Beldurrak gidatutako gaitz bat da hipokondria; gaixotasun larriak nozitzeko izuak paralizatu egiten ditu hipokondriakoak, eta eguneroko bizitza pertsonal, sozial eta profesional arrunta oztopatu. Osasun galera dute mintzagai nagusia eta, askotan, bakarra. Jokaera irrazionala dute, gorputz sentsazio batetik abiatu eta mina eta sufrimendua sentitzen dituztela baieztatzen dute, ezbairik gabe. Gaixotzeko beldurrez gaixotzen dira, interpretazio ezkorren gurpil zoroan murgilduta egoten dira, eta haien bizitza gidatzen duen beldurrak antsietatea sortzen die.
Patologiak sintomatizatu egiten du pertsona horien sakoneko izua; finean, «heriotzari diote beldurra», zehaztu du Edurne Saizar psikologoak. «Egiazkoa edo irudikatua izan daitekeen seinale edo sintoma somatiko bati heldu, eta, interpretazio pertsonaletik abiatuta, gaixotasun larria izateko beldur dira edo halakorik dutela uste dute». Hipokondriakoen pentsamenduen eta kezken oinarriak zerikusia izan dezake errealitatearekin; edo ez. Hau da, posible da hipokondriakoek ere egiazko sintoma fisikoak edukitzea; arazoa, baina, horien interpretazioan datza. Hipokondriakoek muturrera jotzen dute, obsesioak itsututa, beti. Gaixo daudela sinetsita daude, eta edozein izan daiteke gaitza, larrietan larriena euren pentsamenduetan. «Norberaren osasunaren irudia distortsionatua dute erabat». Ondorioz, sintomen «neutraltasun» posiblea ukatu, eta okerrenera jotzen dute.
Hipokondriakoa izateko arrazoi eta kausen soka gaitza bera bezain konplexua da. Posible da inguruko batek pairatutako gaixotasun larri baten ondorioz garatzea beldurra; hau da, trauma batek eragina izatea. «Osasunari eta gaixotasunari loturiko aurrez bizitako esperientzia kaltegarriak aurki daitezkeela uste da, sintomak beti oso negatiboa den zerbait agertzea dakarren sinesmena eragiten dutenak izaten dira. Sinesmen horiek gertaera baten ondoren aktibatzen dira, eta pentsamendu negatibo automatikoak agertzea eragiten dute. Horrek sortzen du antsietatea».
Kezka eta patologia bereizteko zenbait irizpide daude, eta horiek betez gero diagnostikatu daiteke hipokondria; ez bestela. Seinaleak hauek dira: kezkak hor segitzea azterketa medikoak egin ondoren, kezkak klinikoki esanguratsua den ondoeza sortzea, lana, harremanak edo gizabanakoaren jardueraren beste arlo garrantzitsu batzuk hondatzea eta nahasmenak sei hilabetetik gora irautea, besteak beste.
Hipokondriakoen obsesioak, antsietateak eta beldurrak eragina dute egunerokoan, eta bizi ohiturak mantentzea oztopatzen diete. «Etengabeko alerta egoeran bizi dira, beren gorputz sintomak une oro kontrolatuz». Ondorioz, haien jarduerek eta ardurek nabarmen egiten dute behera, eta lantokian arazoak izan ditzakete. Gorputz sentsazioetan dute arreta guztia, eta inguruan eraikitako harreman sarea alboratzen dute.
Errealitatetik at
Pentsa liteke osasun arazoak detektatzeko tresna erraza dutela hipokondriakoek eskura: medikuak. Medikuarenera joan eta hark egindako osasun azterketak behar luke beldurra uxatzeko nahikoa sendagai, baina ez da horrela izaten. Hipokondriakoek beste bide batzuk bilatzen dituzte: «Beren buruari diagnostikoak egiten dizkiote; Internetera jotzen dute maiz beren hipotesiak indartzeko». Izan ere, Saizarrek esplikatu du diagnostiko eta mediku froga onek ez dituztela lasaitzen. Korapilatsuagoa da gaitza konpontzeko bidea.
Terapiari eta hipokondriari aurre egiteko tresnez hitz egitean, badira oinarrizko zenbait irizpide. «Lehen urratsa gaia alboratzea da; besterik esaten ez bada, debekatua dute autodiagnostikoak egin eta osasunaz eta gaixotasunez hitz egitea». Konpromisoa hartuta abiatzen da sendatzeko bidea. Kasuan-kasuan baloratu behar da zer tresna den eraginkorrena, baina badira zenbait aukera: autoestimua lantzea, heriotzari eta gaixotasunei zaien beldurra lantzea, terapia kognitibo konduktuala egitea... azken hori zertan datzan azaldu du Saizarrek: «Pentsaera irrazionalak analizatu, auzitan jarri eta errealistagoak diren horiekin kognizioak eta jokaerak eraldatzeari ekin». Esposizioa, hau da, sentsazio fisikoak onartu eta aurka ez egiteko teknika izan daiteke tratamendurako beste aukera bat.
