa. Bere garaian natura zena fabrikaz bete zen duela berrogei bat urte. Orain, ordea, gain behera dago industria. Landeta, berriz, guztiz aldatuta geratu da.

Sebastian Lizaso bertsolaria, atzean Izarraitz mendia duela. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Azpeitia
2013ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Gizakiaren benetako aberria haurtzaroa dela idatzi zuen behin Rainer Maria Rilke poetak. Eta Sebastian Lizasok (Azpeitia, Gipuzkoa, 1958) haurtzaroko oroitzapenak bizi-bizi ekarri ditu gogora Landeta auzoaz hitz egiteko. Han jaioa da, eta haurtzaroan ere han bizia; jada ez dago gurasoen etxearen arrastorik, pabiloi eta errepideek irentsi baitute behin baserri giroko landa eremua izandakoa.

Mende erdiaren bueltan erabat aldatu da Landeta. Auzoaren goialdean dago Lizaso, Larre baserriaren ondoan. Makina bat aldiz ibili da han. Lagun zituen baserriko jabeak, eta hango belazean orduak eman zituen jolasean. 11 urte zituenean, Landetatik herrira mugitu zen familia, baina bertsolariak ez du galdu auzoarekiko harremana. «Agian geure txorakeria izango da, baina guk beti Landetakoak garela esaten dugu».

Aldatu da Lizasoren haurtzaroko Landeta, eta horretaz mintzo da: «Pena ematen du. Batik bat, etortzen zarelako lehengo tokira kazetari batekin, argazkilari batekin, eta ezin diozu zuk ezagutu zenuen paisaia hori nolakoa zen adierazi; ezinezkoa da, erabat aldatua dago». Aurrez aurre, futbol zelai bat baino luzeagoak izango diren hiru lurzoru daude, bere garaian industria pabiloiak altxatzeko erosi eta egokitutakoak. Baina ez zuten deus eraiki; baso eta zelai zena harri txintxarrez eta belar txarrez beteta dago orain. Ez dago hori berriro soro edo baso bihurtzerik.

Tristura apur bat nabari dakioke Lizasori ahotsean; begiradan, nostalgia. «Orain ez dago ezer. Orain gauden leku hau garai batean soro, zelai eta basoa zen; eta, orain, industrialde hau». Arrazoia du, deskribatzeko ezer gutxi dago inguruan, harri txintxarren artean ezkutatutako latorri herdoildu bat besterik ez. Ontziak bezala, garai hobeak ezagutu ditu Landetak. Lehen hain beharrezkoak ziren industrialdeak gain behera daude egun; eta pabiloi asko, soberan. Bat baino gehiago itxita dago, eta inguruko handiena, Corrugados, kinka larrian.

Argazkilariak kostata aurkitu du Lizasori argazkiak ateratzeko leku aproposa. Harri batean eserarazi nahi du, baina harri handirik ez inguruan. Aurkitu dute bat, azkenean, eta bertsolaria natural-natural paratu da argazki kameraren aurrean, eskuetan belar apur bat hartuta. Eskarmentua.

Saiatu dira industrialdea ez ateratzen, eta ez da zaila izan, Izarraitz mendia pare-parean baitute, argazkian Lizasori protagonismoa kentzeko prest. Txantxetan hasi da Landetako semea, gustura, bere eremuan: «Atera ondo mendia! Hemen inportanteena atzealdea da». Bista ederrak daude ezker, eskuin, aurre eta atze. Azpeitia inguratzen duten mendi guztiak ikus daitezke. Izarraitzi sorbalda eman, eta bestaldera begira jarri da, Urrakiko gain aldera. Handik gertu bizi da orain, herritik sei bat kilometrora.

Ostiral arratsaldea izanik, lasai dago auzoa. Industrialdean mugimendu gutxi dago, eta Larre baserri alboko lurzoruan ez dabil ia inor. Txakurrarekin pasieran dabilen bikote bat, Lizaso, kazetaria eta argazkilaria. Jende gehiago dago 300 bat metro atzerago. Larrañaga aroztegiaren pareko belazean eguzkia hartzen ari dira, sugandilak bezala, bigarren egunez jarraian eguraldi ona egin duela probestuta. Orduan ere ez du bromarako zaletasuna galdu Lizasok: «Oraindik goizegi da hondartzara joateko; Azpeitian belzten dira lehenbizi, eta gero doaz kostaldera». Baserritarrak ere handik honantz ari dira, ohi duten baino beranduago belarretan lanean, baina Landetan ez da halakorik ikusten.

Auto barruan, Azpeitira bueltan, gida lanak egiten jarraitu du Lizasok. Abiadura moteldu du bere sortetxea non zegoen hatzarekin zehazteko. Lehenago esan duen bezala, errepidea eta industrialdea daude orain. Pare bat taberna eta fabrika zahar bat ere izendatu ditu, haurtzarotik han ezagutu zituenak.

Konturatzerako, atzean geratu da Landeta. Industriaren loraldiko garaitik elkartuta daude Azpeitia eta Landeta, ez dago bata bestetik bereizten duenik ia. Ez da hala izan beti. Txikitan bata bestetik «urruti» sumatzen zituztela gogoratu du Lizasok. Urolako trenak banatzen zituen biak, eta belazeak zeuden zubiaren bi aldeetara. Handik Urrestillaraino doa auzoa. Eta bere garaian zazpi taberna eta bi elkarte zituztela azaldu du; elizarik, ordea, bat ere ez. Gurasoek auzoan zuten tabernan ikasi ei zuen bertsotan Lizasok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.