Gaiteroak Iruñeko udaletxetik ateratzen diren unea islatzen duen afixak iragarriko ditu Iruñeko aurtengo sanferminak. Angel Blanco Egoskozabal da afixaren egilea; 2009an ere haren afixa batek irabazi zuen saria. «Gaiteroak ez dut uste askotan agertu izan direnik Iruñeko sanferminak iragartzeko irudietan, eta niretzat indar handiko unea da». Teknikari dagokionez, «organikoa» erabili du, «pinturatik gertu dagoena. Pasioa, festa, algara... islatzeko teknikarik egokiena horixe zela iruditu zitzaidan», azaldu du egileak berak.
Joseba Asiron Iruñeko alkateak jakinarazi du 10.018 boto jaso dituztela denera —iaz baino %60 gehiago—, horietatik %64,4 Internet bidez; 3.333 boto jaso ditu afixa irabazleak. «Hauxe da munduari itzulia emango dion kartela». Bi hilabete baino gutxiago falta dira Iruñeko sanferminetarako, eta «atzerako kontaketaren azken tartean» sartu direla gogoratu du alkateak. Eskerrak eman dizkie hautaketa lanetan aritu direnei eta aurkeztu diren 635 afixa egileei. «Aurreko 30 urteetako kopururik handiena da». Asironek zorionak eman dizkie iruindar guztiei, «prozesu parte hartzaile hau indartzeagatik».