Urliak erditu eta berehala berreskuratu du «bere figura»; abeslari famatu hark probetxua atera dio bikotekidearengandik banantzeak eragin dion tristurari, argaldu egin baita; freskagarri baten eta patata frijituen emotikonoekin osatu dute kirolari lodi baten inguruko albistea. Hainbat adibide dira, baina ez bazterrekoak, ohikoak baitira gisa bereko edukiak. «Argaltasuna goraipatzen dute, eta loditasuna seinalatzen», laburbildu du Magdalena Piñeyro lodifobiaren kontrako aktibista eta Stop Gordofobia egitasmoaren sortzaileak. Izan ere, oro har desegokiak dira komunikabideek erabiltzen dituzten narratibak lodien inguruan hitz egiteko, Yazmina Vargas kazetari eta EHUko doktoregaiaren irudiko: hala erabiltzen dituzten terminoengatik nola argitaratzen diren albisteengatik, erakusten duten publizitateagatik, edo erabiltzen dituzten argazkiengatik. «Loditasunaren inguruko diskurtso mediatikoak paper garrantzitsua jokatzen du publikoaren pertzepzioan, estereotipo negatiboak sortu eta indartzen ditu, eta horiek lodifobia eragiten eta diskriminazioa eta aurreiritziak betikotzen dituzte», nabarmendu du Vargasek.
Lodien kontrako diskriminazioa da lodifobia, eta hiru ertz ditu, Piñeyrok azaldu duenez —Piñeyrok eta Vargasek komunikabideez eta lodifobiaz hitz egin zuten joan den astelehenean, EHUk, Bizkaiko Medikuen Elkargoak eta Kazetarien Euskal Elkargoak Bilbon antolatutako jardunaldi batean—. Estetika, osasuna eta morala: hiru esparru horiek uztartu egiten dira lodien inguruko usteetan, aktibistak zehaztu duenez. «Pentsatzen da hiru parte horiek osotasun koherente bat osatzen dutela». Batetik, gizarteak gorputz argalak jotzen ditu gorputz osasuntsutzat; eta, bestetik, jokabidearekin lotzen dituzte, ontzat eta txartzat jotzen denarekin. «Gizartearentzat, pertsona egokia izatea da ona, kontrolatua, diziplinatua, menekoa, kirola egiten duena, lanera joaten dena... Eta uste da lodiok moralitate hori desobeditu dugula. Uste dugu argala osasuntsua dela eta moralki zuzena, eta lodia ez dela hala: baina ez dago lotura koherenterik».
Sexuak eta arrazak ikuskera hori zeharkatzen dute, eta lotura du, era berean, pobreziarekin: hortaz, lodifobia matxismoan, arrazismoan eta klasismoan bermatzen da, Piñeyroren esanetan. Azaldu duenez, Sabrina Strings arrazismoaren eta lodifobiaren kontrako ikerlariak kontatzen du Afrikaren konkistaren eta kolonizazioaren ondoren —XVIII. eta XIX. mendeak— kolonizatzaileek beltz lodiak eta batik bat emakumeak eraman zituztela Europako zirkuetara, eta «animalia bihurtu» zituztela. «Beltzen irudi bat helarazi zuten: basatiak ziren, kontrolik gabekoak, apetituetara jotzen zutenak animaliak balira bezala; beren arrazoia ez zen gai beren gorputza mendean hartzeko». Garai hartako Europako medikuntzak ere aurreiritzi hori indartu zuen, gizakiak bere gorputza «jainkoen gisan» kontrolatu zezakeelako ustea hedatzearekin batera.
«Gizartearentzat, pertsona egokia izatea da ona, kontrolatua, diziplinatua, menekoa, kirola egiten duena, lanera joaten dena... Eta uste da lodiok moralitate hori desobeditu dugula»
MAGDALENA PIÑEYRO Lodifobiaren kontrako aktibista eta Stop Gordofobia egitasmoaren sortzailea
Estereotipoa ez da iraungi, Piñeyroren eta Vargasen berbei erreparatuta. Piñeyrok ikerketa bat ekarri du hizpidera: 2012an, Almeriako Unibertsitateko (Espainia) ikerlari talde batek Harrotasun Lodiaren inguruko albiste batek eragindako iruzkinak aztertu zituen, eta erabiltzaileek esaten zuten, besteak beste, lodiak insolidarioak direla, kontrolik gabekoak, berekoiak, anormalak, alferrak, itsusiak, gaixoak eta, are, antiekologikoak. El discurso popular sobre la obesidad, análisis de contenido de una discusión virtual artikuluan jaso zituzten azterketaren emaitzak (Obesitatearen inguruko diskurtso popularra, sareko eztabaida baten edukien analisia; Aposta aldizkaria, 2012).
