ATZEKOZ AURRERA. Higinia Garai. Ilustratzailea

«Galerietan dagoen artea errealitatetik oso urrun dago»

Garaik errealitateen aniztasuna ilustratzen du; errealitate horiek egiaztatzea atsegin du, hain zuzen. Horretarako, beharrezko iruditzen zaio herritarrek berriz pentsatzea zeri begiratzen dioten.

MONIKA DEL VALLE /FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Higinia Garai ilustratzaileak (Bilbo, 1978) kalean bizi izandako irudiak ilustratu ditu Bilboko Azkuna Zentroaren Fatxadak proiekturako sortu duen obran. Inguruan dugunaren beste begirada bat egitea izan da artistaren helburua. Maiatzaren 15 arte egongo dira ikusgai lanak.

Zertan oinarritu zara Azkuna Zentroko fatxadako obrak egiteko?

Gabonetan, Bilboko Areatzan txakurra paseatzen ari nintzela, jende andana ikusten nuen selfieak egiten; argazki horietan, lotan zeuden etxegabeak ere ateratzen zituzten, bertan zeudela ohartu gabe. Gogorra egiten zitzaidan hori ikustea. Esperientzia hori era ez-inbaditzailean marraztea erabaki nuen. Era horretan, ez zaie pertsonei aurpegia jartzen.

Neurri batean ahotsa eman nahi izan diezu gizarteak begiratzen ez dien horiei?

Behin neska bati entzun nion berak ez zuela inori ahotsik emateko baimenik, eta egia da. Ahotsa ematearen kontzeptuarekin goragoko maila batean jartzen duzu zeure burua. Bakoitzak bere ahotsa du, eta denok dugu zerbait desberdina esateko. Ahotsa baino gehiago, ikusgarritasuna eman nahi izan diet; beste errealitate batzuk existitzen direla erakutsi.

Zein da obraren fokua?

Begiratzeari ez uztea, begirada ez galtzea eta azalekoa ez izatea.

Hortik Bigarren Begirada izena.

Bigarren begirada bigarren irakurraldia da, handitik txikira egiten dena. Irudiak begiratzean, ez dugu begirada bikoitzik egiten; lehen begiratuan ikusteari uzten diogu.

Zer du egiatik «irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du» esaldiak?

Argazkigintza sortu aurretik, ilustrazioaren bidez kontatzen ziren gertakizunak. Argazkiak agertu zirenean, uste zen errealitatearen isla zuzena eta egiazkoa zirela, eta, ordutik, errealitatea aldatzeko arma gisa erabili izan dira. Argazkiak, baina, marrazkiak bezainbeste manipula daitezke, hitzak eta pentsaerak manipula daitezkeen modura. Irudi batek errealitatearen zati bat erakusten du soilik. Beharrezkoa dairizpide propioak eraikitzea.

Zer garrantzi du sinesgarritasunak?

Sinesgarritasuna beti egiaztatu behar da; ez dugu lehen irudiarekin gelditu behar. Irudiak aztertzen ez direlako bihurtzen dira egia.

Asko ikusi eta gutxi begiratzen dugu?

Begirada erabat selektiboa da. Gizakion begia ez da gai guztia ikusteko; horregatik, enfokatu nahi ditugun planoak soilik enfokatzen ditugu, eta bestelako testuinguruak begiratzeari uzten diogu.

Zeren eragina du enfokeak?

Gehienbat kapitalismoarena. Kontsumismoak eta publizitateak ere zeresan handia dute.

Nola kontsumitzen dira irudiak?

Une oro ari gara irudiak kontsumitzen: publizitatean, telebistan... Irudi horiek barneratzen ditugun heinean, arrakasta sozial gisa onartzen ditugu. Ikusten dugunaren eta garenaren arteko eztabaida dira.

Ohartzen gara irudiek adierazten dutenaz?

Irudiek ez dute ezer inozentea, eta informazio asko ematen digute. Momentu oro birpentsatzen aritzea da gakoa.

Zer eman dizu proiektuak?

Nire mezua harago eramateko aukera ematen dit, eta, azken batean, hori boterea ere bada. Halako proiektuek ikusgarritasun handia daukate.

Zer teknika erabiltzen duzu?

Teknika mistoa gustatzen zait. Eskuz egindako zirriborroekin hasten naiz, eta, gero, irudi horiek digitalizatu edota eskuz egiten ditut.

Ilustrazioa bigarren mailako arte bat dela sentitzen duzu?

Ilustrazioak bi alde ditu: batetik, arte elitistara hurbiltzen dena, eta bestetik, komertziala. Niri komunikazioari aplikatutako ilustrazioa gustatzen zait, kaleko jendearekin lotura duena. Halaber, nire diskurtsoa ez da elitera gerturatzen. Iruditzen zait galerietan dagoen artea errealitatetik oso urruti dagoela; are gehiago, bere merkatuaren barnean gelditu da. Kartelak, adibidez, ez dira artetzat hartzen, eta, nire ustez, arte galerietako obrak baino komunikatiboagoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.