Galaxia nanorik urrunena, bistan

James Webb Space teleskopioa erabiliz, inoiz hautemandako galaxia nanorik urrunena aurkitu dute. Ondorioztatu dute unibertso goiztiarrean sortutako galaxiak halakoak zirela.

Eskuineko aldean dauden hiru borobilak urruti dagoen galaxia nanoaren hiru irudi dira, handituta. ESA/WEBB, NASA & CSA, P. KELLY.
Iker Tubia.
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Atzera begira paratu dira, 13 milioi urte baino gehiago egin dute atzera, eta «parerik gabeko» galaxia nano bat aurkitu. James Webb Space teleskopioari esker, «kasualitatez», gizakiak ikusi duen galaxiarik urrunena aurkitu dute. Zientzialariek uste dute Big Banga gertatu eta pixka bat geroago zeuden galaxiei buruz gehiago jakiteko balioko duela. Izan ere, eztanda erraldoia gertatu eta 500 milioi urtera dago aipatutako galaxia.

Aurkikuntza hori egin duen nazioarteko taldeko kidea da Tom Broadhurst EHUko Ikerbasque Research irakaslea eta DIPC Donostia International Physics Centerreko irakasle elkartua. «Argitasun oso gutxiko galaxia txikia da. Eratu zirenetan lehenetako bat izan zen, Big Banga gertatu eta soilik 500 milioi urte igaro ondoren, unibertsoaren bolumena gaur baino milaka aldiz txikiagoa zenean», azaldu du. Ikerketa hau Science aldizkarian argitaratu dute.

Ezusteko aurkikuntza izan zen, ikerlari taldea ez baitzen galaxia horren bila ari. «Zorionez, irudietan agertu zenez, espektroskopia osagarriaren helburuen zerrendan sartzea erabaki genuen». Kasualitatez hasitako bideak ekarritako ondorioak ere azaldu ditu ikerlariak: «Litekeena da unibertso goiztiarrean sortutako lehen galaxiak nanoak eta argi gutxikoak izatea, eta ez distiratsuak, grabitazio lenterik erabiltzen ez duten taldeek dioten bezala».

Grabitazio lenteak

Aipatutako taldeak denbora asko ematen du izarrak eta galaxiak aztertzen. Horretarako, James Webb Space teleskopioaren bereizmen handiaz eta grabitazio lenteez baliatzen dira: objektu masiboak erabiltzen dituzte, galaxia multzoak, esaterako; eta haien atzean dauden helburuen argitasuna eta tamaina handitzen dituzte. Kasu honetan ere hala egin dute. «Zirrara handia piztu zitzaigun galaxiaren gorriranzko lerrakuntza handi hori hautematean», esan du ikerlariak.

Azken behaketen bidez jakin dute galaxia horren distantzia zenbatetsia fidagarria dela «erabat»: «Izan ere, haren espektroan elementu bereizgarriak hautemateko gai izan ginen; besteak beste, haren gas berotik datozen hidrogenoa, karbonoa, oxigenoa eta neona».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.