Batzuetan, komunikabideek bere egiten dute diskurtso hori, hala nola erabiltzen dituzten kontzeptuen bitartez, Vargasen arabera. Bi hitzetan jarri du azpimarra, bereziki: obesitatea eta gainpisua. «Estigmatizatzaileak dira. Obesitate berbak loditasuna gaixotasunarekin lotzen du automatikoki, eta gainpisu hitzarekin asumitzen da lodi guztiek elikadura desegokia dutela eta sedentarioak direla. Alabaina, loditasuna faktore askotariko fenomeno bat da. Eta, OMEren arabera, loditasuna arrisku faktore bat da, ez gaixotasun bat». Horien ordez, loditasun eta lodi kontzeptuak hobetsi ditu. «Berez, ez dira iraingarriak. Benetako mina estigmatizazioak eta erruduntasunak eragiten dute». Era berean, eufemismoak baztertzearen alde agertu da. «Egoera okertzen dute: azken finean, eufemismoak erabiltzen dira hitz bat arintzeko, zeina ez duzun erabili nahi beldurragatik edo lotsagatik; baina hitz hori da errealitatea islatzen duena».
Berbak eta irudiak
Patologizazioak alarma dakar. Ohikoak baitira, orobat, XXI. mendeko epidemia-z eta obesitate maila kezkagarri-ez mintzo diren lerroburuak. Piñeyroren ustez, «inori ez dio axola alarmismo horrek eragiten duen estresa: izan ere, gorputz lodiak jotzen dituzte ohitura desegokien ondoriorik lazgarrienak bezala». Esplikatu duenez, osasunarekin zerikusia duten beste albiste batzuetan tentuz aritzea da gomendioa: esaterako, zuhurtzia eskatu zuten COVID-19aren tratamendu informatiboan; eta, alkoholarekin edo lanarekin erlazionatutako heriotzak ere asko diren arren, ez dira hainbeste nabarmentzen komunikabideetan. «Zer gertatuko litzateke jendeak alkohola edateari utziko balio, edo lan baldintzak hobetuko balira? Galerak egongo lirateke. Baina obesitateak dirua ematen du. Hor dago desberdintasuna», esan du Piñeyrok.
Saihestu beharreko hitzak daude, eta mutututako ahotsak. Izan ere, nork hitz egiten du lodiez? Ez lodiek eurek, gehienetan, Piñeyroren aburuz: «Gutaz hitz egiten duten gehienak argalak dira, eta kanpotik definitzen gaituzte, jakin gabe zein den gure existentzia, zein diren gure esperientziak, gure beharrak...». Vargasen esanetan, lodiak gutxitan agertzen dira albisteetan eta saioak aurkezten, eta, agertzen direnean, kutsu negatibodun berrien protagonistak izaten dira sarri. «Ez dituzte eskatzen lodien iritziak. Loditasunaz hitz egitean baino ez. Orain, asko hitz egiten da lodifobiaz, eta lodiei lekukotza eskatzen diete. Baina ez bada loditasunarekin zerikusia duen gai baten inguruan aritzeko, ez dugu ahotsik».
«Obesitate berbak loditasuna gaixotasunarekin lotzen du automatikoki, eta gainpisu hitzarekin asumitzen da lodi guztiek elikadura desegokia dutela eta sedentarioak direla. Alabaina, loditasuna faktore askotariko fenomeno bat da»
YAZMINA VARGASKazetaria eta EHUko doktoregaia
Ez ahotsik, ezta bururik ere. Lodien estereotipoa ez baita soilik hitzez osatzen: irudi kontua ere bada. Piñeyrok esplikatu duenez, loditasunaren inguruko piezetan ohikoa izaten da kalean dabiltzan lodiak ateratzea enkoadraketa itxietan: burua kanpoan utzitan, gorputz eremu jakin bat nabarmenduta... Irudikapenotan, baina, «objektibazioa, deshumanizazioa eta zatikatzea» dago, aktibistaren aburuz. Luis Yrache Jimenez ikerlariaren aipu bat erabili du tratamendu horren ondorioak azaltzeko —Jimenez emakumeez ari da, baina lodien egoerari aplika dakiokeela uste du Piñeyrok—: «Gorputz bat erakusteak haren burua enkoadraketatik kanpo utzita, identitatez eta nortasunez gabetzen du, zure aurpegia baita aparteko egiten zaituena. Norbaiti burua kentzean, izaki generiko bat bihurtzen dute, objektu bat, ez duena ez iritzirik ez aldarterik. Irudiaren bitartez biolentzia eta gutxiespena gauzatzen dira».
Baina, lepomoztuak izateaz gainera, lodiak triste agertu ohi dira, hanburgesak edo gozokiak jaten, edo sofan botata, Vargasen arabera. «Irudi negatiboak izaten dira: mundu guztiak egiten dituen gauzak dira, baina guk ez genituzke egin beharko. Eta, adibidez, kirolaren inguruko albiste batean, ez dute ipintzen lodi bat kirola egiten, baizik eta argalak». Areago, lodiak ageri direnean testuinguru positiboetan —bikini batzuen iragarkietan, esaterako—, «berehala esaten dute loditasuna erromantizatzen ari direla», kazetariak nabarmendu duenez.
