Egiaz eta begiaz

Gabriel Arestiren Ablitasko Lopez

Polemikoa ei zen Gabriel Aresti. Haatik, beti bera ote zen supiztaile? 1972ko hartan, poeta jendaurrean mintzo, gogor oldartu zitzaion Daniel Lopez Moreno gaztea...

Daniel Lopez Moreno, Tuterako bere etxean, liburu bat irakurtzen. ZALDI ERO
Daniel Lopez Moreno, Tuterako bere etxean, 'Ablitas-ko Lopez-i' poema irakurtzen. ZALDI ERO
Miel Anjel Elustondo
Tutera
2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Gabriel Arestiren poema da: Ablitas-ko Lopez-i. 1976an Kriseiluren Gabriel Arestiren poemak lanean ikusi zuen argia, eta berdin irakurri dugu orain haren literatura biltzen duen Susa etxearen bildumako bosgarren alean: Poesia argitaragabea. Azken poesia. Poemak datarik ez du, ezin jakin genezakeen noizkoa den, zuzen, guretik kanpoko berriemaile noble bat tartean izan ez balitz: Manuel Maria poeta galegoa (Outeiro de Rei, 1929 – Coruña, 2004).

Manuel Maria, Gabriel Aresti

Orain baino lehen idatzia denez, Manuel Mariak Suso Veiga Buxan gaztearen bitartez ezagutu zuen Gabriel Arestiren poesia. Buxanek Harri eta Herri liburua utzi zion Mariari, esanez egilea oso poeta ona zela. Liburua irakurri, eta irakurri zuenaz zinez harriturik, gutuna idatzi zion Manuel Mariak Arestiri, bere lan bi ere bidaliz: Canciós do lusco ó fusco eta Documentos personaes. Dakigunez, Arestik 1969ko maiatzaren 7an erantzun zion Mariari. Beren adiskidetasunaren hasiera izan zuten, eta handik hiru urtera, 1972ko maiatzean, Bilbon zen Manuel Maria. Halaxe kontatu zuten Xurxo Martinez Crespok eta Raul Rio Diazek Gabriel Aresti / Manuel Maria, Galegos en Bizkaia - Galiziarrak Bizkaian liburuan (Fesga, Ipar-Hegoa, 2007).

Manuel Maria Frantzian izan zen, Bretainian eta Nanterren, Canciós do lusco ó fusco-ren frantsesezko itzulpena aurkezten. Ondoan izan zituen Saleta Goi emaztea eta Lois Dieguez idazlea. Harako bidean, Hazparnetik igaro, eta Francis Jammesen hilobia bisitatu zuten. Itzuleran, berriz, Bilbon gelditu ziren. Aresti ikusi nahi zuten...

Bazuten helbidea, eta etxera joan zitzaizkion. «Manuel Mariak kontatu ohi zuenez, Saleta eta Loisekin batera joan zen Alcazar de Toledo kaleko [Kirikiño da orain] 46. zenbakira, Arestiren etxera. Txirrina jo eta Melik [Esteban, Arestiren andrea] atea ireki zuenean, galdetu zion: ‘Hemen bizi al da Gabriel Aresti jauna?’. Melik, nahiz aurretik Manuel Maria inoiz ez ikusi, eta Bilbora zetorrela ere ez zekien, erantzun zion: ‘Zu Manuel Maria zara, ezta?’. Manuel Maria erabat harrituta geratu zen Meliren intuizioaz». Raul Rio Diazek idatzia da.

«EAJko militante batek esan zion ez zuela balio, ez poeta gisa, ez euskaldun gisa».

MANUEL MARIAPoeta galegoa

Urte berean, Bilbora gonbidatu zuen Arestik Manuel Maria, zenbait egunetako. Astebeteren bat-edo egin omen zuen idazle galegoak Bizkaian. Gisa denez, Arestik Bilbo eta inguruak erakutsi zizkion Mariari, bai eta galiziarren komunitateen gunerik sendoenak ere. Hitzaldiak eta errezitaldiak egin zituzten han eta hemen, bateko zentro galegoan, besteko Galiziaren etxean, eta zenbait parrokiatako lokaletan. «Azken emanaldia Deustuko Unibertsitateko paraninfoan egin zuten, eta Manuel Mariak esan zidanez [Raul Rio Diaz da mintzo], Oskorri taldeko Natxo de Felipek grabatu egin zuen hitzaldi hura [baina de Felipek ezetz dio]. Bi hizlariek nazio bakoitzak zituen kultur arazoak azaldu zituzten, eta tentsioa sortu zen. Arestik EAJko jendearen erasoak jaso zituen. Eztabaidan, EAJko militante batek esan zion ez zuela balio, ez poeta gisa, ez euskaldun gisa». Zaputza hartu zuen Arestik, eta triste eta zaputzean egon zen Manuel Maria bera ere.

Hurrena, ez zuela balio ez poeta, ez euskaldun, esan zionaren berri eman zioten Arestiri, salatu zioten haren izena.

