Gainditzeko dauden pantailak

Jokoteknia euskarazko bideo jokoen lehen jardunaldia hartuko du Bilbok gaur. Hitzaldiak eta mahai inguru bat dira izango dira, Azkue Fundazioak eta Game Erauntsiak antolatuta

Azkue Fundazioko Iurdana Akasuso eta Game Erauntsiako Urtzi Odriozola, jardunaldiaren aurkezpenean, apirilean. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2018ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
«Iritsi da momentu bat ikusteko zer egoeratan gauden. Badauzkagu zantzu batzuk, baina mundu honetan dabilen jendearen ikuspegia entzun nahi genuke. Diagnostiko txiki bat egin, ea nola dagoen bideojokogintza EuskalHerrian eta, horren barruan, nola dagoen euskarazko bideojokogintza». Horretarako sortu dute Jokoteknia, euskarazko bideo jokoen lehen jardunaldia. Elkarlanean sortu dute Azkue Fundazioak eta Game Erauntsiak, eta sektore hori nola dagoen aztertzen emango dute gaurko goiza, ordu erdiko hitzaldi laburren katean, Bilboko Azkuna Zentroan.

Egoerak biltzea eta eztabaida zabaltzea eskatzen du, Urtzi Odriozola Game Erauntsiako kidearen ustetan: «Euskaraz ez dago ia ezer. Dena egiteko dago oraindik. Hori plazaratu nahi dugu, eta ikusi zer aukera dauden hor. Eta ea zerbait martxan jartzen dugun». Euskarazko bideo jokoen garatzaileak, ikerlariak eta ikasleak batuko dira gaur horretarako. Aurreneko aldia izango da, Odriozolak gogoratu duenez; izan ere, esan du Euskal Herrian egiten diren bideo jokoen gainontzeko egitasmoak —Fun & Serious Game Festival eta AzPlay, kasurako— «oso erdaldunak» direla. «Guk kontrapuntu hori jarri nahi dugu, euskarazko industria bultzatzeko».

Hizkuntza gutxituetan ere

Odriozolak euskarazko 25 bideo joko ditu zenbatuta denera. «Zerrenda ez da luzea», dio. Azkenengo seiak eurek euren borondatez itzuliak dira, eta hori egoeraren ispilu da harentzat. Era berean, aitortu du zailtasunak izan dituztela Jokotekniarako hizlari euskaldunak lotzeko, eta hori berori ere egoeraren erakusgarri dela.

Publiko orokorrak euskarazko bideo jokoak zenbateraino ezagutzen dituen: hori da beste arazo bat Odriozolarentzat. Euskaraz dauden jokoak gehiago ezagutarazteko, Game Erauntsiako kideak Gamer gela deituriko tailerrak egiten hasi dira berriki, herriz herri. «Konturatu gara gazteek ez dituztela jokook ezagutzen, baina ez zaiela arraroa egiten euskaraz egotea». Azkenaldian boladan dagoen joko bat aipatu du: ARK Survival. «Komertziala da, ez software librekoa, baina gure borondatez itzuli genuen, estrategikoa iruditzen zitzaigulako. Ume guztiek jolasten dute, baina gazteleraz. Euskarazkoa hartzen dutenean, ez zaie arraroa egiten; berdin-berdin jolasten dute. Inongo arazorik gabe egokitzen dira terminologiara».

Carlos Coronadok bideo jokoak sortzetik ateratzen du bizimodua. Kataluniarra da, Pantumaca etxeko bideo-joko garatzailea, eta Jokoteknian izango da gaur. Bideo jokoen eremuan hizkuntza gutxituak sustatzearen garrantziaz ariko da, Infernium jokoa oinarri hartuta; berak sortu du, eta gaztelerara, euskarara eta galizierara itzulita dago. «Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko jendea ahalmen ekonomikoa duen jendea da, eta hain bideo joko gutxi dituzte euren hizkuntzan, ezen, daudenean, komunitateak oso ondo erantzuten baitu». Adibide bat jarri du: eurek sortutako bideo joko bati boikota egitera deitzen zuten iruzkinak zabaldu ziren sarean, «katalan usaina zuelako alde guztietatik». Azaldu du «bideo jokoen zaleen komunitate kataluniarrak» defentsara jo zuela, horren aurka, eta asko igarri zutela salmentetan. «Horretaz aparte, hizkuntza gutxituak gehitzean, kopia gehiago lor daitezke, baita publiko jakin baten interesa ere», azaldu du.

Coronadok aldarrikatzen du askotariko onurak dituela bideo jokoak norbere hizkuntzan izateak: «Hasteko, ilusioa egiten du jokoa zure hizkuntzan egoteak. Baina, askok uste dutenaren kontrara, katalanera edo euskarara itzultzeak ere ekar ditzake onura ekonomikoak». Dena dela, ohartarazi du jokalari gehienak ingeles hiztunak direla bideo jokoaren industrian. «Inork ez dezala espero euskara hutseko industria bat bideo jokoetan. Baina hizkuntza gutxituena bateragarria da industria handiekin; eskuragarritasun eta komunitate kontua da».

Sei hitzaldiren ostean, lau ikasleren arteko mahai inguru batekin itxiko dute jardunaldia. Odriozolak adierazi du bideo jokoen ikasle askok joera handia dutela kanpora joateko, eta atzerriko eta bertako ekoizpenaren artekoaz eztabaidatuko dute. «Bideo-jokogintzan eta, zergatik ez, euskalgintzan interesa duen ororentzat irekia da; izan ikasle, garatzaile, kazetari edo jokalari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.