GAKOAK

2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Gentrifikazioa ez gertatzeko gako batzuk aipatu dituzte Isabelle Anguelovski Bcnuej-eko ikerlariak eta Itziar Aguado EHUko irakasleak.

Etxebizitza babestua. Babes ofizialeko zenbat eta etxebizitza gehiago eduki, orduan eta txikiagoa da gentrifikazio arriskua, Anguelovskiren arabera. «Espainian, kopurua %4-5ekoa da bakarrik; Herbehereetan, adibidez, %20-25ekoa, eta gentrifikazioa, orokorrean, askoz baxuagoa da». Naoneden (Bretainia), kasurako, legez ezarrita dago eraikin berrien %56k babestuak izan behar dutela.

Zergak. Auzoa uzteko arrazoi bat izan liteke Ondasun Higiezinen Gaineko zerga asko handitzea, Anguelovskiren irudiko. «Muga bat jar dakioke familien diru sarreren arabera». Halaber, etxebizitza hutsak zergapetzea eraginkorra izan da espekulazioa saihesteko, hala nola Vancouverren (Kanada), azaldu duenez.

Alokairua. «Alokairuaren prezioa kontrolatzea, Berlinen egin den bezala, neurri efektiboa izan daiteke prezioa asko igo ez dadin», Anguelovskiren hitzetan.

Justizia espaziala. Aguadoren iritziz, «garrantzitsua da ez daitezen eremu pribilegiatuak egon azpiegitura berdeei dagokienez». Hau da, eremu berdeek irisgarriak izan behar dute denentzat, eta gune guztiek izan behar dituzte zerbitzu berak. «Administrazioak arduratu behar du horretaz».

Gune txikiak babestea. Anguelovski: «Eskala txikiko berdea lehenetsi behar da: hau da, babestu behar dira auzokideek kudeatutako gune berdeak». Adibide bat aitatu du: ez uztea promotoreren batek ortu komunitarioa erauztea hotel bat eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.