—Lopez dik deitura –esan zuen lehen oroitarazleak, haserre.

—Daniel Lopez –osatu zuen bigarrenak, gosez.

—Ablitaskoa duk, Erriberakoa –zehaztu zuen hirugarrenak, minez.

Eta Gabriel Arestik poema idatzi: Ablitas-ko Lopez-i.

Daniel Lopez Moreno, 'Ablitasko Lopez-i' poema irakurtzen. ZALDI ERO

Herri honek ez nau ni

kantore:

maradikatu nau.

Ene kanta-gaiez aspertu da;

eta ukatzen nau.

Ez du maite

ene asteleguna,

(hasarrea,

gosea,

mina.)

Jaiak nahi ditu

(kontentua,

asea,

boza)…

(ID_17116226951235) Ablitasko Lopez-i poema.
'Ablitasko Lopez-i' poema. ZALDI ERO

Ablitasko Lopez

Gabriel Arestiren Ablitasko Lopez –Arestiri salatu zioten hura, bestela esanda, ez baitzuten batak bestea ezagutzen–, Daniel Lopez Moreno da, 1948an Ablitasen sortua, bizia Bilbon eta Lizarran egina, aspaldi Tuteran bizi dena. 1972an, Mariak eta Arestik hitzaldia egin zuten urtean, jesuita gazte zen, Teologia ikasketak egiten ari zen Deustun bertan.

Oroitarazle ari zaigu bera ere... «Bai, gogoan dut hitzaldia. Deustuko Paraninfoan. Jende asko zen, beteta egongo zen, zeren ni alboko korridoreetako batean egon nintzen, lurrean jarrita. Galiziako eta Euskal Herriko kulturen eta hizkuntzen egoerari buruzko hitzaldia izan zen. Nik kontraesanak-edo ikusi uste izan nituen Arestiren hitzetan. Adibidez, hasi zen esaten hemen, Euskal Herrian, ez zegoela zapalkuntzarik. Gaztelan, aldiz, bai, eta Gaztelako gosea eta pobrezia aipatu zituen». Lopez Moreno ez zen ados. «Arestik Euskal Herriaren zapalkuntza saihestu zuen, eta zer edo zer esan nion. Bazitekeela poeta ona izatea, baina euskaldun bezala ez zuela balio». Hitza hartu zuela eta, aski urduri, halakoren bat esan ziola uste du.

(ID_17116226446925) Daniel Lopez Moreno.
Daniel Lopez Moreno, Tuterako bere etxean. ZALDI ERO

Ablitasko Lopezek gordeak ditu Gabriel Arestiren heriotzaren 25. urteurreneko zenbait prentsa-ebaki, eta hantxe irakurri du, Manuel Mariaren hitzetan, «ez zuela piperrik balio» esan ziola Arestiri. «Ez dakit juxtu zer esan nion, poeta gisa ez zuela balio ez nion esango. Oso gogorra iruditzen zait hori esatea. Hala ere, nik esan nuena ez zitzaion Arestiri gustatu eta, poema irakurrita, bistan dago ez nintzela bere gustukoa gertatu». Eta zehaztapen bat gehiago egin digu, Manuel Mariak esanak delako prentsa-ebakian berriz irakurrita: «bere burua EAJkotzat jo zuen gizon batek...». Lopez Morenok ukatu egin digu bera EAJkoa zenik. «Gezurra!», dio, hinki-hankarik gabe. Eta, bestalde, oroit da hantxe zirela Jon Juaristi eta Ignazio Larunbe, Deustuko Euskal Kultur Taldekoak, eta ELAko zenbait kide nabarmen.

Daniel Lopez Moreno

Poliki-poliki, orduko oroitzak aletzen ari da Ablitasko Lopez. «Jesuita nintzen, Loiola probintziakoa. Garai hartan, Loiolak Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia biltzen zituen. Kontua da zenbait lagun batu ginela, Euskal Herriaren zerbitzari jokatu behar genuela konbentzituta. Horretarako, bertako hizkuntza jakin behar genuen. Hemen lan egin behar bagenuen, euskaraz jakin behar genuen. Ez al dago garbi? Gure artean batzuek bazekiten euskaraz, baina beste batzuek ez, eta ikasten hasi ginen». Loiolatik Deustura jo zuten Teologia ikastera. Ez zuten komentuko hormatzar artean bizi nahi, ordea, eta beren aita probintzialarekin hitz egin zuten, Roman Garaterekin. Santutxun jarri ziren bizitzen, Zabalbide kaleko 56an. Hantxe izan ziren Patxi Goenaga, Txema Auzmendi, Josema Añon, Manu Barrenetxea, Natxo Mendialdua eta Dani Lopez Moreno bera, Jesusa Lasuen leioaztarra etxekoandre zutela, eta Garate, berriz, arduradun. Horiek ikasketak burutu zituztenean, bigarren labealdia jaso zuen Zabalbideko etxe hark...

