Urumearen ertzean dauden egurrezko etxoletako batean dauka postua Aitor Bastarrikak (Eibar, Gipuzkoa, 1966). Donostiako artisau azoka urtarrilaren 6a bitartean egongo da zabalik. Bastarrika Gabiltza Gipuzkoako Artisau Biltzarreko kidea da, eta artilez, kotoiz eta zetaz egindako arropa saltzen du.
Txanoak, galtzerdiak, eskularruak, bufandak, buffak, fularrak... Ondo al doa azoka?
Bai. Ez nuen espero hain ondo joatea. Pozik nago. Garai honetan asko saltzen da; urteko azoka garrantzitsuena da niretzat. Galtzerdiak saltzen ditut bereziki: Gabonetan asko oparitzen dira. Oso bezero fidelak ditut.
Material naturalekin egindakoa da arropa guztia.
Bai. Estanpazio botanikoa eta tindaketa naturala egiten dut. Tipula azalekin, zumakearekin, milazuloarekin... Landare basatiak dira, eta mimo handiz egina dago dena. Materialek naturalak izan behar dute, sintetikoak badira ez baitira tindatzen, petrolioa daukatenak adibidez. Kotoia ekologikoa da, eta artile naturala erabiltzen dut, lana merinoa. Artilea eta zeta nahastuta dauzkan haria ere ekartzen dut, Alemaniatik. Oso kalitate onekoa da, eta ez da laburtzen garbigailuan. Beste guztia hemen erosten dut. Ez dator Txinatik.
Kolore sorta zabala da. Nola lortzen dituzu halakoak?
Landare bat erabiltzen dut kolore bakoitzerako. Asko erabiltzen dut mendian jasotzen ditudan intxaurren azal berdea. Asuna, garoa eta binorria ere erabiltzen ditut, banaka edo nahastuta, horrela berde ezberdinak ateratzen dira eta. Horia granada azalarekin lortzen dut, edo mingotxarekin. Sustraiak erabiltzen ditut. Inork ez du nahi izaten landare hori, baserritarrak beti aritzen dira borrokan harekin. Horia ematen duten landare guztiak nahasten baditut, beste ñabardura batzuk lortzen dira, epelagoak.
Eta laranjak eta gorriak?
Otxarraren sustraiak. Oso kolore polita da. Kanaria uharteetako kaktusetan dagoen parasito bat ere erabiltzen dut: kukurutxa. Kolore gorriak eta arrosak ematen ditu. Anila ere erabiltzen dut urdina lortzeko. Landare berezia da; lehortu egiten da, eta harri bat balitz bezala geratzen da, bola bat bezala. Gero eho egin behar da. Oxidatzen denean, urdindu egiten da. Morea, berriz, burdinarekin ateratzen dut, kukurutx oxidoekin nahastuta.
Pieza bakoitza, hortaz, desberdina da.
Bai, estanpazio botanikoa dutenak batez ere. Bakoitzak hosto baten forma dauka, edo lore batena.
Nolakoa da estanpazioaren teknika?
Ekoprint deitzen da. Zaila da azaltzen. Bost egunez izan behar da toxikorik gabeko kolore finkagarrian, eta, gero, arropa tartean hostoak jartzen dira, edo loreak. Horren ondoren, banbu batean biribilkatu, eta estu lotu behar da. Lurrunetan jarri behar da orduan, hiru bat orduz, eta hurrengo egunean askatu. Hasten zarenetik bukatzen duzun arte aste bat behar da. Prozesu luzea da.
Kontzientzia handiagoa dago arropa naturala erostearen onurei buruz, ezta?
Bai. Saltzen dudan arropak zigilu bat darama. Azalean arazoren bat dutenak oso kontzientziatuta daude. Egia da gero eta informazio gehiago dagoela. Ni hasi nintzenean, duela 25 urte, jendeak ez zekien ezer. Euskal Herrian bakarra nintzen garai hartan. Kalean saltzen lehenengoa izan nintzen. Gaur egun, dozena bat izango gara.
Guatemala izan zen abiapuntua.
Bai, 1996-1997 urteetan joan ginen hara. Asier anaia eta biok hasi ginen honetan, eta gero hark utzi egin zuen. Artisautza ekartzen hasi ginen azoketan saltzeko. Gero, tindaketaren munduan sartu nintzen. Bartzelonan ikastaro bat egin nuen Ana Roquerorekin. Oso famatua zen. Horren ondoren, neure kabuz ikasi nuen, pixkanaka, probatuz eta huts eginez. Lehenengo hogei urteetan kostata iraun nuen. Askotan pentsatu nuen uztea, baina beti gertatzen zen jarraitzera bultzatzen ninduen zerbait. Artisautzan bidea egitea ez da erraza.
Bidaiari amorratua zara.
Bizio bat da. Guatemala, El Salvador, Honduras, Mexiko, Kolonbia, Kuba, India, Thailandia... Beste kultura batzuk ezagutzeko grina daukat, beren kulturari eusten dioten herriak barrutik ezagutzea gustatzen zait, lokatzetan sartzea, miseria ikustea, kontrasteak...
Horrenbeste bidaiatuta, nola ikusten duzu mundua? Ondorioren bat?
Pobreak gero eta pobreagoak direla, eta aberatsak gero eta aberatsagoak. Herrialde aberatsak beti aritzen dira besteei esan eta esan nola egin behar diren gauzak, baina ez dira konturatzen arazoa beraiek daukatela, nire ustez. Herrialderik pobreenetan askotan alaiago bizi dira, deus ez izan arren; beti daude laguntzeko prest, eta gu, hemen, beti beldurrez, estresatuta, itxurei begira.
lotsabako
Kolore bat?
Otxarrarekin lortzen den laranja.Arropa bat?
Zetazko zapiak.Herrialde bat?
Mexiko. Askotan egon naiz, eta asko gustatzen zait.