Vargasek proposatu du komunikabideek lodifobiaren inguruko atal espezifiko bat txertatzea estilo liburuetan, praktika diskriminatzaileak saihesteko, gorputz aniztasunaz mintzatzeko jarraibideekin, «beste gai sentsible batzuekin egiten den bezala: esaterako, indarkeria matxistarekin edo suizidioarekin».
Erantzukizun juridikoa
Piñeyrok espero zuen, baina, kontrara, oldeak harritu egin zuen Miren Rodriguez EHUko Kazetaritza irakasle eta Mediaiker taldeko ikerlaria: iazko abenduaren 8an hil zen Itziar Castro Kataluniako aktorea, eta sare sozialetan haren aurkako mezu ugari partekatu zituzten. Horien lagin bat ikertzea erabaki zuen Rodriguezen taldeak: aztertu zuten zer erantzun izan zuten heriotzaren albistearen txioek X sare sozialean —hiru egunkari digitaletara mugatu zuten ikerketa: El Pais, La Vanguardia eta El Mundo—, eta zer erantzun eragin zuen ezbeharrak Youtuben eta Tiktoken. Ondorioztatu dute iruzkinek indartu egiten dituztela lodien kontrako estereotipo negatiboak, haienganako mehatxuak ere topatu dituzte, eta askok bere heriotzaren erantzuletzat jo zuten Castro.
«Kazetariok adierazpen askatasuna bermatu beharko genuke: argitaratu nahi duzuna, baina errespetuz; eta, ez bada hala, ez dizugu publikatuko, edo ondorio legal batzuk edukiko ditu. Mezu lodifoboek indarkeria normalizatzen laguntzen dute»
MIREN RODRIGUEZEHUko Kazetaritza irakaslea eta Mediaiker taldeko ikerlaria
Rodriguezen ustez, komunikabideek oro har «errespetuz» jorratu zuten Castroren heriotza, baina oso bestelakoa izan zen sare sozialetan eman zitzaion oihartzuna. «Europako zuzenbidearen arabera, sare sozialek ez dute erantzukizun juridikorik haietan publikatzen denarekiko, nahiz eta eduki horrekin dirua irabazi, erabiltzaileen ostalari soiltzat baititu», argitu duenez.
Eta komunikabideek? Ardura eduki behar lukete haien albisteek eragindako erreakzioen gainean? Zalantzak ditu Rodriguezek: «Eztabaida ona da, ez nuke jakingo zer esan. Kazetariok ardura daukagu informazioaren tratamenduari dagokionez. Komunikabideetan badaude community manager-ak, sare sozialak kontrolatzen dituzten pertsonak... Baina beharra badago». Aspaldiko gatazka bat dago muinean, irakaslearen hitzetan: adierazpen askatasunaren mugak. «Kazetariok adierazpen askatasuna bermatu beharko genuke: argitaratu nahi duzuna, baina errespetuz; eta, ez bada hala, ez dizugu publikatuko, edo ondorio legal batzuk edukiko ditu. Kontuan eduki behar dugu mezu horiek indarkeria normalizatzen laguntzen dutela». Gaiaren inguruan sakonduko dute Komunikabideen papera lodifobiaren eta obesofobiaren garapenean Bizkaian ikerketa proiektuan.
NOLA SAIHESTU LODIFOBIA HEDABIDEETAN
Magdalena Piñeyro lodifobiaren kontrako aktibistaren arabera, hauek dira komunikabideetan lodifobia saihesteko gako batzuk:
Argaltasuna ez goraipatu, eta lodiak ez kritikatu. Halakoak saihestu: «Alfonbra gorrian, urliari gaizki geratzen zitzaion soinekoa».
Gorputz aniztasuna helarazi. Askotariko tamainetako gorputzak erakutsi.
Irudietan, gorputzak ez zatikatu. Ez erabili lodien enkoadraketa itxiak, atal jakin bat nabarmentzeko: hankak, bularra, sabela... Burua ez utzi enkoadraketatik kanpo. Eta, pertsona baten irudia erabili nahi izanez gero, hari baimena eskatu.
Saihestu obesitate berba. Aktibistek patologiatzailetzat daukate, «gorputz lodiez hitz egiten baitu gorputz gaixoak balira bezala», Piñeyroren esanetan.
Ez jarri lodiak aurrez aurre pertsona lodifoboekin. «Askotan eskaini didate debate bat ez dakit zein mediku lodifoborekin. Baina ez daude bi ikuspuntu honen inguruan: batetik, diskriminazioa sufritzen duen pertsona dago; bestetik, diskriminazio hori eragiten duena», nabarmendu du Piñeyrok.
Lodiei entzun, eta ahotsa eman. Eta haien lana erabiliz gero, iturria aipatu.
Ez lotu lodiak bizi ohitura ez-osasuntsuekin. Ez tematu dietaren kulturarekin, eta osasun integralaz hitz egin, aintzat hartuta hala osasun fisikoa nola mentala eta soziala.