Gabonetarako girotzen

Bilbon, Baionan eta Iruñean jadanik zabalik daude Eguberrietako merkatuak. Bilbok Erdi Aroko kutsua izango du asteburu honetan

Baionan, Reduit plazako merkatua abenduaren 31ra arte egongo da zabalik. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nagore Rodriguez.
2017ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Gabonetarako geroz eta gutxiago falta da, eta Euskal Herriko zenbait hiritan hasiak dira ordurako giroa berotzen; Bilbon, Baionan eta Iruñean, esaterako, martxan daude jada Eguberrietako merkatuak. Geroago irekiko dituzte Gasteizen eta Donostian.

Bilbon, Erdi Arora egingo dute jauzi asteburu honetan, Gabonetako Erdi Aroko azokan. Igandera bitartean, azokaz gainera, ekitaldi ugari antolatu dituzte, Erriberako merkatuan, San Antonen eta Marzana moilan. Besteak beste, falkoneria erakustaldiak, suarekin egindako ikuskizunak, Erdi Aroko musika kontzertuak, antzezlanak eta 75 postuko azoka egongo dira.

Gaur eta bihar, goizean eta arratsaldean, haurren txokoa irekita egongo da, eta ipuinak kontatuko dituzte, euskaraz. Horretaz gain, musika, txotxongiloak eta hainbat antzezlan ikusteko aukera egongo da, 11:00etatik 21:00etara, bi egunetan.

Baionan ere abiatuak dituzte ospakizunak atzotik, eta urtarrilaren 7ra arte luzatuko dira. Eguberriko merkatua Reduit plazan izango da; noria handia, Askatasunaren plazan; eta haurrentzako animazioak, Errepublika plazan.

Baionan, Olentzero 23an

Aurten, berrikuntza gisa, 17 metroko izeia jarri dute Baionan, azpian zaldiko-maldikoa duena; bereziki Baionarako egin dute, gainera. Reduit plazako karruselaren ondoan dago.

Iazko arrakasta ikusita, aurten ere, abenduko lehen hiru larunbatetan su festen lehiaketajokatuko da; eta aurten ere, linternak askatuko dituzte, hilaren 16an.

Olentzero hilaren 23an iritsiko da Baionara; itsasontziz iritsiko da, hain zuzen ere, Xaho kaiara. Arratsaldean, berriz, San Izpiritu auzora joango da. Urteko azken egunean, Baionan Kantuzekoek alaituko dituzte karrikak, euskal abestiak kantatuz.

Iruñean ere, hainbat ekitaldi prestatu dituzte Gabonak iraun bitartean. Zezen plazan irekita dago jada Gabonetako azoka, eta urtarrilaren 7ra bitartean bisitatu ahal izango da.

Goiz eta arratsaldez egongo da irekita egunero, asteburuak barne. Gainera, Eguberri egunean ere irekiko dute, baina ohi baino beranduago; 12:00etan zabalduko dute. Goiz eta arratsaldez egongo da irekita egun horretan ere.

San Nicolas eta Gabona kolektiboek ekitaldi ugari antolatu dituzte azoka garairako. Besteak beste, hilaren 12an eta 26an magia ikuskizuna emango du Bosco magoak, 18:00etan.

Donostian, hilaren 15ean irekiko du Gabonetako eskulangintza azoka Lur Kolektiboak, eta urtarrilaren 5era arte izango da zabalik, Urdaneta kalean. Gasteizen, berriz, Eguberriak baino hamar bat egun lehenago irekiko dute.

Gabonetako azokak



Bilbon, asteburuan; Baionan, hilaren 31 arte; eta Iruñean, urtarrilaren 7ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.