Telesailak

Gales, amildegiaren ertzean

Michael Sheen aktore galestarrak ‘The Way’ telesaila filmatu du jaioterrian, arnasa kentzeko moduko greba giroko drama gordina.

'The Way' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'The Way' telesailaren fotograma bat. FILMIN
Mikel Yarza Artola.
2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Gales hegoaldeko Port Talbot udalerria munduko siderurgia lantegi handienetako bat izateagatik da ezaguna, eta azken egunotan albiste da berriz ere, berrogei urte geroago bertako beharginek greba mugagabea iragarri dutelako uztailean hasita.

Errealitateko iturritik zuzenean edanda, Michael Sheenek fikziozko altxamendu zibil bat eraman du iruditara The Way telesailean, herri baten argazki osatua egiteko. Discroll familia da protagonista; senar-emazteak lantegiko sindikatuko kideak dira, baina dibortzio prozesuan daude. Txanponaren beste aldean polizia agente den alaba eta buru osasun eta droga mendekotasun arazoei buelta eman nahian dabilen semea daude.

Familia desegituratuak bat egingo du eztanda egin eta gutxira arreta nazionala bereganatuko duen lan gatazkatik osorik irteteko. Galesko Gobernuak polizia zerbitzu pribatuak kontratatu ditu protestak deuseztatzeko eta telesaileko zinemagileek kutsu totalitarista eman diote segurtasun indarren operazioak erakusten dituzten irudi sortari. Civil War filma eta The Handmaid’s Tale telesaila aipa litezke berehalako erreferentzia gisa; azken horrek bezala, Sheen eta konpainiak ere pantailara eraman dituzte soineko gorriz jantzitako figura iraultzaileak.

Dena den, L'Effondrement Frantziako telesaila da, ziurrenik, The Way-ren parekide zuzenena. Hori ere Filminek estreinatu zuen, pandemia garaian, eta gizateriaren kolapsoa marraztu zuen konplexutasun moral handiko zortzi atal bortitzetan. Michael Sheen eta konpainiak ildo bertsutik jo, eta pitzaduraz beteriko mundu bat islatu dute, langile protesten ondorioz mugak itxi eta galestar oro etorkin ilegal izendatzen duen politika britainiar eta guzti. Midnight in Paris, Blood Diamond eta Underworld filmetan aritutako Michael Sheen aktorearentzat zuzendari postuan egindako lehen proiektua da honakoa, eta urrezko hirukoa osatu du hamar urteko prestaketa lanetan, Adam Curtis eta James Grahamekin batera. Lehenak lau BAFTA sari irabazi ditu dokumentalen alorrean, eta bigarrenak arrastoa utzi du mundu zabaleko antzerkigintzan.

BBCk urte hasieran eman zuen telesaila, eta ordubeteko hiru atal izan zituen. Nazioarteko emanaldietara begira, ordea, sortzaileek 45 minutuko lau ataletan banatu dute edukia, eta formatu horretan estreinatu berri du Filminek, Hegoaldean. Ikusle gehientsuenek The Hobbit trilogian arituriko Luke Evans identifikatuko dute aktoreen artean, eta galestarrak dira harekin batera pantailan ageri diren gainerako guztiak ere.

Evansek bezala, Michael Sheenek ere Hollywooden egin du bidea, baina jaioterrira itzuli da, 2012an protagonista lanetan ikusi zuen Port Talboti buruzko The Gospel of Us filmaren oihartzuna berreskuratu nahian. Memoria ariketa egin du, 1984ko Erresuma Batuko meatzarien grebako artxiboko irudiak berreskuratuta eta The Way filmatzen ari zen bitartean dozenaka galestar gerturatu omen zaizkio eskertuta zein eskean, tokiko hamaika arazori konponbidea eman diezaion. Kamera eskuan hartuta, umore beltz eta surrealismoz zipriztindu du Sheenek bizilagunen urte luzeko borroka nekeza.

fitxa

  • Sortzaileak. Michael Sheen, James Graham eta Adam Curtis. 
  • Aktoreak. Callum Scott Howells, Steffan Rhodri, Erin Richards, Mark Lewis Jones eta Luke Evans.
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 45 minutu.
  • Generoa. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.