Libe Goñi Garate. Seaskako lehen andereñoa

«Galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara»

Libe Goñi Garatek eta euskarak gorputz bakarra osatzen dute. Seaskako lehen andereñoa izan denak bizia eman du bere artatzen eta transmititzen. Olentzero, taloak, kantua eta dantzak ere zabaltzen aritu zen. Orain, reiki irakaslea da.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun

Ganuza-Monzon lehen saria eman diote Olaso Dorrea fundazioak eta Bergarako Udalak Libe Goñi Garateri (Oteiza, Nafarroa, 1947), «Herriari bizi osoko lana eskaini dion herritarra» delako. Seaskako lehen andereñoa izan denak galtzagorriei eskaini nahi die saria, Euskal Herri guzian herriaren alde aritu diren laguntzaile guziei. Galtzagorriak bezala, nagusiari leial, manatzen zion lana bete egin du. Nagusia beti izan du euskara.

 

Goresmenak Monzon-Ganuza sariagatik.

Egia esateko harritu ninduen, txunditu. Ez nuen ulertzen, ez nuen uste merezi nuenik! Sari horrek ordezkatzen ditu ikastolako galtzagorri guziak, haiek nituzke omendu nahi. Oso pozik naiz.

Lapurdirat heldu zinen mehatxuek akuilaturik, ama ere Gipuzkoarat joan zen bezala.

Euskaldunak beraien lurretatik kanporatuak izaten ziren, gure ama bezala, euskalduna izateagatik. Zarauztik [Gipuzkoa] Orbaizetarat [Nafarroa] joan zen ama irakasle lanera, Garbiñe ahizparekin batera. Amorala, euskalduna, separatista, gorria... izateagatik salatu zuten orbaizetar batzuek. Gurasoen etxean kukutu zuten, eta horrek salbatu zuen. Haren aita, gure aitona, kartzelan sartu zuten, eta haren bi neba, gure osabak, gudariak ziren. Amaren ahizpa bat, Josune, kartzelara aitaren bisitan joatean bortxatu egin zuten. Oso ongi bilduak ditu lekukotasunak Amagoia Gurrutxaga Urangak bere liburuan [Zarauzko gutunak. 36ko gerra]. Gerla finitzean, lantokiaren hautua eman zioten amari: Frantzian edo Espainia zolan. Lehena hautatu zuen, baina Aragoira igorri zuten, Vistabella herrirat. Hilabete bateko ninia galdu zuen, eta beste bat ere bidean. Zigorra altxatu ziotelarik Lazkaora [Gipuzkoa] joan zen lanean segitzeko.

Etxekoandrea, etxetik at ere lanean, usaiaz kanpokoa, ezta?

Ez zela gizonaren beha egon behar ogia erosteko, hori zioen. Beti lan eta beti lan. Gure aita oso trebea zen, ingeniariek konpontzen lortzen ez zutena, berak bai. Ezin zen geldirik egon. Lanari lotzen zen beti, eta amultsua ere bazen. Ama beti izan da hiztegi handi bat, aparteko burua zuen. Berak zioen zibilizazioa gai dela Hitler edo Franco baten sortzeko.

Frankismo betea zen.

Amak ez zion inoiz utzi euskalduna izateari, edonoren aitzinean euskaraz egiten zigun beti. Erraten zigun euskaraz ez zekienak zuela arazoa, ez berak, Euskal Herrian ginela... Bazuen ezpata buru gainean, bai baitzekien lana gal zezakeela, horren behar gorria zuelarik. Elbira Zipitriarekin alfabetatzera joaten zen fraideetara. Oroitzen dut etxeko lan guziak bukatutakoan, gauetan ibiltzen zela euskara lantzen. Aitak, berriz, ez zekien. Nik ematen nizkion euskara kurtsoak. Oroitzen naiz, Lazkaoko elizan ikurrina sartu zutela, eta kamioi handi bat polizia etorri zela, haur guziak lurrean jarrita ginen. Ze giro beldurgarria! «Hable en cristiano» [Mintza giristinoz] zioten.

Zu ere amaren ofizio berak afizionatu zintuen.

17 bat urterekin, 1966an, andereñoendako lehen erresidentzia sortu zuten. Ez zuten uste ikastolek halako arrakastarik lortuko zutenik, ohartu orduko, sekulako indarra bildua zuten. Inoiz ez nioen ikastoletan ari nintzenik. Karmele Esnalekin ikasi nituen kantuak. So egizu garai hartako kaierari: Bat eta bi... Kantuak eta dantzak beti nire baitan izan ditut.

Magisteritza bukatu eta gero, Andoainen [Gipuzkoa] aritu nintzen bi urtez praktiketan. Jabetu nintzen haurrek anitz adierazten zutela marrazkien bidez; ez baitute nehor tronpatzen. Horretan ere anitz erakutsi zidan Esnalek. Hala, Iruñera abiatu nintzen filosofia eta letrak ikastera, ondotik, marrazkiaren psikologia ikasteko. Baina amak deitu ninduen erranez alde egin beharra nuela txakurrak joan zitzaizkielako.

Zer leporatu izan dizute?

Euskaldun gisa azaltzen nintzen beldurrik gabe. Debekatuak ziren kantuak abesten genituen, Labeguerierenak eta beste. Ez dut sekula ukatu barrutik nolakoa nintzen. Galtzagorri talde bat ginen, eta galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara. Hori berpiztu behar dugu. Ikastolek euskara salbatuko zutela, lelo hori genuen gure baitan, hori izan da nire helburua. Niretzat garrantzitsuena baita euskara, hura gabe ez baikara ezer.

Baionako barraraino.

Lehenik Donibane Lohizunera joan nintzen. Justu, Argitxu Nobliak xerkatzen zuen norbait bere seme-alabekin euskaraz aritzeko etxean. Eustakio Mendizabal Txikia-ren bidez Lazaro Arandia bila jin zitzaidan, Nobliaren senarra, hots. Ni prest agertu nintzen, baina adostu genuen egunean agertu ez zenez, Parisera joateko txartela erosi nuen. Partitzeko egunean berean, trenaren abiatzea baino oren batzuk lehenago agertu zitzaidan. Erakutsi nion txartela, eta erantzun zidan: «Egin ezazu nahi duzuna». Ez nuen hauturik izan, kur-kur. Xixta batez kanbiatzen ahal dira gauzak bizian! Seaskaren lehen haziak erein genituen horrela.

Zergatik Pariserat joan nahi zenuen?

Donibane Lohizunen saiatu bainintzen ikastolak abiatzen orduko errefuxiatuen artean: 36koen ondorengoak, ETAkoak... baina bazuten beste buruko minik, eta ezin izan zen. Beraz, erabaki nuen Parisera lan bila joatea, han izeba bat bainuen, teilatu bat.

Donibane Lohizunetik abiatu trena Baionan baratu zen beraz.

Baionako Polo Beyris auzoko Espinal etxean Lazaro eta Argitxuren bi gehienei ematen nien klasea, hirugarrena oraino sehaskan baitzen. 24 orenez nintzen haiekin. Hori zen helburua: haurrez arduratzea, baina euskaraz.

Hiru hazietarik, adarrak jalgi ziren, ezta?

Bai. Justu garai hartan, Argitxu Noblia eta inguruko batzuk biltzen ziren katixima euskaraz antolatzeko. Mikel Muñoak erran zuen katixima euskaraz ongi zela, baina ikastola bat nahi zuela. Halatan, Argitxuk jakinarazi zion etxean bazutela jada bat. Hurrengo egunean etorri ziren Muñoaren, Mikel Etxebarriaren eta Aitor Gallastegiren seme-alabak.

Espinal etxetik ospa egin zenuten, ez?

Bigarren pisuan ginenez, hamar bat haurrekin, eta pean emazte adinduna, Enbatak utzi zigun lokalera lekuz aldatu ginen. Uda horretan, haurren anaia-arrebak ere hartu nituen Lazkaorat eramateko, gure amaren bidez, hau ere beste galtzagorri bat. Eta familietan banatu nituen, euskaldundu zitezen. Irailerako denak hala ziren.

Baina lehen ikastola ofiziala ez zena Arrangoitzekoa?

Bai. Enbatako lokala ez zen egokia. Orduan jakin genuen Arrangoitzeko markesa gazteentzako lokal bat eraikitzen ari zela, zeina astean zehar hetsirik egonen baitzen. [Martin] Sasetaren ikurrina 40 urtez egona zen haien etxean, bazuten zerbait azkarra. 1969an zen ofizialki Seaska sortu.

Zenbat haur bazen? Nongoak?

Dozena bat izanen ziren, 2 eta 6 urte artekoak hastapenean. Izan ere, adin tarte horretan ez baitzen eskola derrigorrezkoa, euskarazko haurtzaindegia zen. Ostegun arratsaldeetan eskolarik ez zegoenez, nire ikasleen neba-arreba zaharragoak ere hartzen nituen euskara irakasteko krakadaren inguruan. Baiona, Angelu, Miarritze eta Arbonatik zetozen. 1971n lehen Olentzero antolatu genuen galtzagorri taldeari esker.

Hori ere hedatu zen, ezta?

Arbona eta Baionarat eraman genuen Olentzero, astoa eta guzi! Arrangoitzen, abenduko igande guziez etxez etxe igaro ginen Olentzeroren berri ematera traktorean. Geroago, galtzagorriek Alaiak dantza taldea muntatu zuten, eta Olentzero sartu zuten eskola frantsesean ere. Ikastolei esker da Olentzero toki guzietara zabaldu. Orduan utopia hutsa zen!

Ibilbide osoa ikastolan egin duzu.

Bai, Arrangoitzen lehenik, hamar urtez, gero aldatzeko gogoa ukan nuen, eta Baionara joan nintzen, katedralaren ondoan zegoen ikastola ohira. Polo Beyrisekoan gero, azkenik Angelun. Zortzietarako han egoten nintzen beti, eta haurtzaindegia eta kantina egin izan ditut. 2007an, Donibane bezperan hartu nuen erretreta, eguzkia sartzearekin batera. Halako agur besta bat antolatu zidaten galtzagorriek, eta Balira bidaia bat oparitu. Hau esan zuten: «Ez dakit Libek balieraz ikasiko ote duen, baina hangoek euskaraz bai!». Kur-kur.

Erran duzu kantua eta dantza zure baitan dituzula.

Galtzagorri talde batek erabaki zuen Angelun [Lapurdi] ikastola baten muntatzea [1975ean]. Garai hartan igandeetan ez zegoenez ezer, hilabete guzietako hirugarrenean bost kantoiko plazan dantzatzen hasi ginen, bost katu! Hori ongi kokatu zen, eta emeki-emeki Miarritze, Bidarte eta Hiriburun ere abiatu zituzten. Orain, igandero baduzu non dantza egin, garai normaletan diot. Gaur egun, nola lirateke Baionako bestak mutxikorik gabe?

Karrikaldian?

Karrikaldia, mutxikoak, taloak eta Baionan Kantuz ikastoletako gurasoei zor dizkiegu. Eta omendu nahi ditut. Taloena hiri erdigunean ginelarik proposatu nuen. Cordeliers karrikan lortu genuen garaje bat, beti bezala, galtzagorriei esker. Hola hasi ginen Baionako bestetan taloak saltzen.

Mikel Zabalzaren hilketak hurbiletik hunki zintuen, 1985ean.

Lehengusua nuen, amak Orbaizetara eraman baitzuen ahizpa, handik Frantziara joateko asmoz. Baina ahizpa hantxe gelditu zen. Urte guziez hara gindoazen. Anai-arrebak bezala ginen. Mugalaria zen Mikel: Donostiatik Orbaizetara joateko gure etxetik, Arrangoitzetik, pasatzen zen. Uztailean gertatu zen. Irratian nuen entzun Aitor eta Patxi bere anaiak komisariara eraman zituztela, Mikel, berriz, Intxaurrondora. Pausuko [Urruña, Lapurdi] etxe guziak miatzen aritu ginen. Egun batzuetara, deitu ninduten errateko gorpua azaldu zela.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Alde bakarreko bakerik posible dea? Euskal Herriko etorkizuna besteen esku utzia dut orain. Beste mundu batean nabil orain, nahiz euskara beti lotua dudan. Monzonen hitzei segika, arrantzaleek segitzen dute hor beraien amuekin. Orain fier naiz egin dugunaz, baina kostatu zait horren kontzientzia hartzea, zenbat lan egin duten ikastoletako galtzagorriek. Eskertzen ditut.

Erran duzu bertze mundu batean zarela.

Zilbor-heste anitz moztu ditut, beste pertsona bat naiz. Reiki egiten dut. Infernua ezagutu nuen urte batez, depresioa. Eta ikasi nuen norberak bere gorputza hunkiz lasai zitekeela, eta ikastolako haurren tripako minak goxatu. Asko lagundu ninduen. Gure energiak iratzarri behar dira. Hala bide horrek eraman nau reiki irakaslea izatera. Gure bost zentzumenen kontzientzia hartu behar da, bost leiho baitira. Horretarako, hiru minutuko ariketatxoak aski dira.

Liburua argitaratzekotan zara.

Ez dut ezer asmatu, hor ditugu zentzumenak, kontzientzia hartu besterik ez da egin behar. Nahi dut pertsonek beraien bizia eta osasuna beraien esku har dezaten. Martxoan aterako da Zortziko argitaletxean, euskaraz, frantsesez eta espainolez. Maite dut erakustea barnean dudana, gero, bakoitzak eginen du nahi duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.