Ezarian. Zientzia. Maria Pascual de Zulueta. Gaiker IK4ko biologoa

«Gai berriak dira nanogaiak, baina ez arriskutsuak berez»

'In vitro'-ko nanotoxikologian munduko zentro aurreratuenetakoa da Gaiker IK4. Maria Pascual de Zulueta biologoak dio, nanogaiak ez dutela zertan arriskutsuak izan. Neurri asko hartzen dira, hala ere.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi nazioarteko zientzialari anitz elkartu ziren Zamudioko parke teknologikoan Gaiker IK4k duen egoitzan, IVTIP In Vitro Testing Industrial Platform taldearen barruan izandako azken aurrerakuntzak aztertzeko. Nanoteknologia alor askotan erabiltzen da jada: eraikuntzan, oihalgintzan, farmazia alorrean, eta abar. Nanotoxikologian aurrerapausoak ematea behar-beharrezkoa da, beraz.

Nanoteknologiak aurrerakuntza itzelak ekar ditzake eta ekartzen ari da hainbat alorretan jada, baina haren aurkako ahotsak ez dira falta; besteak beste oso arriskutsua izan daitekeela diote. Zer diozu zuk?

Ez nanoteknologia, ez nanogaiak ez dira arriskutsuak berez. Gai berriak dira, hori bai; nanopartikula batek bere neurriarengatik bere ezaugarri fisiko eta kimikoak aldatzen ditu. Substantzia berak beste jarrera bat dauka makroeskalan. Beraz, substantzia berriak ditugu, gai berriak; ez dira arriskutsuak desberdinak direlako.

Ezagutzen ditugun arau fisiko eta kimikoek ez dute balio nanoeskalan, ordea. Hori ez al da kezkagarria zenbait nanogairen ikerkuntzan?

Nanogaien segurtasuna ebaluatu beharra dago, baina nanogai izateagatik ez dira arriskutsuagoak edo seguruagoak izango. Gerta daiteke makroeskalan toxikoa dena nanoeskalan toxiko izateari uztea, eta alderantziz ere bai, gaiek euren propietateak aldatzen baitituzte eskala batetik bestera. Dakiguna da nanogaiak desberdinak direla, eta makroeskalan daudenean gai horiei buruz dugun ezagutzarekin soilik ezin dugula iragarri zer-nolako jarrera izango duten nanogai bihurtzen direnean.

In vitro ikerkuntza lehenesten ari zarete Gaikerren, in vivo ahal den heinean baztertuz. Zer-nolako abantailak ditu in vitro-ko nanotoxikologiak?

Zelulen hazkuntzaren bidez egin daiteke in vitro ikerkuntza, edo saio tutuen bidez, molekulekin, eta ez organismo bizidunekin. Guk proposatzen duguna da animalien erabilera alde batera uzten duen ikerkuntza metodoa. Nahi duguna da animalien erabilera arrazionalizatu, ahal den heinean saihestu.

Bistan da metodo horiek onurak dituztela, lehenik eta behin animalientzat. Badituzte onura gehiago?

Eredu sinpleago batekin lan egiten da, eta horrek ahalbidetzen du ondorioak azkarrago ateratzea, saio gehiago egin daitezkeelako. Molekula desberdin asko dosi desberdin askorekin azter daitezke, eta horrek ikerkuntza azkartu eta merkatu egiten du. Bestalde, produktu jakin baten ikerketak benetako animaliekin probatzea eskatuko du aurrera doan heinean, adibidez botiken kasuan, baina animalien erabilera asko gutxituko da nolanahi ere.

In vitro-ko nanotoxikologiak segurtasun neurriak eskatzen ditu. Izan ere, ingurumenari eta giza osasunari kalte egin diezaieke. Nolako segurtasun neurriak dituzue?

Ingurumenari nekez egin diezaiokegu kalte, Gaikerren moduko azpiegiturak baldin badaude. Kanpoalderako isuririk ezin da gertatu Gaikerren, behar diren neurri guztiak ditugulako: laborategi seguruak nanogaiak ikertzeko, sistema itxiak aire sarrerarentzat eta ikerlarien babes neurriak. Dena den, manipulatzen ditugun nanogaiak ez dira toxikoak disolbaturik daudenean; baina oso teknologia berriarekin gabiltzan neurrian babes guztiak hartzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.