Gara egunkariaren «espoliazioaren» aurka eta adierazpen askatasunaren alde, Donostia Arena (Ilunbe) beteko dute bihar. Kazetaren egoera ez da samurra: urtarrilean jakinarazi zutenez, hiru milioi euro ordaindu beharko dituzte Egin-en zorra kitatzeko—Baltasar Garzon epaileak utzi zuen zorra Gara-ren gain—. Askotariko ekitaldiak eta eskaintzak ari dira antolatzen azkeneko hilabeteetan, eta horietako bat biharko elkartasun jaialdia izango da.
Eguerdian hasi eta gauerdira arte, 30 taldek joko dute, «espoliazioari» aurre egiteko. Lehenbizi, hamahiru talderen izenak jakinarazi zituzten: Berri Txarrak, Los Zopilotes Txirriaos, Soziedad Alkoholika, Hesian, Huntza, Nogen, Itziarren Semeak, La Furia, Valtonyc, Siroka, Esne Beltza, Talco eta Gatibu. Beste hamazazpi talde batu ziren geroago: Zea Mays taldeko Aiora eta Piti, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda, Gari, Su ta Gar, Josetxu Piperrak & The River Rock Band, Ruper Ordorika, ETS, Xutik, Liher, Des-Kontrol, Bad Sound System, Mcnak, Somos Guerreras, Rebeca Lane, Nakury MC eta Audry Funk, KOP, Anita Parker, Ze Esatek! eta Patxuko Nice. Talde bakoitzak ordu erdiko kontzertua eskainiko du; 10.000 lagun inguru espero dituzte.
'Gara'-ren aldeko jaialdi bat egingo dute bihar, 30 talderekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu