ATZEKOZ AURRERA. Andoitz Antzizar Lasa. Trikitilaria

«Gaizki saltzen dugu trikitia, oso gaizki»

Trikitiaren lehenaz, orainaz eta geroaz ari da Antzizar. Garbi dauka: «Sueltoan aritzera behartzen gaituzte, baina lotuan aritzeko egarriz gaude». Hitzaldi-kontzertu didaktikoa emango du etzi Oiartzunen.

ANDONI CANELLADA / @FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Errenteria
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Arizterrazuko plazan jo ez duena ez dela trikitilaria esaten omen dute. Horregatik, Andoitz Antzizar Lasak (Irun, Gipuzkoa, 1977) esaten du trikitilari izendatzeko, baina argitzeko oraindik han aritu gabea dela, «badaezpada». Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko idazkariak honela hasiko du etzi Oiartzungo (Gipuzkoa) San Esteban elizan (17:00) emango duen hitzaldi-kontzertua: «Triki zer? Zer da hori? Zomorro bat? Ez da ba kukulumeraren familiakoa izango!».

Triki zer? Zer da hori?

Galdera oso zabala da. Triki horren atzean gordetzen dena ez delako bakarrik instrumentua. Gaur egun, trikitia entzun eta soinua ikusten dugu, baina trikitiaren atzean hori baino askoz gehiago dago: dantza, kantua, bertsoa, musika... Triki horren atzean gordetzen da euskal kultur adierazpen artistiko baten unibertso oso bat.

Eta zer da kukulumera?

Oiartzungo hitz bat da. Labezomorro handi bat. Esku baten tamaina duena. Umea nintzela ikusi nituen azkenekoz, adar handi batzuekin. Hitzak berak ematen du jokoa: ku-ku-lu-me-ra eta tri-ki-ti-a.

Zein da hitzaldiaren helburua?

Trikitia ezagutaraztea saltzen diguten eta kontsumitzen dugun trikitiaz haratago. Zeren askotan abanikoaren zatitxo bat bakarrik ezagutzen dugu, eta nire asmoa da gehiago sakontzea.

Zer saltzen digute, bada?

Normalean saltzen digute trikitiaren atal zaharrena. Oso garrantzitsua eta beharrezkoa dena nondik gatozen jakiteko, baina abaniko osoa erakutsi behar da.

Baina trikitia ez da jada ezaguna?

Ez. Ezagutzen da bakarrik lehen esandako trikiti hori. Eta trikitia hobeto saldu beharra daukagu; gaizki saltzen dugu, oso gaizki saltzen dugu. Konturatu zaitez trikitia munduan zehar badabilela. Eta trikitia diodanean, diot soinu txikia, panderoa, dantza, kantua... guztia bilduta. Formatu hori guztia dabil munduan, eta euskaraz dabil munduan. Horri balioa eman behar diogu, eta ez dugu egiten.

Hizkuntzarekin lotzen duzu?

Trikiti hitza bera euskal onomatopeia bat delako, zeren bestela ez litzateke trikitia izango. Beste zerbait izango litzateke. Nik, adibidez, tarantella esaten badut, berehala datorkigu burura Italia. Trikitiaren antzeko soinu batekin egiten den musika eta dantza mota bat da. Beraz, dudarik ez daukat trikitia euskararekin lotuta joan behar duela.

Arizterrazu eta streaming esaldi berean?

Bai, eta bazen garaia. Alegia, Arizterrazu entzuten dugunean etortzen zaigu abanikoaren zatitxo hori, baina harrituko zinateke trikiti underground horretan zenbat gazte dagoen ikusita.

Trikitia underground ere bada?

Bai, noski, hala da. Ezkutuan dauden erromeriatxo horietan oraindik mantentzen da kutsu zehatz horretako trikitia, eta hortik abiatuta iritsi da mundura. Denbora guztian gizartera egokituz doan adierazpen kultural bat da.

Eta pandemiak nola eragin dio?

Besteei bezainbeste txarrera, baina onera ere bai. Trikitiarekin atera gara leihoetara, balkoietara... eta auzokoak alaitu ditugu. Eta modernizazio bat ere ekarri du. Arizterrazu streaming bidez jartze hori behar batetik sortu da, trikitia sarera ekartzeko beharretik.

Trikitiarentzat ez da berria distantziak mantendu beharra.

Infernuko hauspoa zen. Garai batean debekatzen ziguten hori orain beste era batera debekatzen digute. Berriz ere oinarrietara goaz. Sueltoan aritzera behartzen gaituzte, baina lotuan aritzeko egarriz gaude.

Dultzemeneorik ez?

Oraindik ez, baina etortzen denean, ez dugu elkar askatuko.

Zer da geodesia? Horretan ere lan egindakoa zara?

Lur azalaren neurketa da geodesia. Aranzadin aritu nintzen horretan.

Marraztu ezazu trikitiaren mapa. Non dago iparra?

Bila gabiltza, etengabe. Horregatik daukagu arrakasta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.