Ablitasko Lopezi dagokionez, 1969an hasi zen euskaraz ikasten, Bilbon, Teologiako lehen urtea amaituta. «Nire lehen irakaslea Patxi Goenaga izan zen, orain euskaltzaina, eta lehen ikastaldia, berriz, Deustuko lehen uda ikastaroa izan nuen. Lazkaoko Maria Isabel Aldasoro izan genuen irakasle, eta Patxi Altuna ere etortzen zitzaigun, astean behin-edo, zer-nori-nork aditz paradigmak-eta azaltzera». Izan ere, Altunaren Euskara, hire laguna! metodoa erabiltzen zuten.

«Ez dakit juxtu zer esan nion, poeta gisa ez zuela balio ez nion esango».

DANIEL LOPEZ MORENO'Ablitasko Lopez'

Bigarren ikastarorik egin zuen Lopez Morenok, 1971n. «Bigarrena, eta azkena! Zizur Txikian, Euskaltzaindiak antolatuta. Bernardo Jauregi izan nuen irakasle. Ikastaro hura egin eta ‘Basarteko Unibertsitatera’ joan nintzen, Azpeitiko Odriozolatxo baserrira». Harrezkero, «euskaldunekin beti euskaraz eginez» egin du bidea. «Eta, gero, artean Teologia ikasten ari ginela, eta euskaraz ere ikasten ari ginela, euskaraz irakasten jarri gintuzten!», esan digu Lopez Morenok.

Hain juxtu, Teologiako bigarren urtea egiten ari zen, Deustun bertan, 1972ko hartan, Aresti eta Maria unibertsitateko paraninfoan izan zirenean. «Gogoratzen naiz, bai, ekitaldi hartaz. Eta gogoratzen naiz beste hitzaldi bat, [Federiko] Krutwigi aditu niona. Benetako animalia zen Krutwig. ‘Animalia’, adiera onean», zehaztu nahi izan du.

Giroari zor, eta garaiari, hortxe Daniel Lopez Morenok Gabriel Arestiri esana, Manuel Maria poeta galegoa berriemaile: «EAJko militante batek esan zion ez zuela balio, ez poeta gisa, ez euskaldun gisa», edo, are «ez zuela piperrik balio»…

Daniel Lopez Morenoren hitz haiei bere moldera erantzun zien Gabriel Arestik eta, besteak beste, hamasei deitura euskaldun zituela erantzun zion; artean ez zekien kargu hartu zion gazteak Lopez eta Moreno zituela lehen bi deiturak...

Manuel Mariari ez zitzaion zaputza inoiz ahaztu, Aresti hil eta handik hogeita bost urtera ere akorduan baitzuen episodioa. Gaztearen oldar hura, eta paraninfoko tentsioa.

Daniel Lopez Moreno ez da Arestiren erantzunaz oroitzen, baina sekula betiko du gogoan gordea gertatu min hura.

Min erre hartatik poema eder egin zuen poetak: Ablitas-ko Lopez-i.

euskaldun berriekin euskaraz

«Gutariko askok, segurki, Ablitas herria non dagoen galdetuz gero, ez genekike erantzuten. Bertan jaiotakoen barkamenaz, hala ere, hori ez dela hain bekatu larria esan genezake: izan ere, Ablitas Nafarroako herrixka bat da. Egon, Tutera baino beherago dago, Nafarroaren hegoaldeko mugan bertan. Eta batzuei munduaren azken herria edo, jatorrago esanik, lekutako amaren etxea irudi dakiekeen herri horretan ere, Daniel adiskideak berreskuraturik, Aitorren boz zaharra itzarria da berriro. Ez datza lo, ez, dakusagunez, nafarren arraza, eta herribeherakoa are guttiago, gainera.

Daniel Lopez Moreno 1948ko otsailaren 23an jaio zen Ablitasen (Nafarroa). Batxileratoa eta Teologia estudioak bukatuak ditu eta orain Historia ikasten ari da Deustuan. Haren etxean, pentsatzekoa denez, ez zekien inork euskararik.

—Noiz eta zergatik hasi hintzen euskara ikasten?...».

(Euskaldun berriekin euskaraz, Askoren artean, Cinsa, 1975).

'ABLITASKO LOPEZ-I'

Herri honek ez nau ni
kantore:
maradikatu nau.
Ene kanta-gaiez aspertu da;
eta ukatzen nau.
Ez du maite
ene asteleguna,
(hasarrea,
gosea,
mina.)
Jaiak nahi ditu
(kontentua,
asea,
boza).
Poeta garbiagoak behar ditu:
Aipa dezadan bat:
Ahaide bat.
Aipa ditzadan bia:
Usurbilgo harakina eta Urnietako okina.
Aipa ditzadan hiru:
Ehun fraile.
Aipa ditzadan lau:
Mila apaiz.
Aipa ditzadan bost:
ponga algo suyo y algo de Knörr.


(Gabriel Aresti. 5: Poesia argitaragabe. Azken poesia. Susa, 1986)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.