Familiak eta ingurukoek ere badute zeresana. Saizarrek adierazi du hipokondriakoek maiz sentitzen dutela ez dituztela «ulertzen»; horregatik, inportantea da inguru goxoa sortzea, gaixoaren estutasuna arintzen laguntzen saiatzea. «Ez epaitzen eta arreta beste nonbait jartzen ahalegindu behar dute ingurukoek, eta enpatikoak izan». Era berean, ezinbestekoa da norberaren gaitasuna neurtzea eta ondo neurtu eta garbi edukitzea noraino lagundu dezakeen bakoitzak.
Hipokondria kasuak, batik bat, helduengan hautematen dira; haurrengan, berriz, «joerak» dira. Hala uste du Ana Elosegi psikologoak. «Haurren emozioak askoz aldakorragoak dira, eta zaila da kezkak luze irautea; helduok askoz eskema mental finkoagoa dugu, eta luzaroan eusten diogu emozio bati». Dena den, badira gaixotzeari ohiz kanpoko beldurra dioten haurrak. Azpeitiko Harremanak elkarteko (Gipuzkoa) zuzendaria da Elosegi, eta antzekotasunak ikusten ditu horrelako joerak dituzten haurren artean. «Gaixotzeko beldur diren haurrak oso kontrolatzaileak izaten dira, zorrotzak; kaosak urduri jartzen ditu». Inguruak ere eragina du jokamolde horietan. Gurasoek haurrengandik espero dutena, esaterako, faktore esanguratsua izan daiteke; guraso oso zorrotzak dituzten haurrengan sortu ohi dira beldur eta antsietate arazoak. «Dena nahi dute gaur egungo gurasoek: ikas dezatela, kirola egin dezatela... eta, gainera, emozioak kudeatzeko gai izan daitezela». Maila hain altu jarrita, zaila da antsietateari aurre egitea.
Kanpo faktoreen eragina
Helduen kasuan bezalaxe, beldur horren jatorria kanpo egoeren ondorioz aktibatu daiteke, eta aurretik bizitako esperientzia negatibo bat dute jatorri. «Guk kontsultan ikusi dugu haur batek gehiegizko beldurra izatea gaixotasunei, adibidez, bere ahizpa gaixotzen denean». Horrelakoak kudeatzeko, beldurra lantzea eta «errealitate puntua» jartzea aholkatu du Elosegik. Hau da, emozioen gainetik arrazoia gailentzea da funtsezkoa, egoera erreala zein den ohartarazi eta beldurra arrazionalizatzea. «Beldurrari buruz hitz egitean, antsietatea baretu egiten da sarritan; askatu eta txikitu egiten da beldurra».
Garai zailak dira hipokondriakoentzat. COVID-19 gaitz berriaren pandemiak kinka larrian jarri ditu hura pairatzen dutenak; izan ere, gehiegizko informazioak estres sentsazioa areagotzen du, eta interpretazio ezkorrak egiteko joeran sakontzea dakar. «Antsietate arazoak dituztenentzat, pandemia egoera larriagoa bihurtzen da. Koronabirusaren sintometako baten aurrean, neurriz kanpoko alerta egoera ekarriko die», zehaztu du Saizarrek.
Telebista piztu, egunkaria erosi, auzokidearekin hitz egin, leihotik begiratu... orain, gaixoen pentsamenduetan ez ezik nonahi da osasun krisia hizpide. Saizarrek jakinarazi du inguruko estimuluek kalte egiten dietela bestela ere osasuna galtzeko beldurrez bizi direnei. «Antsietate egoera horretan, litekeena da gaixo ez daudenek gaixo daudela pentsatzea» .
Haurrei dagokienez, berriz, Elosegik uste du antsietatea duten haurrak «babestuago» senti daitezkeela etxean. «Azkenean, gurasoekin daude, gurasoen jarrera ere malguagoa da; ziur asko, haur horiek hobeto egongo dira etxean sartuta». Bestalde, Elosegiren aburuz, haurrentzat ondoriorik okerrenak itxialdiaren ondoren etorriko dira. «Ni kezkatzen nauena konfinamenduaren ondorengo aldia da; ikusi beharko da nola gizarteratuko ditugun berriz haurrak sozializazio falta horren guztiaren ondoren. Hor arazo larriak izango ditugu».
Edonola ere, gaixoak ez epaitzea, eta autoestimua eta heriotzari dioten beldurra lantzea dira hipokondriari aurre egiteko tresnarik eraginkorrenak. Emozioen gainetik, arrazoiak gailendu behar du; beldurraren gainetik, errealitateak eta datu objektiboek. Izan ere, paradoxikoa izan arren, gaitz bakarra da hautemanezina hipokondriakoentzat: hipokondria.
Gaixotzeko beldurrez gaixo
Gaixotasun larriak pairatzeko beldurra: horrela definitzen dute psikologoek hipokondria. Gaixo daudela baieztatzen dute hipokondriakoek, eta hori dute mintzagai nagusi. Koronabirusaren inguruko informazio zaparradak gaixoen obsesioa areagotu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu