ATZEKOZ AURRERA. Urtzi Ugalde. Boga garagardoaren ekoizlea

«Garagardo industriek ez dute jendearen nahia asetzen»

Garagardo industria handien zaporea estandarizatuta dagoela uste du Urtzi Ugaldek, eta horregatik lan ona egin dutela dio. Boga garagardoa merkaturatuko dute laster, «zapore gehiagokoa».

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bertan ekoitzi, eta bertan saldu. Boga garagardoak filosofia horri heltzen dio. Nafarroako garagarra oinarritzat hartuz, Nafarroan bertan ekoizten dute edaria. Baina lantegia Bilbora eramateko asmoa dute sortu berri den kooperatiban. Joan den urtean abiatu zuten proiektua, eta abendu honetan merkaturatu nahi dute. Urtzi Ugalde kooperatibako kidea itxaropentsu dago produktu berriarekin.

Eskuz egindako garagardo berri bat proposatu duzue. Bogan dagoen olatura igo zarete era horretan.

Bai, azken urteetan garagardoaren merkatua suspertzen ari da, eta gu ere aspalditik ari gara garagardoa ekoizten, baina maila txikian. Saltoa egitea erabaki genuen, eta fabrika txiki bat abiatu genuen. Beraz, erabakia hartuta, noiz merkaturatu zain gaude.

Eskarmentutik sortu duzue, orduan, produktu berria.

Bai, afizio moduan hartzen genuen lehen. Baina ikuspegi horretatik esperimentatzen hasi gara, eta proiektu handiagoa abiatzeko urratsa egin dugu.

Badago beharrik ohiko garagardo horietatik aldendu eta bestelako garagardoak egiteko?

Bai, garagardo industriek ez dute asetzen jende orokorraren nahia, eta hori kalean sumatzen dugu. Estandarizazio bat gertatu da, eta, asko edaten den arren, jendeak hemen egindako garagardoa ere eskatzen du, eta baita hemengo produktuak ere. Beraz, beharrizan horri erantzuten dio Bogak. Olatu berean dago tokiko produktuen eta eskuz egindakoen eskaera hori. Hor bat egiten du, eta garagardoaren betiko eskemetatik irteten da.

Elikadura burujabetzaren barruan sartzen zarete, orduan.

Bai, proiektuaren filosofia bada gure inguruari gure ekarpena egitea, eta horri laguntzea; hau da, hemengo ekonomia eta kultura suspertzea. Alde horretatik, hondar alea jarri nahi dugu elikadura burujabetzaren bidean.

Zaporean bada alderik ohiko garagardotik artisau moduan egindakora?

Aldea badago, bai. Gu saiatuko gara egiten garagardo horixka bat, eta horrek antz handia dauka industria handiek egiten dutenarekin. Baina eskuz egindako garagardo batek zapore gehiago dauka, eta hori da ezberdintasuna.

Zuen ekarpenarekin, beraz, Euskal Herrian horren ohikoak diren sagardo, txakolin eta ardoen ekoizpenari gehituko zaio garagardoa.

Bai, hala da. Azkenean gure kulturaren parte dira beste produktu horiek, eta gure kulturaren parte sentitzen ditugu. Garagardoarekin, ordea, gertatzen zaigu ematen duela kanpotik ekarri digutela eta ez dugula gure kulturaren parte sentitzen. Bada, hala ere, gure kulturaren parte, baina ez dugu sentitzen.

Erruz kontsumitzen da, ordea, garagardoa Euskal Herrian.

Bai, esan daiteke litroka gehien kontsumitzen den edaria dela hemen.

Zer gertatzen da, orduan: ez zaiola garrantzirik ematen kalitateari?

Nik uste ikono moduan ez diogula garrantzi handirik eman, eta, gero, garagardo industria handiek ondo egin dute euren lana. Esan daiteke zapore horretara ohitu egin direla kontsumitzaileak.

Edonola ere, jendearengana iritsi zarete, eta ekarpen ugari jaso duzue. Interesa sortu duzue, behintzat.

Bai, gure inguruko elkarte, pertsona eta konpartsa askok lagundu digute; denetara, ehun inguruk. Eta, alde horretatik, eskaera handia izaten ari gara hor. Produktua gizarteratu egingo da laster, eta badakigu jendeak eskatuko duela; zenbait tabernatan, esaterako. Zaila da halako merkatu batean arrakastarekin sartzea, baina eskaria egina dago.

Dastatzeak ere egin dituzue.

Bai, Santutxuko jaietan eta Bilboko Aste Nagusian egon ginen, eta harrera ona eduki du garagardoak. Oraingoz ez dugu sortu azken produktua, gure ideia jendearen balorazioarekin garagardoa osatzea baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.