Joareek dilin-dalan egin,eta has dadila inauteria. Hazparneko (Lapurdi) karriketan barna abiatu da desfilea txistularien doinuei segika, joaldunak buru. Zirtzilak, zakuzaharrak, eta dantzariak ere hurbildu dira. Eta bada karro ikusgarririk ere: Izturitzekoen (Lapurdi) herensugea, eta Hazparneko Gaztetxeko kideen Ttattola Kinki karabana. Zanpantzarren azken ibilaldia, erre aitzin.
Atzo ospatu zituzten inauteriak Hazparnen, eta indar berezia egin dute aurten. Anitz urtez Eihartzea elkarteak antolatu izan du erritua, baina, segidarik ez izanagatik, gaztetxeko kideek, inguruko herrietako komiteek eta eskualdeko ikastoletako gurasoek hartu dute erreleboa. «Herria euskaraz biziarazteko» helburuarekin, Iulen Vrigon antolatzailearen hitzetan.
Kodeak, normak eta arauak urratzeko balio izan du egunak, eta mozorroak dira, hain zuzen, hori irudikatzeko maneretariko bat. Hirukote batek, adibidez, Pirritxen, Porrotxen eta Marimototsen itxura hartu du; haur batek, sorginarena; beste batek, piratarena. Bada ere Zuberoako maskaradetatik eskapatu eta Pitxu pertsonaiaren jantzia hartu duena.
Orotariko mozorroak ibili ziren karriketan, zanpantzarren karroari «Uha! Uha!» oihuka. Zanpantzar baita gaitz guztien erruduna, hura irudikatzeko paperezko eta kartoizko panpina erraldoiak maskara bat zuen soinean. Eta bizkar gainean, munduko min guztiak irudikatzeko pegatinak, tartean Pfizer enpresaren logoa, Frantziako telebista kateena, eta Lur Berri enpresarena.
Herri erdian geldialdia egin zuen tropak, eta Elgar Oinka taldeko dantzari gazteek jauziak ere eman zituzten, zanpantzar inguratuz.
Auzia, bertsotan
Herrian barna, hala, zanpantzar erakutsi zuten, herritarrak jabe daitezen haren gaitz guziez, auziaren tenorea jin artean. Desfilea finitzean, plazaren erdian utzi zuten gaizkilea, eta azken dantzak eman zituzten haren inguruan. Urteko arazoak uxatzeko erritua egin dute, baina antolatzaileak usaiako eredutik pixka bat urrundu dira. Auzia ez dute antzerkian egin, ohituran bezala. Izan ere, bi bertsolari arduratu dira auzia egiteaz: Aitor Servier Etxexuri, eta Josu Txoperena Iribarren. Mikroa hartu, eta epaileen lana egin dute.
«Jaso behar du azkar herriaren epaia», bota zuen Txoperena Iribarrenek, hasteko. Pandemiaren erantzule nagusi izendatu zuten ondotik zanpantzar. Galdetu zuten: «Zanpantzar bera ez al zen izan COVIDa sortu zuena?».
Iragan astean Bakegileek Baionan antolatutako desobedientzia ekintza ere ekarri zuten gogora. Frantziako Polizia andana bildu zen orduan, eta hori bera egotzi diote zanpantzarri. «Pantzarrek aitzinetik salatu gintuen», bururatu zuen bertsoaldia Servierrek. Eta erru are handiagoa bota zion Txoperena Iribarrenek: «Presoak berak zituen sartu barrura». Servier Etxexurik kondena proposamena ere egin zuen: «Bera sartuko nuke Lannemezanera».
Etxebizitzaren krisiaren erantzule nagusitzat ere jo zuten gaizkilea. Hazparnen, gainera, etxe huts bat okupatu zuten gaztetxeko kideek iaz, baina Frantziako Poliziak kanporatu zituen. Epaile-bertsolariek gertatu zen manera«zurruna» leporatu zioten zanpantzarri. Izan ere, aste batzuez etxea okupaturik, astelehen goiz batez, goizeko seietan kanporatu zituzten. Zanpantzarri Miarritzen (Lapurdi) hiru bigarren etxebizitzaren jabe izatea ere leporatu zioten. Eta proposatu zuten hura erretzeaz gain, haren etxeak ere erretzea.
«Sua! Sua!», eta «zanpantzar erre!» oihuen artean, ondotik, herriak bere epaia eman zuen aho batez. Berehala eman zioten su zanpantzar irudikatzeko panpinari. Kearekin batean uxatu dira aurtengo gaitzak.
ATZEKOZ AURRERA
Gaitzak uxatzeko balio du suak
Udaberria hartzeko prest da Hazparneko herria. Inauteriak egin dituzte, Gaztetxeko kideek, inguruko komiteek eta ikastolako gurasoek antolaturik. Zanpantzarri su eman diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu