Astronomia

Galdera bota du unibertsoak: «?»

Herbig-Haro 46 eta 47 izeneko bi nebulosaren argazkia atera du James Webb teleskopioak. Arreta, ordea, beste gauza batek eskuratu du: galdera marka baten forma duen argizagi batek.

Galdera ikur formadun gorputza. NASA, ESA, CSA
Julen Otaegi Leonet.
2023ko abuztuaren 8a
10:00
Entzun

Zoria, mentura, xantza... Badira nahita egiten direnak, eta badira baita nahi gabe egiten direnak ere. Galdera: zein aukera dago espazioan urtebete daraman teleskopio batek galdera marka baten forma duen objektu baten argazki bat ateratzeko? «Hutsaren hurrengoa», esango luke edonork, ziur asko. Unibertsoa, ordea, infinitua da, eta aukerak, hamaika.

James Webbteleskopioa da ia ezinezkoa zinezko bihurtu duena. Lurretik 13,4 milioi argi urtera arteko argizagiak irudika ditzake, baina askozaz ere gertuagoko argazki batean topatu du itauna.

Zer? Non? Eguzki sistematik 1.470 argi urtera dira Herbig-Haro 46 eta 47, Vela deituriko konstelazioan. Gazteak dira; milaka urte besterik ez dituzte. Herbig-Haro, bai: izarren sorrerarekin lotutako nebulosei deitzen zaie hala; gasez eta hauts kosmikoz osatuta daude.

Hamarkadak daramatzate bi nebulosa horiek aztertzen, eta haien inoizko irudirik zehatzena atera du James Webb teleskopioak. Dena dela, begi niniak argazkiaren beste puntu batean dituzte zenbaitek: behealdean. Galdera marka baten formako gorputz bat ageri da, txiki-txiki. Urrun, auskalo zenbat argi urtera egongo den.

Galdera marka, nolatan? STSI Espazio Teleskopioaren Zientzia Institutua arduratzen da teleskopioaz, eta, haren arabera, baliteke elkartzen ari diren bi galaxia izatea. Bien arteko grabitateak elkarri tiraka egoteak azalduko luke forma hori —ez dira estralurtarrak norbait inguruan ba al den galdezka—.

Galdera marka baten formako argizagia, irudiaren hondoan. / NASA, ESA, CSA

Nebulosetara itzuliz... Horien erdian bi izar daude, oraindik ere sortze bidean direnak. Nebulosa nahiko dentsoa da; gasek eta hautsek bi astroak estaltzen dizkiote teleskopioaren mirari. Irudiko izpi gorrixka difraktatuen erdi-erdian dira, hala ere.

Eta nola agertu dira nebulosak? Izarrek inguruan dituzten gasak eta hautsak biltzen dituzte; beren inguruan material horiez osatutako disko bat sortzen da, eta masa irabaziz doaz izarrak. Denbora gutxian material asko metatzen badute, turrustaka kanporatzen dute, kontrako bi noranzkoetan. Horien inguruko nebulosa gorria aspaldi jaurtitako soberakinak dira; urdina, berriz, berriagoak.

Erlatiboki, bizitza laburra dute nebulosek. Behin izarrak guztiz osatu ostean, garbi-garbi geratuko da haien ingurua.

Nebulosak, izarrak eta beste. 2021eko abenduaren 25ean espazioratu zuten teleskopioa, eta urtebete bakarrik pasatu da irudiak bidaltzen hasi zenetik. Beste 5-10 urterako erregaia du, unibertsoaren irudi dezente ateratzen jarraitzeko lain. Inoiz baino urrunago heldu da haren objektiboa, berez hemendik nahiko gertu bada ere. L2 izeneko puntuan dago, 1,5 kilometrora, Lurra orbitatzen.

Laster izango du bertan adiskide bat: Euclid teleskopioa. Unibertsoaren egitura, eta materia eta energia ilunak aztertuko ditu sei urtez.

L2? L, Joseph Louis Lagrange matematikariaren omenez. Galdera honen erantzuna topatu zuen: nola dezakete hiru gorputzek beren artean orbitatu, eta aldi berean batak besteekiko posizio erlatiboa mantendu? Kasu honetan, Webb, Lurra eta Eguzkia dira hiru gorputz horiek. Bost gune proposatu zituen Lagrangek, eta horietan bigarrena izendatu zuena da aproposena: Lurretik 1,5 milioi kilometrora, Lurretik Eguzkiranzko kontrako noranzkoan; hortxe du teleskopioak oreka puntua.

Ikusi gehiago:Rho Ophiuchi hodei multzoa, 'James Webb'-en begitan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.