Gabon gaua eta eguna heldu zaizkigu, eta, haren eskutik, bizitzaren eta urteen erritmo ezaguna, urtero eta txikitatik ezagutzen dugun zikloa osatzen: urte bukaerako oporrak, eskola orduetakoak eta neguko etenaldia. Gaur eta bihar gure artean erlijio, familia eta lagunen arteko ospakizunak edonon izango dira. Segur aski aurreko egunetan eta gaurkoan gure erritmoa bizkortuko da, ez bakarrik fisikoki (leku batetik besterako lasterketak, familia, lankide eta lagunen arteko topaketak, konpromisoak eta horrez gain gure gorputzak liseritu behar dituen bazkariak eta edariak ...), baita barruko erritmoa ere: ilusioa, oroitzapenak, betebeharren pisua, poza, kezka, erabakiak, eta abar.
Lan handia urte bukaerarako, benetan.
Bizitza lan egitea da izatez, baina ez beharra esanahiaz, edota dirua eta soldata irabazteko esanahiaz. Bizitzean gozatu, pentsatu, aukeratu, sentitu, sufritu, aldendu, hasi, bukatu eta milaka lan sortzen ditugu. Bizitzea aldaketan datza, eta edonon daude erabakiak, zalantzak eta aukerak: familietan, lanean, bikotean, bakoitzaren balioetan... Aipatzen dugun lan hori gehienetan barrukoa da, eta ez da kanpotik ikusten (oroitzapen batek ekartzen digun maitasun sentimendua adibidez), eta beste batzuetan harremanetan sortzen diren tirabiretan agerian geratzen da: borroketan, elkarri txarto ulertzerakoan, isiltasunetan.....
Hori guztia kontuan hartuta, Gabonak tranpa psikologikoak sortzen dituela gogoratu nahi dizuegu gaurkoan. Bai bakoitzaren barnean bai harremanetan.
Nola tranpak? Gure gizarteak egun hauetako poztasuna goraipatzen baitu batez ere topikoetan, irratian, telebistan zein prentsan; eta sarritan, helburu komertzialei lotuta. Irudietan zein hitzetan antzematen dugun errealitate perfektua eta bakoitzarena ez datoz bat. Bakoitzarenbizitzan beti arazoren bat dago: arazo ekonomikoak, pertsonalak, lanekoak, bikotean gatazkak, bikoterik eza, familia arteko borrokak, norbaiten galera...
Eta gure errealitatea saltzen diguten errealitate perfektu huts horrekin konparatzen badugu (denok barrez eta pozik, eta ni ez naiz horrela sentitzen, denok bikotean eta ni ez, denok lasai eta ni saminez...) tranpa psikologikoan eroriko gara, irtenbiderik gabeko tranpan.
Gabonetan bakoitza bere erara, gozatu, eta aldendu konparaketetatik!
Osasuna. Aro berriak. Psikologia
Gabonetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu