Ezohiko espazioak bilatu ohi ditu Pez Limbo taldeak, eta Sumideros lana ez da planteamendu horretatik aldenduko. Ibilbide poetiko gisa planteatu dute, eta «galeraren inguruko esperientzia» du ardatz. Izan ere, Sumideros ibilbideak «ahazturik dagoen leku baten beste ikuspegi bat» ikusteko aukera eskaini nahi du, Eduardo Hernando konpainiako kidearen hitzetan.
Hain zuzen ere, eraikin horretan zeuden lehen Alde Zaharreko dutxa publikoak; egun, eraikina itxita dago. Galeraren gaiari lotutako poemak errezitatuko dituzte; Bukowski, Benedetti eta Oteizarenak, kasurako: «Dutxen Etxea irekita zegoenean, jendeadutxa horietara sartzen zen zerbait galtzeko; horri helduta, gurean zerbait galtzen da dutxa bakoitzean, poema bakoitzarekin».
Poemak «erarik ikusgarrienean» kontatuko dituzte, modu desberdinetan aurkeztuta: eraikinean itsatsitako mezuak, paretetako irudi eta testuen bidez, dutxetan eraikitako instalazioak...
Iragan maiatzean eta uztailean eskaini zuten lehenengoz, eta harrera beroa jaso zuen ikusleen aldetik: «Uztailean soilik, 110 pertsona inguru bertaratu ziren; horrelako ekintza batentzat, kopuru oso ona da». Konpainiak ez du baztertzen saioari beste behin heltzea: «Errepikatu nahiko genuke, baina udalaren mende gaude, bera baita eraikinaren jabea».
Sumideros-ek taldearen izaera erakusten du, taldearen ustez: «Bestelako espazioak erabili nahi izaten ditugu; lan honek horretarako aukera aparta eman digu».